Arrakasta itzela gure U13 selekzioena Nazioarteko BENNA Txapelketan.

Asteazken goizean hasi ziren gure neskak Akitania Berriaren aurka jokatuz Josean Gaska Kiroldegian. Hasieratik oso sendo egon ziren aurkariei inongo aukerarik eman gabe eta gauzak oso ondo eginez 60-10 irabaztea lortu zuten.

Arratsaldean aldiz Amenabar Arenara igo ziren Nafarroaren aurka jokatzeko Txapeldun bilakatzeko ilusioarekin. Hemen neurketa oso parekatuta egon zen lehenengo zatian baina, atsedenaldia eta gero gure neskak beste energia batekin sartu ziren norgehiagoka haustea lortuz eta 54-36 irabazi zuten.

Mutilek plan berdina jarraitu zuten goizean Josean Gaskan Akitania Berriaren aurka jokatuz. Hauek ere arerioa baino gehiago izan ziren hasieratik 67-16 emaitzarekin bukatuz partidua.

Arratsaldean Amenabar Arenan Nafarroaren aurka non hemen ere oso fin ibili ziren eta hasieratik neurketaren kontrola eramanez, 74-32 irabazi zuten, txapeldun bilakatuz.

Garbi geratu da gure selekzioek prestakuntza oso ona egin dutela txapelketa hau jokatzeko eta esperientzia ezinhobea izan dela etorkizunari begira lanean jarraitu ahal izateko.