Sentsazio oso ezberdinak gehitzen ari dira gure eliteko taldeek.

NESKEN LEHEN MAILA

IDK EUSKOTREN-ek garaipena lortu zuen CELTA ZORKA RECALVI-ren aurka ostiral arratsaldean. Donostiarrak oso ondo sartu ziren partidura eta lehen zatian gehiago izan ziren. Bigarren zatian, partidua parekatu egin zen baina gureak ez zuten erritmoa jaitsi eta emaitza kontrolpean mantendu zuten momentu oro. Aipatzekoa da Nora Perez donostiarrak debuta egin zuela azkeneko bi minutuetan kantxara sartuz eta gainera, puntu bat eskuratuz.

KUTXABANK ARASKI-k aldiz partidu zoragarria egin zuen Madrilen MOVISTAR ESTUDIANTES-en etxean, baina azken laurdenean indarrik gabe geratu zen 65-56 galduz. Gasteiztarrak oso ondo lehiatu zuten lehenengo hiru laurdenetan partzial guztiak gutxigatik irabaziz. Azken laurdenean etxekoak oso fin egon ziren eta 21-8ko partzial bati esker garaipena eskuratu zuten.

LOINTEK GERNIKA-k ere ezin izan zuen BAXI FERROL-en aurka eta 66-75 erori zen. Lehenengo zatian orokorrean bi taldeak ondo egon ziren, erasoan puntu asko eskuratuz eta erritmo haundiarekin jolastuz. Atsedena eta gero kanpokoak energia ezberdin batekin sartu ziren eta gernikarren gainetik pasa ziren partidua guztiz hautsiz. Azken laurdenean etxekoak saiatu ziren baina ez zioten emaitzari buelta eman.

NESKEN BIGARREN MAILA

AUSARTA BARAKALDO-ren denboraldia magikoa izaten ari da eta 16.en garaipena eskuratu zuten UNILEVER VILADECANS-en aurka. Hasieran kanpokoak bizkaitarren erritmoari eutsi zioten baina azken hauek aukera asko dauzkate erasoan eta horiei esker 84-53 irabazi zuten. Alexus Johnson-ek beste behin jardunaldiko MVP-a jaso zuen eta seguraski ez dela azkenekoa izango.

DOMUSA TEKNIK ISB ez da bizkaitarren orgatik jaisten eta bigarren jarraitzen dute ITESAL FEMENINO ALCORCON-i irabazi eta gero. Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan ziren lehenengo hiru laurdenetan partidua guztiz menderatuz eta aukera gutxi emanez kanpokoei. Hala ere, azken hauek, ez zuten amore eman eta azken laurdenean markagailua apaintzea lortu zuten 76-64 amaituz.

Azkenik, IBAIZABAL-ek ez zuen maila onena eman ARANGUREN MUTILBASKET-en aurka eta 64-33 galdu zuen. Momentu oro naparrak gehiago izan ziren eta bizkaitarrak ez zuten lortu partiduan sartzea eraso kaxkar baten erruz. Gureak ez zuten eguna izan eta aukera polita galdu zuten sailkapenean aurrera pauso bat emateko.

 

ACB LIGA

BILBAO BASKET-ek UCAM MURCIA-ren etxean galdu zuen 96-76. Hasieran partidua oso parekatuta egon zen baina, bigarren laurdenean, etxekoak sekulako laurdena egin zuten 32-13ko partzial bat lortuz. Bigarren zatian azken hauek erritmo berdinarekin jarraitu zuten partidua guztiz hautsiz eta kontrola eramanez. Azken laurdenean bilbotarrak duintasunez borrokatu zuten eta emaitza apaindu zuten.

BASKONIA-k ere ezin izan zuen LENOVO TENERIFE-ren etxean 95-78 galduz. Gasteiztarrak ez zuten partidu txarra egin eta gauzak ondo egiten saiatu ziren baina etxekoek jarri zuten erritmoari ezin izan zioten eutsi. Porrot honekin berriro ero PlayOff postuetatik ateratzen dira baina berdinketa boskoitz batean eta 5º postutik garaipen batera.

URREZKO LEB MAILA

GUUK GIPUZKOA BASKET-ek sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du REAL VALLADOLID BALONCESTO-ri irabazi ostean. Donostiarrak garaipen garrantzitsua lortu zuten aurkari zuzen baten aurka Alex Barcello-ren laguntzaz (29 puntu). Lehenengo zatian kanpokoak finago ibili ziren partiduko pisua eramanez baina etxekoak buelta ematea lortu zuten esfortzu haundi bat eta gero, 84-81.

