EMAKUMEZKOEN LEHENENGO MAILA
Ibaeta Basket Easo Cafes Baquek eta Araskik oraindik ez dute partidarik galdu, beraz beste aste batez, goiko postuetan jarraitzen dute.
Easok, Arrasaten irabazi zuen (43-59). Neurketa guztian zehar 4 eta 6 puntuko aldea izan zuten donostiarrek. Azken laurdenean lortutako 9-18ko partzial bati esker, donostiarrek neurketa apurtu eta garaipena etxera eraman zuten.
Araskik 77-61 irabazi zuen Tabirako Baque. Lehenengo laurdena berdintsua izan zen. Bigarren laurdenean arabarren aldeko 20-7 partzial bati esker, 17 puntuko aldea atera zuten atsedenaldirako. Bigarren zatian, Araskik alde mantendu zuen garaipena lortu arte.
Universidad Deusto Loiola Indautxuk eraman zuen poltsikora Bilboko derbia. Loiola Indautxu 12 puntugatik irabazten zihoan atsedenaldirako. La Sallek hirugarren laurdenean lan handia burutu ostean, 2 puntutara hurbildu ziren laurdena bukatu orduko (46-48). Azken laurdena berdintsua izan zen eta puntu bakar bategatik irabazi zuen Loiola Indautxuk (59-60).
San Ignacio Premok denboraldiko bosgarren garaipena lortu zuen Askartza ikastetxean (41-66). Lehenengo hiru laurdenetan zehar, nafarrek 10-13 puntuko aldea zeramaten. Azken laurdenean berriz, 8-20ko partzial baten bidez, norgehiagoka amaitzerakoan 25 puntutara urrundu ziren-
Afilados Gasteiz Arabak denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Najerillaren etxean (43-48). Arabarrak aurretik izan ziren ia norgehiagoka guztian zehar. Errioxarrek neurketa berdintzea lortu zuten hirugarren laurdena amaitzeko minutu bat falta zenean. Najerillak berdinketa lortu arren, arabarrak aurretik mantendu ziren amaierara arte.
Navarro Villosladak puntu bategatik irabazi zuen Zornotzaren aurka. Etxeko taldeak izan zuen neurketaren jabetza lehenengo zatian zehar. Hirugarren laurdenean ostera, nafarrek eskuratutako 24-12 partziala erabakigarria izan zen markagailua iraultzeko. Azken laurdenean, bai bizkaitarren zein nafarren saskiratzeei esker, emaitza berdintsua izan zen azken unera arte. Navarro Villosladak bihurtutako jaurtiketa libreak erabakigarriak izan ziren garaipen estu hau etxean gera zedin (60-59).
Malosten, Unibasket irten zen irabazle 3 puntugatik (70-73). Atsedenaldirako, errioxarrek 17 puntuko aldea lortu zuten. Jarraian, etxeko taldeak erantzun zuen eta arrisku handitan jarri zituzten errioxarrak. Neurketa amaitzeko minutu bat falta zelarik, Lointek Gernika puntu bakar bategatik aurreratu zen baina; hala ere, azken minutuan Unibasketen bi saskiratzeri esker, garaipena Errioxara joan zen.
GIZONEZKOEN LEHEN MAILA
Seigarren jardunaldiaren ostean, Valle de Egüesek, Ardoik eta Tabirako Baquek goiko postuetan jarraitzen dute, bakoitzak porrot batekin.
Valle de Egüesek Loiola Indautxuren etxean irabazi zuen (85-94). Lehenengo hiru laurdenetan zehar, nafarrak aurretik izan ziren; laugarren laurdena hastear zegoelarik, 15 puntu aurretik ziren. Azken laurdenean, Loiolak bi hiruko saskiratu zituen aldea 10 puntu baino gutxiagora jaitsiz.
Megacalzado Ardoik Atlético San Sebastianen aurka irabazi zuen (84-63). Atsedenaldirako, Ardoik 21 puntuko aldea atera zuen. Bigarren zatian nafarrak aldea mantentzeko gai izan ziren bukaerara arte.
Durangoko Landako polikiroldegian, etxeko taldea irten zen garaile (78-65) Aisla Armeti Ibaizabalen aurka. Durangarrek atsedenaldirako 11 puntuko aldea eskuratu eta gero, Ibaizabalek markagailua iraultzeko gai izan zen hirugarren laurdeneko momentu batzuetan zehar 16-26ko partzial bati esker. Azken laurdenean berriz, Tabirakok bere lana egin zuen eta neurketa irabazteko zailtasunik ez zuen izan.
Cabarri Galvanizados Unamunok, Navasket irabazi zuen 14 puntugatik (73-59). Neurketaren hasieran nafarrak aurretik kokatu arren, segituan aurreratu ziren bilbotarrak. Hortik aurrera, Unamuno neurketaren jaun eta jabe izan zen.
La Salle Versiak Urgatziren etxean irabazteko gai izan zen. Bilbotarrek 8-14 puntuko aldea izan zuten ia neurketa osoan zehar. Hala ere, hirugarren laurdenean gasteiztarrak markagailuan hurbildu ziren. Amaieran, La Sallek eraman zuen garaipena poltsikora (73-82).
Ulacia ZKEk garaipena lortu zuen Leioa SBTen aurka. Neurketa osoan zehar zarauztarrak aurretik izan arren, Leioa oso gertu zebilen atzetik markagailuan. Azken laurdenera arte, Ulacia ZKEk aldea areagotu zuen 13 puntugatik irabazteko (95-82).