Amaitu dute UNIVERSIDAD DEUSTO LOIOLA INDAUTXU-k eta LA SALLE VERSIA-k LF2 mailara igotzeko igoera fasea.

Ezin izan dute mailaz igotzeko ametsa lortu baina esperientzia bikain bat bizi izan zuten gure bi taldeek pasa den asteburuan.

Loiola Indautxuko neskek EL PILAR UPV-ren aurka egin zuten debuta neurketa parekatsu batean non xehetasun txikiengatik ez zuten garaipena lortu (46-49). Bigarren jardunaldia STADIUM CASABLANCA-ren aurka izan zen larunbat goizean beste norgehiagoka oso parekatu batean. Bilbotarrak hobeto hasi ziren lehenengo laurden bikain bati esker baina atsedenaldira arerioa aurretik joan zen bigarren laurden on bati esker. Bigarren zatian dena oso estu egon zen azken momentura arte irabazteko aukerak mantenduz baina azken minutuetan ez zuten asmatu eta garaipenak alde egin zien (48-53). Igotzeko aukerarik gabe egin zioten aurre azkeneko jardunaldiari CB ISLA BONITA-ren aurka baina gogo askorekin fasea era ezinhobean bukatzeko. Hasieratik aurkaria oso ondo egon zen eta gureak baino gehiago izan ziren momentu oro azkeneko laurdenera 24 gora iritsiz. Hala ere duintasunez borrokatzen jarraitu zuten gure neskek eta azkeneko laurdenean markagailua apaintzea lortu zuten 77-62 amaituz.

La Salleko neskek aldiz hasiera oso ona izan zuten XEREZ CLUB DEPORTIVO BALONCESTO-ri 47-53 irabaziz lehenengo jardunaldian. Mikel Garciaren neskek neurketa oso serio egin zuten eta lehenengo lehia irabaztea lortu zuten igotzeko ametsa mantenduz. Bigarren jardunaldian ALIDIUM LUCENTUM ALICANTE-ren aurka neurtu ziren eta kasu honetan Alacantekoak hobeto egon ziren une oro 56-30 irabaztea lortuz. Hala ere gure neskek aurpegia eman zuten denbora guztian nahiz eta eguna ez izan. Azkeneko jardunaldira aukerekin iritsi ziren MANRESA CBF A-ren kontra nahiz eta helburua lortzea oso zaila izan. Orokorrean neurketa oso parekatuta egon zen batez ere lehenengo zatian, 16-20. Hirugarren laurdenean aldiz kataluniarrak aurrera pauso bat eman zuten eta 3-12ko partzial batekin 13 gora sartu ziren azkeneko laurdenera. Bilbotarrak ez zuten etsi eta emaitzari buelta ematen saiatu ziren azkeneko segundura arte baina oso gertu geratu ziren, 32-41eko emaitzarekin bukatuz.

Horrela amaitu da Nesken Lehen Mailako denboraldia gure taldeentzako. Nahiz eta emaitza onenak ez izan, igoera fase bikaina egin dute gure bi taldeek ondo lehiatuz partidu guztietan. Gainera, fase hau jokatzea sari bat izan da denboraldi guztian eginiko lan onari amaiera ezinhobea jartzeko.

ZORIONAK!

ARGAZKIAK: LOIOLABASKET eta LASALLEBASKET