LF Challenge Mailara igotzea lortu zuen pasa den asteburuan Azkoitiko taldeak.

Fase final ezinhobea egin zuen Luis Agirre-ren taldeak lehenik eta behin multzo faseko 3 partiduak irabaziz eta, final-erdietarako sailkapena lortuz lehenengo bezela.

  • MIRALVALLE PLASENCIA 51-55 DOMUSA TEKNIK ISB.
  • NBF CASTELLÓ 48-54 DOMUSA TEKNIK ISB.
  • DOMUSA TEKNIK ISB 60-49 MARISTAS CORUÑA.

Lehenengo bi partiduak infartuzkoak izan ziren, hartu-eman itzelekin eta azken minutura arte erabaki gabe. Miralvalle-ren aurka Antoinette Lewis (17 puntu) eta Jone Azkue (13 puntu) klabe izan ziren garaipena eskuratzeko eta Castelló-ren aurka aldiz, Intza Lizarazu kapitainak heroi kapa jantzi zuen 5 hiruko sartuz.

Azkeneko partiduan, Galiziarren aurka, lasaiegi sartu ziren jakinda sailkapena poltsikoan zutela eta, lehenengo laurdenean ordaindu egin zuten. Hortik aurrera partiduaren kontrola hartu zuten erritmoa guztiz menderatuz eta partidua irabaziz.

Final-erdian CB ARXIL jaso zuten mailaz igotzeko azken pausoa emateko intentzioarekin. Lehenengo zatian dena oso parekatuta egon zen atsedenera 6 puntuko abantailarekin joanez. Bueltan, gipuzkoarrak partidua guztiz haustea lortu zuten azken laurdenera abantail eroso batekin iritsiz eta azken laurdenean erritmoa kontrolatuz, txapeldun bilakatzea lortu zuten, 55-40.

Denboraldi itzela gure neskek egin dutena eta merezi duten tokira bueltatu dira, Challenge mailara. Gainera, erronka zail bat lortu dute, aurreko urtean jetsi baitziren eta, soilik urtebete eta gero, berriro igo dira. Are gehiago, euskaldun jokalari askorekin lortu dute hau eta, beti aipatzen dugun bezela, jokalari gazteei aukerak emanez.

ZORIONAK IRAURGI!

Zapore gazia HGB AUSARTA BARAKALDO-k utzi digu, ametsetako denboraldi bat eta gero.

Talde bizkaitarra faborito nagusi bezela iritsi zen igoera fasera eta, lehenengo egunean hala egin zuen, BOSONIT UNIBASKET-i 62-52 irabaziz eta nahiz eta sentsazio onenak ez utzi, pauso aurrera garrantzitsua eman zuten final-erdietarako.

Bigarren egunean, MIPELLETYMAS B.F. LEON jaso zuten, partidu gogor batean. Hasiera txarra izan zen eta partidu guztian zehar arraunean egon eta gero, Leaupepe-k hiruko batekin partidua luzapenera eraman zuen eta bertan, nekea nabaria izan zen eta leondarrak finago egon ziren, 73-65.

Porrot honekin hala ere beraien esku zuten sailkapena azkeneko egunean CB ARXIL-en aurka. Partidua orokorrean oso parekatuta egon zen baina, bukaeran, arerioak ondo aprobetxatu zuten pare bat hutsegite egon ziren eta, azkenean, partidua galtzeaz aparte, 58-72, sailkapena ere bidean geratu zen.

Hala ere, neska hauek lortu dutena epikoa izan da eta oso harro egoteko zerbait izan da, liga fasean partidu guztiak irabaziz. Igoera fase honek ez du lurruntzen eginiko denboraldi bikaina eta, beti gogoratuko da nazio guztian. Ziur gaude hurrengo urtean aukera edukiko dutela berriro.

AUPA BARAKALDO!

ARGAZKIAK: UNAI MURILLO ETA UNAI SLEEP