Nafarroa Kadete Nesketan eta Gipuzkoa Kadete Mutiletan izan ziren Txapeldun, Bizkaiak Infantil lehiaketak menderatzen zituen bitartean.
KADETE NESKAK
Kadete nesken txapelketan final-erdi interesgarriak eduki genituen. Lehenengoan, BIZKAIA eta NAFARROA-ren artean, Bizkaitarrak oso ondo hasi ziren baina, naparrak, hirugarren laurden bikain batekin partidua guztiz haustea lortu zuten 43-62 irabaztea lortuz.
Bigarren final-erdian, GIPUZKOA eta ARABA-ren artean, infartuzko amaiera eduki genuen, Gipuzkoarren garaipenarekin 70-68. Gipuzkoarrak hobeak izan ziren lehen zatian 12 gora joanez atsedenaldira baina, arabarrak ez zuten etsi eta bukaeraraino borrokatzen egon ziren azkeneko laurdenean aurretik jartzea lortu arte. Hala ere, azkenean, Natale Enak hiruko batekin partidua erabakita utzi zuen Gipuzkoarrak finalera sailkatuz.
Finalean, Gipuzkoarrak oso ondo hasi ziren 30-15eko partzial batekin baina, naparrak bigarren laurdenetik aurrera partiduaren kontrola hartu zuten, emaitzari buelta emanez eta txapeldun bilakatuz 71-77 emaitzarekin.
3º eta 4º postuetan BIZKAIA gehiago izan zen une oro 73-42 irabaziz ARABA-ren aurka.
KADETE MUTILAK
Kadete Mutiletan GIPUZKOA izan zen txapeldun izerdi asko bota ondoren. Izan ere, final-erdian ARABA-ren aurka irabazi zuten luzapen bat eta gero. Partidua irabazita zutela, Asier Perezek zelai erditik hiruko bat sartu zuen partidua luzapenera eramanez. Bertan, txanpona Beñat Mujikaren mutilen alde erori zen amaiera estu batean, 85-82.
Finala BIZKAIA-ren aurka jolastu zuten, final-erdian NAFARROA-ri 80-68 irabazi baitzuten. Bizkaitarrak orokorrean gehiago izan ziren 20 gora sartuz azken laurdenera baina, naparrak duintasunez borrokatzen jarraitu zuten emaitza apaintzea lortuz.
Finala, sekulako ikuskizuna izan zen, bigarren luzapenean erabakiz Gipuzkoarren alde, 86-84. Partidua une oro oso parekatuta egon zen bi taldeek sekulako maila eskeiniz eta hurrengo urteetan gogoratuko den final bikain bat utziz. Aipatzekoa, nahiz eta galdu, Mikel Liñaresen 47 puntuak, garbi utziz etorkizun handia duen jokalaria dela.
3º eta 4º postuetan NAFARROA-k irabazi zuen amaiera estu batean ARABA-ren aurka 64-62.
INFANTIL NESKAK
Infantil Nesken txapelketan, ARABA eta GIPUZKOA-ren artean izan zen lehen final-erdia Gipuzkoarren garaipenarekin 52-76. Gipuzkoarrak oso ondo sartu ziren partidura 30 gora joanez atsedenaldira. Bigarren zatian dena parekatsuagoa egon zen arabarrak aldea zerbait murriztea lortuz.
Bigarren final-erdia estuago egon zen NAFARROA eta BIZKAIA-ren artean, azken hauen garaipenarekin 57-69. Atsedenaldira puntu bateko aldearekin sartu ziren Naparrak baina, hirugarren laurdenean Bizkaitarrak oso fin egon ziren partidua guztiz hautsiz eta finalera sailkatuz.
Finalean kolore bakarra egon zen, Bizkaiarena. Hasieratik erritmo handia ezarri zuten Bizkaitarrak Gipuzkoarrei partiduan sartzea utzi gabe. Sekulako emanaldia eman zuten 107-59 irabaziz.
3º eta 4º postuetan ARABA eta NAFARROA-ren artean, naparrak bigarren zatian emaitzari buelta eman zioten 47-64 irabazten bukatzeko.
INFANTIL MUTILAK
Azkenik, Infantil Mutilen txapelketa, seguraski guztietatik berdintsuena izan da, edozeinek irabazi ziezaiokelako edozeini.
Lehen final-erdia ARABA eta GIPUZKOA-ren artean izan zen, arabarren garaipenarekin 69-67. Azken segunduetan erabaki zen partidua jaurtiketa marratik. Arabarrek ez zuten barkatu 7 sartuz azkeneko 8 jaurtiketetatik eta Gipuzkoarrak aldiz azkeneko 6ak huts egin zituzten.
Bigarren final-erdia ere oso parekatsua egon zen NAFARROA eta BIZKAIA-ren artean, azken hauen garaipenarekin 58-61. Partidua une oro oso estu egon zen hasieratik azken segundura arte. Txanpona azkenean Bizkaitarren alde erori zen.
Finala, sekulako ikuskizuna izan zen BIZKAIA eta ARABA-ren artean, bizkaitarren garaipenarekin 73-72. Txapelketa guztia bezela, partidua hau ere infartuzkoa izan zen sekulako hartu-emanarekin azken segunduetan hainbat lidergotza aldaketekin. Azkenean, Ander Lopezen saskiratze batek garaipena eman zien 9 segunduren faltan.
3º eta 4º postuetan GIPUZKOA eta NAFARROA-ren artean, Gipuzkoarrak gailendu ziren 68-64.