Bilbotarrak bilakatu ziren TERCERA FEB-eko Euskal Koparen Txapeldun!
Final 4 izugarria bizi genuen pasa den asteburuan Landako Kiroldegian BILBAO BASKET FUNDAZIOA, REDLINE MEKANIKA TAKE, MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta BASKONIA-ren artean.
Lehen final-erdia REDLINE MEKANIKA TAKE eta MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren artean izan zen. Arrasatearrak 54-66 irabazi zuten lehenengo laurden sendo bati esker, 12-33. Tolosarrak bigarren laurdenetik aurrera hobeak izan ziren baina ezin izan zioten buelta eman lehenengo laurdenak utzi zuen alde horri.
Bigarren final-erdian, BILBAO BASKET FUNDAZIOA eta BASKONIA-ren artean, bilbotarrak 71-64 irabazi zuten sekulako emanaldia emanez hiruko marratik (12 hiruko). Hala ere, Gasteiztarrak partidu oso serioa egin zuten eta nahiz eta talde oso gaztea izan, arerio indartsua izango da denboraldian zehar.
Finalean MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta BILBAO BASKET FUNDAZIOA neurtu ziren partidu zirraragarri batean. Lehenengo zatian gipuzkoarrak zerbait finago ibili ziren atsedenaldira 5 gora joanez. Bigarren zatian eta berriro hiruko marratik, bilbotarrak emaitzari buelta eman zioten eta amaierara arte mantenduko zuten alde txiki bat lortu zuten. Azkenean eta azken minutu bizi batzuk eta gero, 54-60 bukatu zen.
Hemendik bai txapelduna eta bai partaide guztiak zoriondu nahi ditugu eginiko txapelketarengatik eta, zorte ona opa diegu orain datorrenarentzako.
Gainera, TABIRAKO BAQUE eta Durangoko Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiegu emandako laguntzarengatik eta antolakuntza bikainarengatik.
ARGAZKIA: TABIRAKO BAQUE.