Andoni Lazkanoren neskak asteburu honetan garaipena lortu zuten bakarrak izan ziren. Denboraldiko 15.a eta hirugarren postua gipuzkoarrentzat. Lehian ziren gainerako taldeek (Kutxabank Araski, GDKO Ibaizabal eta HGB Ausarta Barakaldo) porrotak jaso zituzten.

EMAKUMEZKOEN ENDESA LIGA

VALENCIA BC 69 – KUTXABANK ARASKI 58

Asteburuko partida bakarran, Kutxabank Araskik galdu egin zuen bigarren postuan dagoen Valentziaren kantxan. Denboraldia amaitzeko sei jardunaldiren faltan, arabarrak berdinduta daude zortzigarren postuarekin.

Ruben Burgos-en neskek 8-2koarekin hasi zuten neurketa eta 10 puntuko aldeaz gozatu zuten atsedenaldira iristeko 4 minuturen faltan. Baina Kutxabank Araskik buelta eman zion 2-14ko partzial ikusgarriarekin, Laura Quevedoren saski bati esker bigarren zatiko lehen jokaldian (31-33). Etxekoen 8-0ekoa eta gasteiztarren erreakzio berria (43-45). Valentziaren hurrengo kolpea klabea izan zen: 18-4ekoa eta garaipena poltsikora.

LF2

HGB AUSARTA BARAKALDO 46 – CELTA ZORKA RECALVI 76

Partida oso zaila HGB Ausarta Barakaldorentzat, Celtaren aurka, eta bere jokalaririk onena den Uchendurik gabe. Etxekoek bisitarien lehen bultzadari eutsi zioten (9-16ko emaitza lehen laurdenaren amaieran).

Baina bigarrenean, errebote eta urruneko asmatzerik gabe, bizkaitarrek ez zuten aukerarik izan Igoera-Faserako postutetan dagoen talde galiziarraren aurrean. Cristina Canteroren neskek partida erabakita utzi zuten bigarren zatiaren hasieran.

GDKO IBAIZABAL 48 – OSÉS CONSTRUCCIÓN ARDOI 54

Azken txanpan erabaki zen partida, Julen Berrocalen neskek galdu egin zuten bigarren sailkatuaren aurka, 2020ko LF2 Euskal Koparen errepikapenean. Bizkaitarrek Igoera Fasetik 4 garaipenera daude.

Pribatutasun arrazoiengatik, YouTube zure baimena behar du kargatu ahal izateko
Onartzen dut

AZKOITIA AZPEITIA ISB 80 – ULLA OIL ROSALÍA 57

Denboraldiko 15. garaipena Andoni Lazkanoren neskentzat. Emaitzaz gain, gipuzkoarrek Plasencia Extremaduraren porrota aprobetxatu zuten bere aldea handitzeko Igoera Fasea jokatzeko borrokan.

Berdintasuneko 12 minuturen ondoren (21-22), etxekoak arinago ibili ziren: 10-0eko partziala atsedenaldira iristeko 12 puntuko aldearekin (40-28). Eta bigarren zatian, 14-4ekoa neurketaren amaiera erosoaz gozatzeko.