A2 Junior Mutilak


Azkeneko jardunaldi honen ostean, Loiola Indautxu 05 ESPek eta Mondragon Unibertsitateak A2 ko lehenengo eta bigarren postuetan bukatu dute hurrenez hurren, hori dela eta, hurrengo urtean Euskal Ligan arituko dira.

AXA Amurriok garaipen erosoa eskuratu zuen Ordiziako Majori Kiroldegian (51-81). Lehenengo laurdena 8 puntuko aldearekin bukatu zuten arabarrek eta hortik aurrera, aldea 30 puntutaraino areagotu zuten.

Mondragon Unibertsitateak 16 puntugatik irabazi zuen Goierriren etxean (61-77). Lehenengo zatian Arrasateko taldeak izan zuen neurketaren jabetza. Aldageletatik itzuli ostean, Goierriren aldeko 21-11 partzialari esker, 7 puntutara hurbiltzea lortu zuen etxeko taldeak. Hala ere, esfortzu horren ostean, Mondragon Unibertsitatea berriz ere urrundu zen markagailuan.

Loiola Indautxu 05 ESPek etxean garaipena lortu zuen Zast Zarautzen aurka, 77-51. Bilbotarrek garaipen erosoa eskuratu zuten, atsedenaldian 13 puntu aurretik ziren jada. Hirugarren laurdenean zarauztarrak markagailuan hurbildu arren, berriz ere azken laurdenean, Loiolak egindako 30-12 partzialari esker, 26 puntugatik irabazi zuen.

Azkeneko neurketan, Ibaizabalek Araba ST Araberriren etxean irabazi zuen 2 puntuko aldeagatik (67-69). Lehenengo laurdenean arabarrak izan ziren nagusi, bigarrenean laurdenean berriz, bizkaitarrek aurretik kokatzea lortu zuten. Ibaizabalek ez zuen denbora galdu markagailuan 67 puntuko berdinketa lortu arte. Gainera, Ibaizabalek azken unean 2 jaurtiketa libre bihurtu ostean, 2 puntugatik garaipena poltsikora eraman zuen.

 

A2 Junior Neskak


La Salle Bilbao eta Loiola Indautxu 05, A2ko lehenengo bi postuetan geratu dira eta ondorioz, hurrengo denboraldian Euskal Ligan jokatuko dute.

Ordizian etxeko taldea irten zen garaile 5+11 Fundazioaren aurka. Lehenengo zatia berdintsua izan zen. Hirugarren laurdenean, ordiziarrak nagusi izan ziren eta 7 puntuko aldearekin bukatu zuten laurdena. Azken laurdenean ostera, gasteiztarrak hiruko marratik fin ibili arren, ez zen nahikoa izan neurketari buelta emateko. Azkenean, puntu bakar bategatik garaipena etxean geratu zen (54-53).

La Salle Bilbao Gasteizen irten zen garaile Araskiren aurka (60-75). La Salle Bilbaok aurretik hasi zuen norgehiagoka eta 20 puntuko aldea lortu zuen atsedenaldian. Arabarren hirugarren laurden on baten ostean, partidan berriz ere sartu ziren (44-52). Azken laurdenean berriz ere kanpoko taldea nagusitu zen eta bilbotarrek 15 puntugatik garaitu zuten.

Centro de Estudios Mikeldi USK 39-52 irabazi zuen Durangon Tabirakoren aurka. Lehenengo zatian Unamuno nagusitu ostean, hirugarren laurdenean, durangarrak aldea murriztu eta 5 puntura hurbildu ziren. Berriz ere Unamunoren aldeko 5-13 partzialaren ondorioz, garaipena Bilbora joan zen.

A2arekin amaitzeko, Loiola Indautxu 05ek garaipen erosoa lortu zuen (39-64) Zast Zarautzen etxean. Atsedenaldira arte bi taldeek izan zuten neurketaren jabetza, bai bilbotarrak zein zarauztarrak izan ziren aurretik une desberdinetan. Bigarren zatian aldiz, Loiolak egindako lanari esker 25 puntuko aldeagatik irabazi zuen.