Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zuzendaritzak argitaratu ditu jarduera fisikoaren eta kirolaren jarraibideak, deseskalatzearen 1. fasean (Maiatzaren 11tik 24ra)

LABURPEN OHARRA

ARAU OROKORRAK

  • Oro har, jarduera fisikoa eta kirola egin daiteke aire zabalean, betiere segurtasun, osasun eta higieneko neurriak betez.
  • Pertsonen artean 2 metroko distantzia gorde beharko da gutxienez; bizikletak, irristailuak eta antzekoak erabiltzen direnean izan ezik (kasu horietan, 10 metroko distantzia gorde beharko da).

 ORDUTEGIAK

  • Jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egunean behin egin ahal izango dira, denbora-mugarik gabe, bakoitzari dagokion tartean, bizi den udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan (gune naturalak eta berdeguneak barnean hartuta). Hau da:
    • 14 urtetik gorakoak, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
    • 70 urtetik gorakoak eta mendeko pertsonak, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
  • Arrazoi medikoak eta kontziliazio-arrazoiak daudenean, ezarritako ordu-tarteetatik kanpo egin ahal izango da jarduera fisikoa.
  • 5.000 biztanletik beherako udalerri batean bizi diren eta jarduera fisikoa udalerrian bertan egiten duten pertsonei ez zaizkie aplikatuko ordu-tarteak. 5.000 biztanletik beherako udalerri batean bizi diren eta 5.000 biztanletik gorako udalerri batera joaten diren pertsonei azken udalerri horretako ordu-tarteak aplikatuko zaizkie. 5.000 biztanletik gorako udalerri batetik 5.000 biztanletik beherako udalerri batera joaten diren pertsonei, berriz, lehen udalerriko ordu-tarteak aplikatuko zaizkie.

 

KIROL-JARDUERA PROFESIONALA, GOI-MAILAKOA ETA FEDERATUA

  • Federazio-lizentzia duten kirolariek egunean bi aldiz egin ahal izango dute kirola, betiere bizi diren udalerrian edo ondoko udalerrietan. 2019-2020 edo 2020 denboraldian indarrean dagoen federazio-lizentziarekin egiaztatuko dute beren kirolari izaera. 14 urtetik beherako federatuen kasuan, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, 14 urtetik gorakoentzat gordetako tarteetan egingo dute jarduera (kasu horretan ere, egunean bitan egin ahal izango dute kirola).
  • Kirolari profesionalek edo goi-mailakoek edozein ordutan eta lurralde osoan egin ahal izango dute kirola. Entrenatzaile-lanetan arituko den pertsona bat egon daiteke eurekin, betiere segurtasun-neurriak betez. Kirolari-izaera hori dagokion federazioaren kirol-lizentziarekin edo goi-mailako kirolariaren ziurtagiriarekin egiaztatuko dute.

Oharrak:

  • Egiten den kirol-modalitatean animaliek parte hartzen badute, aire zabalean eta bakarka egin ahal izango da, animaliak dauden lekuan, aurrez ordua eskatuta eta beti aldi berean.
  • Distantziak ez dira eskatuko kirol egokituaren kasuan. Kirol-jarduera behar bezala egin daitekeela bermatzeko beharrezkoak diren neurrian murriztuko dira distantziak. Nolanahi ere, biek maskara erabili beharko dute eta bidezkotzat hartzen diren beste neurri batzuk bete beharko dituzte.

 

KIROL-INSTALAZIOAK

  • Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.
  • Aire zabaleko kudeaketa pribatuko instalazioak ireki ahal izango dira, betiere egiten den jarduera bakarkakoa bada edo bi pertsonak parte hartzen badute (buruz buruko modalitateetan, hala nola tenisean edo padelean).
  • Kudeaketa pribatuko instalazio itxietan, entrenamendu pertsonala baino ez da baimenduko (bakarkako entrenamendua: bezero bat entrenatzaile bakoitzeko).
  • Kirol-instalazioetan (aire zabalekoetan zein itxietan), ordua eskatu beharko da sartzeko, eta txandak ezarriko dira. Ez da kontaktu fisikoa baimenduko, eta bi metroko distantzia gordeko da. Aldagelak ez dira erabiliko. Halaber, edukieraren % 30 bete ahal izango da, eta instalazioa dagoen udalerrian edo udalerri mugakideetan bizi diren pertsonak baino ez dira sartu ahal izango.
  • Kirol-instalazioetan, kirol-jarduera egiteko ordutegia instalazioak berak finkatutakoa izango da.

 

BESTE ZEHAZTASUN BATZUK

  • Fadurako Teknifikazio Zentroa zabalik egongo da Basque Team-eko kirolarientzat eta Tokio 2021eko Olinpiar edo Paralinpiar Jokoak prestatzen ari direnentzat.
  • Edozein kasutan, ibilgailu propioa erabili ahal izango da jarduera egin behar den lekura joateko, betiere talde bakoitzari dagozkion lurralde-mugekin.
  • Kirol- edo aisialdi-izaerako ehiza eta arrantza ez daude baimenduta.
  • Jarduera fisikoa edo kirol-jarduera norbera bizi den udalerrian edo udalerri mugakideetan egin ahal izango dela kontuan hartuta, ibilgailu propioa erabili ahal izango da udalerrian bertan mugitzeko kirola egiteko edo udalerri mugakideetara joateko.