Asteburuan jokatutako Emakumezkoen Euskal Kopako txapeldun bihurtu da IDK Euskotren. IDK Euskotren aurtengo irabazlea da, lehenengo jardunaldian, Kutxabank Araski eta hirugarrenean berriz, Lointek Gernika garaitu zituen.
LEHENENGO JARDUNALDIA
Emakumezkoen Euskal Kopa IDK Euskotren eta Kutxabank Araskiren arteko partiduarekin hasi zen. Made Urietaren jokalarien hasiera onaren bitartez, markagailuan aurretik jarri ziren eta honekin batera, IDK Euskotrenek puntuak eskuratzeko zailtasunak izan zituen. Gipuzkoarrek bakarrik 4 puntu saskiratzea lortu zituzten partidako lehen 7 minutuetan. Beraz, talde arabarrak 9 puntuko abantailaz irabazten zihoan lehenengo laurdena bukatzerakoan.
Bigarren laurdenean berriz, alderantzizko rola izan zuten taldeek. Honetan berriz, Azu Muguruzaren jokalariek markagailua irauli egin zuten 18-3ko partzial baten bidez eta 6 puntuko abantaila eskuratuz. Kutxabank Araski ordea, martxan jarri zen berriro eta 0-8ko bidea egin zuten atsedenaldian markagailua 28-30 zegoelarik Made Urietak zuzentzen duen taldearen alde.
Hirugarren laurdenean Kutxabank Araskik bide berdina jarraituz, laurden osoan zehar irabazle mantendu zen.
Azken laurdena, arabarren 7 puntuko abantailarekin hasi zen. Azken laurdena hasi bezain laster, IDK Euskotrenek bi hiruko sartu zituzten ondoren etorriko zenaren berri emateko. Gipuzkoarrek azken laurdena 28-7 irabazi eta gero, markagailua irauli eta 72-58 irabaztea lortu zuten.
BIGARREN JARDUNALDIA
Jardunaldi honetan Lointek Gernika Bizkaia eta Kutxabank Araski neurtu ziren. Kutxabank Araski lehenengo laurdenaren erdialdera garaile zihoan, baina laurdena bukatzerakoan gernikarrek aurre hartu zuten markagailuan. Bigarren laurdenean, Kutxabank Araski hirukoetan nahiko fin ibili zen, laurden honetan 5 hiruko saskiratuz. Talde bizkaitarraren defentsari kanpoko jaurtiketen bidez aurre egiten zioten arabarrek, markagailua irauliz eta 8 puntuko aldea eskuratuz.
Anna Montañanak zuzendutako taldeak 2-10eko partzialarekin hasi zen hirugarren laurdenaren hasieran 38 puntutako berdinketara heltzeko. Talde gernikarrak maila altua erakusten zebilen, baita gasteiztarrak ere, baina azken hauek hirukoetan eraginkorrak izateagatik abantaila estu batekin bukatu zuten laurdena. Azken laurdena, Lointek Gernika Bizkaiaren bi hirukorekin hasi zen markagailuan berdinketa lortzeko. Made Urietaren jokalariek 0-10eko bidea lortu zuten amaitzeko 3 minutu falta zirelarik. Hala ere, gernikarrek ez zuten amore ematen eta saskiratze batzuen ostean partiduan bizirik zeudela argi utzi zuten. 66-64 Kutxabank Araski zegoen aurretik markagailuan partidua bukatzeko 8 segunduren faltan. Gernikarren aldeko bi jaurtiketa libre zituzten jaurtitzeko eta biak bihurtu zituzten partidua luzapenera bidaltzeko. Bi taldeen arteko saskiratzeen ondorioz, berdintasuna zen nagusi eta markagailuko liderra aldatzen zebilen momentu oro. Amaieran, Kutxabank Araski 74-73 aurretik zegoela, Lointek Gernikak baloia lapurtu eta sarrera bat huts egin zuen azkenengo segunduan. Beraz, Made Urietaren taldeak lortu zuen garaipena 74-73 norgehiagoka parekatu honetan.
HIRUGARREN JARDUNALDIA
Final bat ez izan arren, partidu honen irabazlea seguruenik, Emakumezkoen Euskal Kopako garaile bihurtuko zen. Azken partidu honetan IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaiak ikusten zuten elkar. Norgehiagokaren hasieran, IDK Euskotrenek hartu zuen partiduaren lekukoa baina Anna Montañanaren taldeak, bi gehi bateko, hiruko eta saskiratze baten bidez 8-0ko partziala hartu zuen irabazten joateko. Gipuzkoarrak erasoan zuzen zebiltzaten eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Baina oraingoan gernikarren aldeko 9-0ko hasierak, bigarren laurdenean, markagailua irauli egin zuen. Ondoren, bigarren laurdena nahiko berdintsua izan zen eta atsedenaldian Lointek Gernika Bizkaia zen irabazlea, 32-29.
Hirugarren laurdena erabat berdintsua izan zen. Hirugarren laurdena bukatzeko 3 minutu falta ziren eta Azu Muguruzaren taldeak 6 puntu sartu zituen jarraian 43-48 irabazten joateko. Azken laurdeneko erdialdera jada, IDK Euskotrenek 12 puntuko abantaila lortu zuen. Nahiz eta gernikarrek jaurtiketa libre eta kanpoko saskiratzeetan ondo aritu, IDK Euskotrenek markagailuan aurretik mantentzea lortu zuen momentu oro. Horrela, gipuzkoarrek denboraldi honetako Emakumezkoen Euskal Kopa irabaztea lortu dute.