GOIKO TALDEEK TARTEA ZABALTZEN DUTE PARTIDUAK IRABAZI ETA GERO!
NESKEN BIGARREN MAILA
Partidu parekatsuak eduki ditugu A-A multzoan. Hasteko, ATLETICO SAN SEBASTIAN eta MARISTAS LOGROÑO-ren arteko partiduan, etxekoak 65-61 irabazi zuten. Errioxarrak oso ondo sartu ziren partidura lehenengo laurdenean, baina etxekoek buelta ematea lortu zuten atsedenera berdinduta iritsiz. Bigarren zatian borroka itzela bizi zen bi taldeen artean eta detaile txikiengatik Donostiarrak irabazi zuten. MECALASER UNIBASKET eta LEIOA SBT-ren artean ere partidua sutsua izan zen. Aldaketa asko eta gero partiduko azken segunduetara berdinduta iritsi ziren. Bi taldeek aukerak eduki zituzten jaurtiketa libreei esker eta bizkaitarrak finago ibili ziren 51-53 irabaziz. ESCOLAPIOS eta UNSAIN GRUPO-LAGUNAK-en artean ere azken segunduetara berdinduta iritsi ziren. Etxekoak bi jaurtiketa libre eduki zituzten azken 20 segunduetan, soilik lehenengoa sartuz. Kanpokoak errebotea hartu eta azken erasoan baloia edukita ezin izan zuten saskiratu 58-57 bukatuz. Azkenik, multzoko lehen sailkatuek ez zuten barkatu. MAZARREDO FISIOTERAPIA UNAMUNO-k ez zion aukera eman GAZTE BERRIAK S.K.-ri 83-53 irabaziz. Sendo mantentzen dira lider bezela 8.en garaipena jarraian gehituz. NAVASKET atzetik dute EASO IBAETA BASKET-i 63-51 irabazi eta gero. Donostiarrak oso ondo hasi ziren partidua erraz kontrolatuz baina pixkanaka husten joan ziren saskiratze oso gutxi lortuz bigarren zatian.
A-B multzoan LICEO MONJARDIN eta ALKIVENT TOJU-ren artean izan zen partidurik berdintsuena. Gasteiztarrak 3 gora sartu ziren azken laurdenera baina etxekoak energia ezberdin batekin sartu ziren eta 13-0ko partzial batekin partidua hautsi zuten. Hala ere, kanpokoek ez zuten etsi eta hainbat hirukori esker 3 puntura ipini ziren minutu baten faltan baina ezinezkoa egin zitzaien irabaztea. Azkenean 62-56. VALLE DE EGÜES eta GETXO SBT-ren artean ere partidua oso interesgarri egon zen. Lehenengo zatian bizkaitarrak hobeto egon ziren 17ko aldea lortuz, baina hirugarren laurden indartsu bati esker naparrak azken laurdenera 5 puntuko desabantailarekin iristea lortu zuten. Azkenen laurdenean kanpokoak berriro ere partiduaren kontrola hartu zuten eta azkenan 55-66 irabazi zuten. Beste partidu guztietan istorio gutxi egon zen goiko taldeek erraz irabazi baitzuten. Liderrak, GRAFICAS JUARISTI ZKE-k, Maria Artetxe-ren eskutik (28 puntu 21 minututan) 47-77 irabazi zioten AXA AMURRIO A-ri. Hirugarren sailkatuak ere, IZ4 HONDARRIBIA-k, partidua guztiz menderatu zuen 81-22 irabaziz AVIA ZIZUR ARDOI-ri. Azkenik, UBERAGA SOPELA-k JACOBEO ALBERITE hartu zuen etxean eta lehenengo zatian iada partidua itxita utzi zuen. Bigarren laurdenean kanpokoek hobeto borrokatu zuten baina bizkaitarrak partidua kontrolpean mantendu zuten 85-56 bukatuz.
