Zapore gazi-gozoa elitean dauden gure taldeentzat.
NESKEN LEHEN MAILA
IDK EUSKOTREN-ek denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Endesa Ligan MOVISTAR ESTUDIANTES-i 68-56 irabazi ostean. Partidu oso sendoa egin zuten Azu Muguruza-ren neskak garaitu gabe zegoen talde baten aurka.
Bestetik denboraldiko lehen euskal derbia eduki genuen KUTXABANK ARASKI eta LOINTEK GERNIKA-ren artean. Bi taldeak ez ziren oso fin ibili erasoan eta puntuak sartzea asko kosta zitzaien. Azkenean Gernikarrak indartsugo egon ziren eta 43-53 irabazi zuten.
NESKEN CHALLENGE MAILA
DOMUSA TEKNIK ISB pixkanaka goraka doa eta halaxe egin zuen REAL CANOE–ren etxean 61-65 irabaziz. Lehen zati on batek eta kanpoko jaurtiketen eraginkortasunaz baliatuta, bigarren garaipen jarraia lortu zuen.
Bestalde, HORBISA SPIRIT GREENKW BARAKALDO-k ezin izan zuen oso sendo egon zen UNICAJA MIJAS-en aurka 51-50 galduz. Bizkaitarrak oso ondo sartu ziren partidura lehen laurdena irabaziz baina, hortik aurrera etxekoak gehiago izan ziren.
NESKEN BIGARREN MAILA
MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k denboraldiko lehen garaipena lortu zuen PORT MANAGEMENT ANDRATX-i 66-59 irabazi eta gero. Gipuzkoarrak lehen zati itzel bati esker eta Izar Bedia-ren nagusitasunaz lagunduta, garaipen aparta oparitu zieten zaleei.
IBAIZABAL-ek aldiz ezin izan zuen GEIEG PACISA-ren etxean 63-47 galduz. Lehen zatian oso ondo lehiatu zuten atsedenaldira 2 behera joanez baina, bigarrenean, etxekoak beste martxa bat sartu zuten eta bizkaitarrak hustu egin ziren.
ACB LIGA
BASKONIA-k sekulako garaipena lortu zuen BARCELONA-ren etxean talde lan eta saskibaloi aparta jolastuz, 89-93. Pablo Laso-ren mutilak gorabehera ask eduki zituzten partiduan zehar baina momentu onak aprobetxatu zituzten ACB Mailako bigarren garaipena lortuz.
BILBAO BASKET-ek aldiz ezin izan zuen gehiago izan zen GRAN CANARIA baten aurka 80-67. Bilbotarrak hobeto sartu ziren partidura baina, bigarren laurdenetik aurrera Kanariar Uharteko mutilek partiduaren kontrola hartu zuten azken laurdenean neurketa hautsiz.
PRIMERA FEB
IVEREADY GIPUZKOA-k bigarren garaipen jarraia lortu zuen NATURAVIA MORON-en aurka 65-52 irabaziz. Mikel Odriozola-ren mutilak pixkanaka goraka doaz eta Vrankic-en ikuskizunaz lagunduta (21 puntu), sailkapenean aurrera pauso handia eman dute.
SEGUNDA FEB
BIELE ISB-k ere sekulako garaipena oparitu zien bere zaleei INSOLAC CAJA 87-ri 76-69 irabazi ondoren. Partidu oso parekatsua izan zen non Azpeitiarrak denboraldiko lehenengoa lortu zuten azken laurden itzel bati esker.
TEKNEI BIZKAIA ZORNOTZA-k aldiz ezin izan zuen LA SALUD ARCHENA garaitu 62-71 galduz. Lehenengo zati kaxkar batekin atsedenaldira 11 behera joan ziren eta, nahiz eta bigarren zatian beste martxa bat sartu, ezin izan zioten emaitzari buelta eman.
TERCERA FEB
REDLINE MEKANIK TAKE lider bezela jartzen da CANTBASKET04-ren gainetik pasa eta gero, 72-60. Goar Artetxe-ren mutilak denboraldia ezinhobe hasi dute eta kontuan edukitzeko talde bezela aurkezten dira.
BILBAO BASKET FUNDAZIOA-k bere partetik lehenengo garaipena lortu zuen REAL VALLADOLID BALONCESTO-ren aurka 70-58. Lehen laurden itzel bati esker 20 gora jarri zien eta hortik aurrera partiduaren kontrola eraman zuten gehiegi sufritu gabe.
MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k ere denborladiko lehenengoa lortu zuen GRUPO DE SANTIAGO-ren etxean 82-85. Lehen zati txar bati buelta ematea lortu zuten, 18 puntu behera joan eta gero, bigarren zati bikain bati esker 59 punturekin.
ULACIA ZKE-ri oraingoan ere garaipenak alde egin zion BECEDO SANTANDER-en etxean 84-81 galdu ondoren. Partidua kontrolpean zutenean, arerioak ondo aprobetxtau zituen hainbat baloi galdu zituzten eta, gainera, saski azpian hutsegite asko eduki zituzten, bigarren porrot jarraia gehituz.
BASKONIA-k ere ezin izan zuen LBC COCINAS garaitu nahiz eta partidu oso ona egin, 54-70. Izan ere talde Errioxarra mailako talde onenetarikoa da eta kontuan izanda Gasteiztarrak oso gazteak direla eta esperientzia falta zaiela, oso ondo lehiatu zuten eta amaierara arte borrokatu zuten.
Azkenik, TABIRAKO BAQUE-k galdu egin zuen CB SOLARES-en aurka 67-76. Lehenengo zati kaxkar bat eta gero, hirugarren laurden itzela egin zuten Xabi Chico-ren mutilak azken laurdenera 2 behera sartuz. Hala ere, azkenean kanpokoak finago ibili ziren neurketa irabaziz.
ARGAZKIA: MIKEL DE LAS HERAS