FINALERDIA: ARABA – NAFARROA


Lehenengo finalerdiaren hasierako minutuetan berdintasuna zen nagusi; arabarrak jaurtiketa libreetan fin aritu ostean, 4 puntu aurretik ziren lehen laurdena bukatzerako orduan. Nafarroak kontzentratuago hasi zuen bigarren laurdena eta lehenengo minutuetan berdinketa lortzeko gai izan zen. Arabarrek erasoan fin ibili arren, defentsa lanetan arazo handiak zituzten eta nafarrak sarritan jaurtiketa libreko marrara bidaltzen zituzten. Atsedenaldirako markagailuak 30-35 islatzen zuen nafarren alde.

Aldageletatik itzuli eta lehenengo minutu eta erdian nafarrek 0-9 partziala eskuratu zuten, 14 puntuko aldea lortuz. Partzial honen ostean, arabarrak partidan sartu ziren berriz eta ez zieten nafarrei aldea handitzen utzi. Hori dela eta, hirugarren laurdenaren bukaeran 15 puntu aurretik ziren nafarrak. Azken laurdena hasi eta arabarren erantzuna etorri zen eta azken laurdenean, arabarren aldeko 20-12 partziala eman zen. Azkenean, Nafarroak lortu zuen txapelketako finalerako txartela 65-72 irabazi ostean.

 

FINALERDIA: BIZKAIA – GIPUZKOA


Bigarren finalerdiko hasieran Bizkaiak eduki zuen partidaren jabetza, gainera defentsa lanaren ondorioz, Gipuzkoako selekzioak saskiratzeak eskuratzeko arazoak zituen. Horren ondorioz, bizkaitarrek egindako lehenengo partzialean 6 puntu aurretik kokatu ziren. Bigarren laurdeneko hasierako 4 minutuetan bizkaitarrek aldea mantendu zuten baina horren ostean, Gipuzkoak markagailua irauli zuen. Zona inguruan eta errebotean min handia egin zuten gipuzkoarrek eta horrekin batera, bi hiruko bihurtu ostean, 14 puntuko aurretik ziren atsedenaldirako.

Bizkaiak partiduan berriz ere sartzeko lan egin arren, gipuzkoarrek jokoaren jabetza izaten jarraitzen zuten. Horren ondorioz, Gipuzkoako selekzioak 22 puntuko aldearekin amaitu zuen neurketa finalerako sailkapena lortuz.

 

3. eta 4. postuak: ARABA – BIZKAIA


Arabako selekzioak hobeto hasi zuen hirugarren postua eskuratzeko lehia, izan ere, lehen laurdeneko erdialdean 5 puntuko aldea zuen. Hurrengo minutuetan bi selekzioek arazoak izan zituzten saskiratzeak bihurtzeko; horren ostean, Bizkaiak 0-8ko partziala lortu zuen lehenengo laurdena aurretik amaitzeko. Bigarren laurden hobea burutu zuten arabarrek, aldi berean, bizkaitarrek lehen laurdeneko jokoa mantenduz, 7 puntuko aldearekin joan ziren aldageletara (27-34).

Hirugarren laurdenean arabarren erantzuna etorri zen eta puntu bakar batera kokatu ziren. Hala ere, Bizkaiak ez zuen aurretik egindako lana ihes egiten utzi; laurdena bukatu arte eman ziren 14 puntutatik Iasone Berrioategortuak 10 lortu zituen (2-14ko partziala) eta horri esker, laugarren laurdena hasterako orduan, Bizkaiak 12 puntuko aldea zuen. Azken laurdenean Bizkaiak ez zuen aukerarik eman eta 54-70 irabazi ostean, brontzezko domina eskuratu zuen.

 

FINALA: NAFARROA – GIPUZKOA


Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko finala berdintsu hasi zen lehenengo laurdeneko erdialdera arte. Bi selekzioak hiruko marratik fin ari ziren eta horren ostean, gipuzkoarren 0-8ko partzial baten bidez aurretik kokatu ziren markagailuan (9-14). Bigarren laurdenaren hasieran, Gipuzkoak joera berdinarekin jarraitzen zuen eta 11 puntura urrundu ziren. Nafarroak saskiratzeko egoera hobeak aurkitu arren, gipuzkoarrak aurretik mantentzen ziren. Atsedenaldirako markagailuak 18-32 islatzen zuen gipuzkoarren alde.

Bigarren zatian, partidak berdin jarraitzen zuen. Nafarroak zailtasun handiz lortzen zuen saskiratzeak bihurtzea eta Gipuzkoak berriz, erraztasunez lortzen zituen bi eta hiru puntuko saskiratzeak (4 hiruko hirugarren laurdenean). Horren ondorioz, hirugarren laurdena amaitzerako orduan, 22 puntu aurretik ziren gipuzkoarrak. Azken laurdena 9-2ko partzialarekin hasi zuen Nafarroak. Joera berdina mantendu zen amaierara arte, Nafarroak martxa bat areagotu zuen eta markagailuan11 puntura hurbildu zen. Gipuzkoa, 50-61 garaitu ostean, 2023ko EUSKNAF Kadete Nesken txapeldun bihurtu zen.