Iñigo Royo Valladolid-eko jokalari gasteiztarra, lesionatu egin zen eta hemendik animoak bidaltzen dizkiogu.

ZILARREZKO LEB MAILA

TEKNEI BIZKAIA ZORNOTZA-k 6.en garaipen jarraia lortu du CB ALMANSA-ri irabazi eta gero, igoera postuetara gerturatuz. Mikel Garitaonandia-renak sekulako denboraldia egiten ari dira eta dauden bolada ona aprobetxatuz kanpokoen gainetik pasa ziren 91-53 irabaziz. Partidu itzela egin zuten momentu oro kontrola eramanez eta erasoan gozatuz.

JUARISTI ISB-ek ezin du berdina esan eta CLINICA PONFERRADA-ren etxean erori zen partidu kaxkar batean. Denboraldi gorabeheratsua daramate gipuzkoarrek eta kosta egiten ari zaie jarraitasuna aurkitzea. Etxekoak partidu oso ona egin zuten erritmoa guztiz kontrolatuz eta kanpokoak txiki eginez.

 

EBA MAILA

REDLINE MEKANIKA TAKE oso fin dabil etxean eta erasoan daukaten indarraz baliatuta, PAS PIELAGOS menderatu zuten 97-75. Lehenengo zatian pixkanaka aldea irabazten joan ziren hirugarren laurdenean partidua haustea lortu arte. Minutuak oso ondo banatuta eta jokalari guztien puntuez baliatuta, danak saskiratu baitzuten, jaun eta jabe izan ziren aurrera pauso garrantzitsua emanez.

ULACIA ZKE ere dinamika onean dago eta GRUPO DE SANTIAGO-ren etxean irabazi zuen 71-76. Nahiz eta emaitza oso estua izan, zarauztarrak orokorrean gehiago izan ziren eta partiduaren kontrola eraman zuten azken laurdenera 11 gora sartuz. Bukaeran, etxekoak sendo egon ziren, baina ez zuten lortu emaitzari buelta ematea, gipuzkoarrek ondo kudeatu baitzuten amaiera.

GIPUZKOA BASKET EASO-k ere irabazi egin zuen azken doan VENTA DE BAÑOS-en aurrean. Donostiarrak etxean gehiago izaten dira normalean eta oraingoan ez zioten aukerarik eman potzuan dagoen taldeari. Hasieratik oso serio sartu ziren eta lehenengo hiru partzialetan partidua guztiz menderatu zuten. Azken laurdenean eta emaitzaren lasaitasunarekin, kanpokoak finago ibili ziren eta partidua 66-45 amaitu zen.

Jardunaldiko euskal derbi bakarrean, BASKONIA-k irabazi egin zion GETXO SASKIBALOI TALDEA-ri 90-68. Gasteiztarrak lehenengo bi sailkatuen atzetik jarraitzen dute baina 5.ena jarraian lortuz aurkari zuzen baten aurka partidu biribila eginez. Orokorrean etxekoak hobeto egon ziren lehenengo zatia guztiz menderatuz eta bigarren zatian denborak kontrolatuz.

BILBAO BASKET FUNDAZIOA-k lider jarraitzen du baina izerdi asko bota eta gero CANTBASKET04-ren etxean. Izan ere azken laudenean erabaki zen partidua bilbotarren partzial on bati esker. Etxekoak ordurarte partiduaren pixua eraman zuten kanpokoen erritmoari eutsiz baina, azkenean, Unai Barandalla-ren beste erakustaldi bati esker (28 puntu), beltzekoak irabazi zuten, 75-82.

SANTURTZI SK-k porrot mingarria jaso zuen GRUPO INMAPA FILIPENSES-en etxean, azken laurden txar baten ostean. Orokorrean etxekoak hobeto egon ziren atsedenaldira 7 gora joanez. Hortik bueltan kanpokoak sekulako hirugarren laurdena egin zuten partiduaren agintea hartuz eta 3 puntuko abantailarekin iritsiz azken laurdenera. Bertan, hustu egin ziren eta garaipenak alde egin zien. Azkenean 75-70 bukatu zen.

Azkenik, LBC COCINAS eta MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren arteko lehian, bigarren sailkatuak irabazi zuen 86-63. Etxekoen hasiera izugarri baten ostean, arrasatearrak bigarren laurdenean partiduan sartu ziren atsedenaldira 5 behera iritsiz. Bigarren zatian errioxarrak berriro ere agintea hartu zuten eta gipuzkoarren gainetik pasa ziren emaitzari buelta emateko aukerarik gabe utziz.

 

ARGAZKIAK: IDK EUSKOTREN eta OSCAR ARAUJO