Gaur Galdakaoko Urreta Polikiroldegian, eguerdiko 12:00etan hasita, jokatu da Liga Femenina 2 eta Liga Femenina Challenge-ko Euskal Kopako finala. Domusa Teknik ISB nagusitu da Ointxeren aurka (44-80) eta txapela jantzi du, partida oso sendoa eginda.
Hasieratik, Luis Agirreren taldeak erritmoa ezarri zuen defentsa gogorrarekin eta trantsizio azkarrekin, lehen laurdenean aurretik bukatuz (11-19). Bigarren zatian, iraurgitarrek errenta handitu zuten etengabeko konstanzia eta erasoan asmatuari esker, atsedenaldira 20-39ko markagailuarekin iritsiz.
Atsedenaren ostean ere, ISBk ez zuen intentsitatea jaitsi eta nagusi izan zen bai erasoan bai defentsan (40-65, hirugarren laurdenaren amaieran). Azken txanpan, bisitarien nagusitasuna mantendu egin zen, eta azken emaitzak (44-80) garaipena eta titulua ekarri zizkien.
Partiduaren amaieran, David Peña Ointxeko entrenatzaileak zailtasunak azpimarratu zituen:
“Maila fisiko oso altua ezarri dute eta guk ezin izan diogu egokitu. 40 minutuetan zehar etengabe oso konstanteak izan dira, intentsitate fisiko handiarekin”.
Bestalde, irabazleen teknikariak, Luis Agirrek, markagailuak erakutsitako aldearen inguruan hausnartu zuen:
“Partidua oso gogorra izan da. Markagailuan aldea handia izan arren, jokoan ez dut uste horrenbesteko diferentziarik egon denik”.
Amaieran, Luis Sautu, Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteak, txapeldunari garaikurra eman zion.
Horrela, Domusa Teknik ISB Euskal Kopako (LF2 eta LF Challenge) garaile bihurtu da, eta denboraldia indarrez eta sentsazio bikainak utziz hasi du.