Gure Prentsa-Buruak saria jaso du gaur goizean Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldi intimoan. Zorionak!!!
Naia Fernandez Veiga zuzendaritzako langilea
Kirolak, kasu honetan saskibaloiak, denbora eskaintzeko eta arduraz aritzeko prest dagoenarentzat garapen profesionaleko aukera ugari eskaintzen dituen adibide garbia dugu hau. 20 denboralditan baino gehiago jokatu du euskal saskibaloiko oinarrizko kategoria guztietan, eta bere garaipenen zerrendan nabarmentzen da Espainiako Unibertsitate Txapelketako txapeldun izatea, bai eta kadete nahiz junior kategorietan Estatuko txapeldunorde izatea ere. Era berean, 20 denboralditan aritu da entrenatzaile gisa zein kirol-zuzendari gisa, eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioko gizonezkoen selekzioko lehen hautatzailea da. Kazetaritzaren esparruan, hainbat komunikabidetan aritu da, bai eta Espainiako Saskibaloi Federazioan ere, non Europako txapelketei, olinpiadaren aurreko txapelketei eta erreginaren kopei buruzko albisteak eman baititu. Gaur egun Bizkaiko nahiz euskal saskibaloi-federazioetako prentsa-burua da.
Bizkaia Kirolak Sariak kirol-aitorpenerako ekitaldi bat da eta, horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, lurraldeko oinarrizko kirolean dagoen talentua eta kalitatea ikusarazi eta balioetsi nahi ditu. Hamabosgarren edizio honetan 2019.urtean lortutako kirol-merezimenduak hartu dira kontuan.
Unai Rementeriak Bizkaian kirolaren arloko pertsonek eta erakundeek egiten daben beharra goraipatu dau. “Egoera honegaz, egia esan, gatxa da edozer egitea. Zer esango dogu zuen jarduereari, kirol jarduereari, jagokonez. Baina arazoak gainditutearen adibidea be bada. Hobetuten jarraituteko errealidadera egokitzearen adibide bat. Bakoitza bere diziplinan. Baina arrakastan ez gara ahaleginagaz akordaten. Eta hori da azpimarratu gura dodan unea”. Ahaldun Nagusiak Bizkaia Kirolak Sarien finalistei gogorarazo gura izan deutsie “sariak zuen ekintzen ondorio dirala. Eta handiak zarie zuen diziplinetan zarienagaitik eta egiten dozuenagaitik”.
Bestalde, Lorea Bilbaok hauxe adierazo dau: “Inguruabarrak gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpen publikoa egin gura izan dau Bizkaian oinarrizko kirolak egin dauan eta une honeetan egiten dauan beharra eta ahalegina aintzatesteko. Finalera iritsi diran hautagaiak Bizkaiko kirol sistemearen ordezkaritza bikaina dira. Une oso latza pasaten dauan kirol-sistemea da baina seguru gaindituko dauala abagune hau, gaindituko dogula, Bizkaiko kirola osatzen daben pertsonek eta erakundeek daukien talentua eta energia kontuan hartuta”. Bilbaok, ostean, esan dau “guretzat funtsezkoa da oinarria sendoa eukitea talentu handiz betetako kirol-sare indartsua eregiteko; horregaitik da hain garrantzitsua gure lurraldean oinarrizko kirolak daukan mailea”. Amaituteko esan dau “Bizkaiko kirolak etorkizuna ziurtatuta daukala, gaur egun lorpen handiak ereiten zagozealako”.
Sarituen gaineko irizpena eman duen epaimahaiburua Lorea Bilbao diputatua da, eta honako hauek dira epaimahaikideak: Usue Zatika, Eusko Jaurlaritzako Kirolaren Zuzendaritzako teknikaria; Batirtze Ispizua, Gaztedi Sokatira Taldeko kirolaria; Kepa Rodriguez Mate, Bizkaiko Triatloi Federazioko presidentea; Paco Prieto, Bizkaiko Kirol Kazetarien Elkarteko kazetaria; Arantza Mardaras, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko teknikaria; eta Diana Nogales, Bilbo Futbol Salako kirolaria.