Martxoaren 8aren harira egindako elkarrizketa sortak protagonismoa ematen jarraitzen du hainbat esparrutatik euskal saskibaloia bultzatzen duten emakumeei. Oraingoan Alicia Gomez Legorbururekin hitz egin dugu, Tabirako Baqué taldeko presidentea eta Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteordea.

Durangarren taldearen buru, Gomezek harrotasun eta konpromiso nahasketa batekin bizi du bere erantzukizuna. Berarentzat, Tabirakoko liderra izateak klubaren historia eta kide guztiak zaintzea esan nahi du. “Klubarekiko, bere historiarekiko eta klubaren parte diren pertsona guztiekiko harrotasuna eta ardura handia suposatzen du”, azaldu du.

Gainera, talde lanaren balioa azpimarratu du klubaren barruan. “Klubarekiko eta komunitatearekiko zerbitzu-lidergoan sinesten duen giza talde bikain batekin une batzuk partekatzeko zortea dut”, adierazi du. Harrobian eta saskibaloiaren bidez balioetan heztean ere jartzen du fokua lan horrek.

Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteordea denez, ikuspegi zabalago batetik lan egin dezake Euskadiko saskibaloiaren garapenaren alde. Erantzukizun horretatik abiatuta, kirol eredu inklusiboago eta berdinago baterantz aurrera egitea giltzarritzat jotzen du.

“Federaziotik euskal saskibaloia ordezkatzeak eredu inklusiboago, orekatuago eta berdintasunarekin konprometituago baten alde lan egitea dakar”, azaldu du. Ildo horretan, azpimarratu du emakumeak erabaki-organoetan egotea ez dela ordezkaritza-kontua bakarrik, baita kirol-kudeaketa aberasten duten begirada berriak ekartzea ere.

Azken urteotan, Alicia Gómezek onartzen du bilakaera bat gertatu dela kirolaren barruko zuzendaritza postuetan emakumeen presentzian. Gero eta emakume gehiago daude inplikatuta kluben, federazioen eta egitura teknikoen kudeaketan.

Hala ere, benetako berdintasuna lortzeko oraindik bide luzea dagoela gogorarazi du. “Prozesu horrek jarraitu egin behar du, lanpostu horietan emakumeen sarbidea eta presentzia benetako ekitate-baldintzetan ematen dela ziurtatzeko”.

Bere esperientziatik abiatuta, aurrera egiten jarraitzeko funtsezko faktoreetako bat parte-hartzea eta bateragarritasuna errazten duten inguruneak sortzea da, eta, horrez gain, beste emakume batzuei kirolaren kudeaketarantz pausoa emateko inspirazioa eman diezaieketen erreferenteak ikusaraztea. Halaber, garrantzitsua iruditzen zaio klubek eta federazioek prestakuntza eta laguntza bultzatzea arlo horietan.

M8aren harira, Gomezek euskal saskibaloian parte hartzen duten emakume guztiei esker ona adierazteko mezua zabaldu nahi du. “Kirol honen parte zareten guztion konpromisoa eskertzea da lehenengo gauza”, dio.

Eta etorkizunerako begirada partekatu batekin amaitzen du: “Jarrai dezagun elkarrekin aurrera egiten saskibaloi berdinago baterantz konfiantzaz, eta gure talentu partekatuak jarrai dezala bidea markatzen”.