Aurreko asteburuan Emakumezkoen Bigarren Mailako sailkapen fasea Hondarribiko Hondartza polikiroldegian jokatu zen.

Antigua Luberrik sailkapen faseko txapeldun bihurtu da IZ4 Hondarribiaren aurka 60-74 irabazi ostean, Lehenengo Mailarako txartela lortu zuen.

Emakumezkoen Lehenengo Mailarako azken txartela, IZ4 Hondarribiaren, Mungia SKren, Fisioterapia Mazarredo Unamunoren eta Antigua Luberriren artean jokatu zen.

FINALERDIA: MUNGIA SK – ANTIGUA LUBERRI


Lehenengo laurdena oso berdintsua izan ostean, Mungiak 10 puntuko aldea atera zuen bigarren laurdeneko erdialdera. Hortik aurrera, Luberrik aldea murriztu eta 4 puntutara hurbildu zen atsedenaldia iristean.

Bigarren zatia Luberrik hasi zuen hobeto eta markagailua irauli ostean, 4 puntu aurretik kokatu ziren hirugarren laurdenaren erdialera. Ostean, bizkaitarrek 32 puntuko berdinketa lortu zuten. Bi taldeen saskiratzeak eman ziren baina segituan Luberrik partzial bat egin ostean, markagailuan aurretik jarri ziren gipuzkoarrak berriz ere.

Azken laurdena hasi baino lehen, 10 puntu aurretik ziren gipuzkoarrak. Azken laurdena donostiarrek oso fin hasi zuten erasoan modu horretan, aldea areagotuz. Amaieran, 67-50 Luberriren alde eta igoera faseko finalera sailkatu zen.

FINALERDIA: IZ4 HONDARRIA – MAZARREDO FISIOTERAPIA UNAMUNO


IZ4 Hondarribia aurretik izan zen lehen laurden osoan zehar, laugarren minutuan izan ezik, izan ere, Unamunok bi hiruko sartu eta aurretik kokatu ziren. Hala ere, etxeko taldeak 5 puntu aurretik bukatu zuen lehen laurdena.

Bigarren laurdenean, bi taldeen aldeko saskiratzeak eman ostean, etxeko taldeak 2 eta 6 puntuko aldeak lortu zituzten. Hondarribiaren saskiratze eta hiruko bati esker, 10 puntu aurretik joan ziren aldageletara gipuzkoarrak.

Aldageletatik itzultzerakoan, IZ4 Hondarribiak aldea mantentzen jarraitu zuen. Hiruko marratik fin aritu ostean, 57-38 puntutara aldendu ziren etxekoak hirugarren laurdena amaitu orduko.

Azken laurdenean bilbotarrek arazo handiak zituzten saskiratzeko eta bost minutu falta zirelarik, 24 puntuko aldea zuen etxeko taldeak. Azken momentuetan bi taldeen saskiratzeak eman ziren eta 71-48 irabazi zuen Hondarribiak.

FINALA: IZ4 HONDARRIBIA – ANTIGUA LUBERRI


Finala berdintsu hasi zen, hala ere IZ4 Hondarribiak 7 puntu aurretik kokatu zen lehenengo laurdena bukatzeko minutu bat falta zelarik saskiratze batzuk jarraian bihurtu ostean. Hala ere donostiarrek azken minutu horretan erantzun zuten eta 22-21 bukatu zuen laurdenak etxeko taldearen alde.

Bigarren laurdena hasi bezain laster, Luberrik 8-0 partziala egin eta 7 puntu aurretik jarri ziren lehen minutuan. Minutuak aurrera zihoazen heinean, Luberrik 5 eta 7 puntuko aldea mantendu zuen. Laurdeneko azken minutuetan, Luberrik hiruko marratik fin ibili ostean, 12 puntuko aldea zeraman atsedenaldian.

Aldegelatatik itzuli eta etxeko taldeak, markagailuan 7 puntutara hurbiltzea lortu zuen. Jarraian Luberrik erantzun zuen eta 1-14 partzial bati esker, 20 puntu aurretik jarri zen hirugarren laurdenaren amaieran. Azken txanpan, IZ4 Hondarribiak markagailua murriztu arren, ez zen nahikoa izan. Amaieran, Antigua Luberrik lortu zuen garaipena eta era berean, hurrengo denboraldian Lehenengo Mailan jokatzeko txartela.