MINI NESKEN SELEKZIOA


Apirilaren 1etik 5era Tarragonan eta Saloun ospatutako PlanetaMini2023an gure nesken mini selekzioak arrakasta handia izan zuen.

Gure neskek Espainiako laugarren postua eskuratu dute final laurdenetan Katalunia boteretsua kanpoan utzi ostean.

Nesken selekzioak Multzoen fase bikaina jokatu zuen garaipen erosoak eskuratuz, Extremadura 55-4, Melilla 55-3 eta Asturias 33-71. Modu horretan, multzoko lehenak geratu ostean, final-laurdenetarako txartela eskuratu zuten gure neskek.

Final-laurdenetan Kataluniako Selekzioa garaitu zuten 73-75 emaitzarekin. Partidan oso kontzentraturik sartu ziren gure neskak. Lehenengo laurdenean eskainitako jokoaren ostean, gure neskak handitu ziren eta ondoren lortutako garaipenaren bila joateko konfiantza areagotu zen. Final-laurden honetan gure selekzioak egindako defentsan eta errebotean egindako lana azpimarragarria izan zen oso.

Finalerdietan Madril boteretsua genuen zain; Kataluniaren aurka bezala ilusio osoz jokatu zen partida. Neurketa hasi baino lehenagotik Madrileko selekzioak errespetu handia inposatu zuen altuera handiko jokalariak zituzten eta. Madrildarrek oso indartsu hasi zuten neurketa, 8-0 partzialarekin hain zuzen.

Lan handiaren bitartez, bigarren laurdenaren erdialdera 24 puntuko berdinketa islatzen zuen markagailuak; laurden hori bukatzerakoan bost puntu aurretik bakarrik ziren madrildarrak. Bigarren zatian berriz, gure neskak momentu ahulak bizi zituzten baina ez zuten momentu baten ere amore eman. Madrildarren indarra eta nagusitasuna nabaritu zen azken momentuetan eta aldea areagotu zen amaierako 46-69 emaitzararte.

Hirugarren eta laugarren postua Valentziako Erkidegoaren aurka jokatu zuten. Partida osoan zehar aurretik izan ziren valentziarrak (88-56).

MINI MUTILEN SELEKZIOA


Gure mini selekzioa A Multzoan aritu zen; gure mutilek lehenengo jardunaldian, Andaluziaren aurka porrot egin zuten; bigarrenean, Valenziako Erkidegoaren aurka galdu zuten; multzoko azken neurketan Kantabriako selekzioa irten zen garaile (60-52).

9-16 postuen borrokan, final-laurdetan Murtziaren aurka 76-78 irabazi zuten gure mutilek. Lehenengo zatian fin ibili ostean, 10 puntu aurretik hartu zuten gure mutilek aldageletarako bidea. Bigarren zatian berriz, murtziarrek aldea murriztu eta azken laurdena hasterakoan berdinketa islatzen zuen markagailuak. Azken txanpa oso gogorra izan zen eta azken unean 2 puntu aurretik kokatu ziren gure mutilak garaipena eskuratzeko.

9-16 postuen finalerdian Gaztela Mantxaren aurka garaile irten zen gure selekzioa (48-70). Lehenengo zatian berdintsua izan zen, hala ere, gure mutilak 8 puntu aurretik ziren atsedenaldian. Bigarren zati paregabe baten ostean, aldea areagotu eta garaipen erosoa eskuratu zuten gure mutilek.

Gure selekzioak 10. postua eskuratu zuen, 9-16 postuen finalean Gaztela eta Leonen aurka galdu ostean (96-55). Neurketa honetan gure mutilek ez zuten aukera handirik izan; Gaztela eta Leon hasieratik izan ziren partidaren jaun eta jabe non atsedenaldian 20 puntu baino gehiagoko aldea lortu zuten.