SAILKAPENAK: A-A A-B
MUTILEN BIGARREN MAILA
Larunbat arratsaldean hasi zen mutilen jardunaldia DISDIRA BITXITEGIA ISB eta SORALUCE BKE-ren artean. Etxekoak, Final 4 postuetan mantentzeko borrokan partidua oso serio hasi zuten eta Iosu Merino-ren hirukoei esker (6 hiruko lehenengo laurdenean) markagailuan 18 puntuko abantaila lortu zuten. Hortik aurrera, Bergarako taldeak partiduari buelta ematen saiatu zen eta nahiz eta bigarren zatian finago ibili, ezinezkoa egin zitzaien Azpeiti-Azkoitiarren hiruko festari eutsi 85-67 galduz. Ordu berdinean Gasteizen SAN PRUDENTZIO eta ORDIZIA K.E.-ren arteko lehia interesgarria ikusi genuen. Gasteiztarrak orokorrean lehenengo zati oso ona egin zuten 13 gora joanez aldageletara. Gipuzkoarrak, partidua irabazteko intentzioarekin arraza atera zuten bigarren zatian eta azkeneko laurden zoragarri bati esker partidua eraman zuten 63-64. Garaipen honekin Ordiziarrak beheko postuetatik aldentzen hasten dira. Beste neurketa interesgarri bat PADURA era ASKARTZA CLARET-en artekoa izan zen. Etxekoak bazekiten partidu garrantzitsua zela Final 4 postuetan kokatzeko baina ezin izan zuten sailkapenean 2º doan Askartza sendo baten aurka. Hasiera oso parekatsua izan zen batez ere lehenengo laurdenean. Bigarrenean, kanpokoak finago ibili ziren eta 15 gora joan ziren atsedenaldira. Hortik aurrera bigarren zati oso parekatsua ikusi genuen baina etxekoak ezin izan zuten desabantaila horrekin. Azkenean 71-81. Jardunaldiko ezustekoa Oñatin eman zen non BIOTZ ALOÑA MENDI K.E.-k, azkena jolastu aurretik, AXA AMURRIO-ri irabazi zion 90-42. Garaipen oso garrantzitsua gipuzkoarrentzat urtea beste dinamika batekin hasteko eta moralez puzteko. Hasieratik ezarri zuten partiduaren norabidea kanpokoen gainetik pasatzen. Igandean liderra den EASO GIPUZKOA BASKET-ek ez zuen huts egin eta ERROIBIDE IRUN-i irabazi zion 51-75. Etxekoak oso ondo konpetitu zuten eta Donostiarrak lan gogorra egin behar izan zuten partidua ateratzeko. Azken hauek lider jarraitzen dute porrot bakarrarekin eta Irundarrak arazoetan sartzen dira azkeneko postua okupatzera pasatzen baitira. Igandean ere beste bi partidu interesgarri eduki genituen. Lehenik LOIOLA INDAUTXU eta ZORNOTZA-ren artean non etxekoek 74-72 irabazi zuten amaiera zirraragarri batean. 36 segunduren faltan hiruko bati esker partidua berdintzea lortu zuten eta hurrengo erasoan kanpokoek saskiratzea lortu ez zutenez, azkeneko jokaldian bikoa sartu zuten partidua irabazteko. Beste partiduan, ARABERRI BASKET CLUB eta HOTEL GRAN BILBAO-ren artean Gasteiztarrak gailendu ziren 79-72. Bi taldeak aurkari zuzenak dira eta sailkapenean berdinduta zeuden. Orain Araberrik aurrera pauso haundia eman du 4º postua okupatuz.
SAILKAPENA:
NESKEN LEHENENGO MAILA
Asteburu honetan lehenengo sailkatuak gauzak oso ondo egin dituzte eta garbi irabazi dute. ARASKI-k ZORNOTZA-ri irabazi zion 49-80 partidu serioa eginez eta hasieratik erritmoa kontrolatuz. Bizkaitarrak saiatu ziren baina ezinezkoa egin zitzaien. IBAETA BASKET EASO-k bere partetik berdina egin zuen TABIRAKO BAQUE-ren aurka partial guztiak irabaziz eta hasieratik bukaeraino partidua menderatuz. Bizkaitarrak ondo konpetitu zuten baina portzentai urria eduki zuten orokorrean. 72-44 bukatu zen. LOINTEK GERNIKA-k ere azarorik gabe irabazi zion AFILADOS GASTEIZ ARABA-ri 39-77. Bizkaitarrentzako garaipen garrantzitsua izan zen urtea ondo hasteko eta Final 4-era sailkatzeko borrokan jarraitzeko. Gasteiztarrak aldiz azken aurrenak jarraitzen dute garaipen bakarrarekin baina ez dute etsiko maila mantentzen saiatzeko. LOIOLA INDAUTXU eta MESPLET TRUCKS UNIBASKET-en partiduan bizkaitarrak gailendu ziren 70-58. Errioxarrak partidu zaila jarri zieten Kopako irabazleei eta azkeneko hauek eginahalak egin behar izan zituzten partiduari aurre egiteko. Indautxuarrak, nahiz eta Final 4a jolasteko postua ziurtatua duten, firme jarraitu nahi dute ahalik eta goragoen gelditzeko. Borroka horretan ere LA SALLE VERSIA eta MONDRAGON UNIBERTSITATEA daude. Bi taldeentzako garaipena garrantzitsua zen, bizkaitarrak goiko borrokan sartzeko eta gipuzkoarrak aldiz goiko postuetan finkatzeko. Orokorrean etxekoak hobeto egon ziren partidu guztian zehar azken laurdenera 12ko abantailarekin sartuz. Orduan izan zen Arrasatearrak esnatu zirenean eta azken partzial indartsu bati esker partiduari buelta eman eta 49-51 irabazi zuten. SAN IGNACIO PREMO-k ere ez zuen barkatu eta Kopako finalaren porrota ahaztuta, NAVARRO VILLOSLADA-ren etxea bisitatu zuen partidu oso berdintsu batean. Kanpokoek 10 puntuko abantaila lortu zuten lehenengo zatian eta azkenean gai izan ziren abantaila hori bukaeraraino kudeatzeko 48-57 irabaziz. Azkenik, ABN eta ASKARTZA CLARET-en arteko partiduan, bizkaitarrak hobeto sartu ziren partiduan 18 puntuko aldea lortuz. Hala ere, naparrak borrokatzen jarraitu zuten eta azken laurdenera 9 puntura sartu ziren partiduari buelta emateko intentzioarekin. Azkenean ez ziren gai izan eta partidua 47-58 bukatu zen.
