CONET FACILITY ARABA izan da Nesken Bigarren Mailako F4aren txapelduna mailaz igotzea lortuz.

Beste Final 4 bikain bat Gasteizen bizi izan zena, Divino Maestro Kiroldegian.

Final-erdiak larunbatean izan ziren lehenengoa CONET FACILTY ARABA eta NAVASKET-en artean arratsaldeko 16:30etan. Bi taldeei urduritasuna nabaritu zitzaien hasieran saskiratze asko barkatuz lehenengo minutuetan lehenengo laurdena 10-13ko emaitzarekin amaituz nafarren alde. Hortik aurrera Gasteiztarrak erosoago sentitzen hasi ziren eta hurrengo 20 minutuak menderatu zituzten azken laurdenera 12 puntuko aldearekin sartuz. Hala ere nafarrek borrokatzen jarraitu zuten eta nahiz eta bi minuturen faltan 18 behera joan, azken esfortzu bat egin zuten markagailua apaintzea lortuz. Azkenean 65-56 eta Gasteiztarrak finalera.

Bigarren final-erdia 19:00etan izan zen ARANGUREN MUTILBASKET eta GETXO SBT-ren artean. Norgehiagoka honetan Getxotarrak hobeto egon ziren hasieratik 9 gora joanez atsedenaldira eta nahiz eta hirugarren laurdena parekatsuagoa izan, 20 gora irabazten amaitu zuten Frank Herreraren neskek (47-67). Defentsa sendoa eta kanpoko jaurtiketen eraginkortasuna, 11 hiruko sartuta, klabe izan ziren Bizkaitarrentzako finalera sailkatzeko.

Finala CONET FACILTY ARABA eta GETXO SBT-ren artean izan zen eta igandean bertan ospatu zen arratsaldeko 17:30etan. Hasierak markatu zuen neurketaren etorkizuna izan ere Gasteiztarrak oso ondo sartu ziren partidura eta lehenengo minutuak menderatu zituzten 20-11 amaituz lehenengo laurdena. Hortik aurrera tira-bira mundiala izan zen bi taldeen artekoa non Getxokoak 5-6 puntura jartzea lortzen zuten baina etxekoak berriro ere 12-13 puntura alde egiten zuten. Azkenean Arabarrak garaipena eskuratu zuten 70-58 baina izerdi asko bota ondoren.

Gasteiztarrak txapeldun izateaz aparte GRAFICAS JUARISTI ZKE-rekin batera Nesken Lehen Mailara igo dira.

ZORIONAK!