EKFBk eta Emakundek “Maskulinitateak, Berdintasuna eta Kirola” ekimena abiarazi dute, Gizonduz programaren bitartez, kirol-klubetako kideak eta aisialdiko begiraleak berdintasunaren arloan formatzeko.
Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) eta Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, “Maskulinitateak, Berdintasuna eta Kirola” ekimena abian jarri dute, Gizonduz proiektuaren barruan, kirol-entrenatzaileak, aisialdiko begirale eta irakasleak eta, oro har, kirol-klubetako kideak Genero-Berdintasunaren arloan prestatzeko. Proiektu honek 8 helburu nagusi ditu: Kirolean eta eskola-kirolean berdintasunezko inguruneak eraikitzeko beharrari buruz kontzientziatzea; Kiroleko maskulinitateei eta horien jatorriari buruz hausnartzea; Norberaren eta besteen jokabide matxistak identifikatzea; Kirolean emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzen laguntzea; Berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko kirol-praktika eredu bat sustatzea eta eskaintzea; Praktikari atxikimendua emango dion kirol-esperientzia positibo bat eskaintzea; Talde kohesionatuagoak eta hobeak lortzea; eta Dagoen diskriminazioa eta indarkeria ezabatzea, ekosistema propioa hobetuz.
Ikastaroa apirilaren 15etik ekainaren 4ra egingo da, eta honako aditu hauek emango dute: Amets Castrejana (industria-sektorean esperientzia duen telekomunikazio-ingeniaria, gizarte-antropologoa eta ikerketa feministetan eta genero-ikasketetan ikertzailea EHUn), Ander Lertxundi (psikologoa eta sexologoa, 10 urteko esperientzia duena sexualitatean, hezkidetzan eta maskulinitatean terapian eta hezkuntzan) eta Sergio Fuente (psikologoa, gizon-taldeen dinamizatzailea 2017tik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunean masterra, esku-hartze psikosozialean esperientzia duena).
Prestakuntza euskaraz emango da eta 6 modulutan banatuta egongo da: 1. Sozializazio eta identitate maskulinoko prozesuak: kritika, aldaketak eta erresistentziak; 2. Estereotipoak eta gizontasuna kirol-jardunean; 3. Aniztasuna eta diskriminazioak kirolean; 4. Kirol lidergoa; 5. Hizkuntza eta sexismoa kirolean; 6. Praktika onak, asertibitatea eta lankidetza.
“Kirola erreferente eta sozializazio-ardatz garrantzitsua da gizon eta mutiko askorentzat. Kirol-mundu tradizionala oso maskulinizatuta dago, eta ereduak, erreferenteak eta praktikak ikuspegi matxista tradizionalean oinarritzen dira askotan. Berdintasunaren aldeko aldaketa azpimarratzeko, beharrezkoa da gaur egun kirolerakundeak entrenatzen eta antolatzen dituzten pertsonei prestakuntza ematea, kirolean inklusibitateari, aniztasunari eta berdintasunari buruzko balioak eta praktikak helarazteko gai izan daitezen”, azaldu dute antolakuntzatik.
Parte hartu nahi dutenek helbide honetan eman dezakete izena: https://elearning.formakunde.eus/login/index.php