SAILKAPENA:
MUTILEN LEHENENGO MAILA
ARDOI-k eta VALLE DE EGUES-ek ez dute barkatzen eta lidergotza partekatzen jarraitzen dute. Kopako irabazleak, NAVASKET-en etxea bisitatu zuen eta nahiz eta hauek aurpegia eman, partidua poltsikora eraman zuten laurden guztiak irabaziz. Navasket-ek beheko postuetan jarraitzen du baina ziur gaude horrela jolasten jarraitzen badute goraka egingo dutela. Ardoi-k aldiz partidu oso zaila zuen URGATZI-ren aurka. Lehenengo zati goraberatsu bat eta gero non hainbat aldaketa eman ziren markagailuan, hirugarren laurdenean naparrak 11 puntuko abantaila lortu zuten bukaeraino ondo kudeatuz, 73-63. ULACIA ZKE-k eta LOIOLA INDAUTXU-k sekulako ikuskizuna eman zuten. Zarauztarrak, azken aurrenak sailkapenean, 3º sailkatuaren erritmoa mantentzea lortu zuten eta bukaeraraino borrokatzen galdu zuten 86-97. Aipatzekoa da partiduan eman ziren hirukoen portzentaiak non bi taldeek %50ren gainetik asmatu zuten. ATLETICO SAN SEBASTIAN-ek azken sailkatua jaso zuen, GOIERRI ALMACENES USABIAGA. Urretxuarrak, oraindik garaipenik gabe, ezustekoa eman nahi zuten denboraldiko dinamika aldatzeko asmoz baina etxekoak gehiago izan ziren 91-55 irabaziz. Donostiarrak 5º daude Final 4era sailkatzeko borroka sutsu batean. Deboraldia amaitzeko asko gelditzen da baina seguru gaude borroka horretan dauden talde guztiek bukaeraraino horrela jarraituko dutela. TABIRAKO BAQUE ere UNAMUNO baino gehiago izan zen hasieratik, 90-57 irabaziz. Partidura oso serio sartu ziren eta ez zieten inongo momentuan kanpokoei partiduan sartzen utzi. Unamunok duitasunez borrokatu zuen baina ezinezkoa egin zitzaien. Azken hauek berdinketa laukoitza batean daude sartuta beheko postuetan besteak beste MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta LEIOA SBT-rekin. Bizkaitarrak partidu estua jolastu zuten LA SALLE VERSIA-ren aurka. Oso ondo sartu ziren partidura 26-16ko partzial batekin baina segituan La Sallekoek buelta eman zioten partzial horri atsedenaldira berdinduta iristen. Bigarren zatian tira bira oso ona egon zen bien artean baina azkenean kanpokoek eraman zuten garaipena 69-77. Gipuzkoarrak aldiz IBAIZABAL-en aurka jolastu zuten jardunaldiko azkeneko partiduan. Hasieran arerioa baino hobeto egon ziren baina pixkanaka Galdakaokoak partiduaren kontrola hartzen hasi ziren azken laurdenera puntu bateko abantailarekin iristen. Azkenean 83-71 bukatu zen etxekoen azken bultzada sendo bati esker.
SAILKAPENA:
Datorren jardunaldian nesken lehenengo mailako lehenengo itzulia amaituko da!