Denboraldia amaitu dute iada LF CHALLENGE mailan eduki ditugun DOMUSA TEKNIK ISB eta HORBISA SPIRIT GREENKW BARAKALDO taldeek.

DOMUSA TEKNIK ISB-ek denboraldi bikaina egin du 7º postuan amaituz igoerako kanporaketak jokatzera iritsiz. Hala ere hasiera ez zen erraza izan Euskal Kopa galduz lehenengo eta lehenengo 6 partiduetatik soilik 2 irabaziz. Hortik aurrera dinamika aldatzen joan zen saskibaloi maila oso ona eginez eta hurrengo 9 partiduetatik 7 irabaziz lehenengo itzulia 9 garaipenekin bukatuz. Bigarren itzuli hasieran makaldu egin ziren baina partiduak pasa ahala berriro ere martxa ona hartzen dute liga erregularra 6 garaipen jarraiekin amaituz.

Play-offean RECOLETAS ZAMORA izan dute aurrean final-laurdenetan. Lehenengo norgehiagoka oso ona izan zen etxekoen aurrean 59-62 galduz azkeneko momentuan. Itzulekoan aldiz Zamorakoak gehiago izan ziren inongo aukerarik eman gabe Azkoitiarrei (73-43) eta hauek play-offetatik eliminatuz. Hala ere aipatu beharra dago denboraldi oso ona egin dutela eta are gehiago kontuan edukita igo berria zen talde bat zela.

Bestalde, HORBISA SPIRIT GREENKW BARAKALDO eduki dugu 7 garaipenekin, maila mantentzeko garaipen batera geratuz. Denboraldia ez zuten gaizki hasi Bizkaitarrak Euskal Kopa irabaziz Galdakaon. Hortik aurrera gauzak ez dira errazak izan eta nahiz eta ondo lehiatu, asko barkatu zuten lehenengo itzulian eta 5 garaipen bakarrik gehitu zituzten denboraldiko lehen zati horretan. Bigarren itzulian egoerari buelta ematen saiatu ziren baina okerrera egin zuten soilik beste 2 garaipen gehituz eta mailari agur esanez. Egia da maila mantentzea erronka zaila zela talde igo berri bezala eta esan beharra dago asko saiatu direla nahiz eta helburua ez lortu. Pena handiarekin baino agur esan diote LF CHALLENGE mailari.

Animo, berriz bueltan egongo zarete!

Azkenik, amaiera «tristea» izan da batzuentzako izan ere Juana Molina eta Intza Lizarazu jokalariak erretiratu egin dira denboraldi askoren ondoren. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu bi jokalariei Euskal Saskibaloiari eman dioten guztiagatik eta gure txikientzako erreferente izateagatik beti.

ARGAZKIAK: IRAURGI SB eta HORBISA SPIRIT GREENKW BARAKALDO.