Arrakasta itzela gure U13 eta U15-eko 3×3-ko selekzioena Galdakaoko Txapelketan.

Bi txapelketa jokatu zituzten gure neska-mutilek Errioxa, Nafarroa eta Asturias-eko selekzioen aurka, denek denen aurkako formatuan.

U15 Neskak, goizean, neurketa guztiak irabazi zituzten, saskibaloi bikaina eginez. Arratsaldean dinamika berdinarekin jarraitu zuten baina Nafarroaren aurka 11-12 galdu zuten. Hala ere Asturias eta Errioxaren aurka irabazi zuten berriro txapelketa irabaztea lortuz.

U15 Mutilek ere arrakasta itzela izan zuten goizeko eta arratsaldeko norgehiagoka guztiak irabaztea lortuz. Gainera, orokorrean jaun eta jabe izan ziren nahiz eta neurketa batzuk justu irabazi.

U13 Neskei asko kosta zitzaien hasieran soilik neurketa bakarra irabaztea lortuz goizeko txandan. Bazkaldu ostean xehetasun batzuk zuzendu eta sekulako ikuskizuna eman zuten arratsaldeko partidu denak irabaziz.

Azkenik, U13 Mutilak ere sekulakoa egin zuten azkeneko partidua bakarrik galduz Asturiasen aurka. Goizean gehiago izan ziren neurketa guztietan eta arratsaldeko lehenengo bietan ere ez zieten aukerarik eman arerioei.

Laburbilduz, esan dezakegu oraindik 3×3-rako egokitzapen prozesu horretan daudela gure jokalariak baina, pixkanaka aurrera pausoak ematen ari direla eta sentsazio oso onak utzi dituztela. Gainera, emaitza oso positiboak lortu dituzte eta horrek dinamika ezinhobean egotea baldintzatzen die beraz, lana ondo egiten ari direla garbi dago.

Datorren igandean hurrengo entrenamendu saioa edukiko dute Beasainen, Espainiko Txapelketa gerturatzen doan heinean.