Emakumezkoen Bigarren Maila A-A
Unsain Grupo Lagunaken eta Easo Ibaeta Basket en Clave de Solen artean, nafarrak irten ziren garaile. Lehenengo laurdenean nafarren aldeko 20-6 partziala eman zen. Bigarren laurdena berriz, 16-20ko partzial baten bitartez, donostiarrak markagailuan hurbildu ziren. Hala ere, nafarrak aurretik ziren eta horrela jarraitu zuten amaierara arte (79-60).
Mazarredo Fisioterapia Unamunok lehenengo postuan jarraitzen du Navasketen aurka erraztasun handiz irabazi ostean (82-33).
Leioak etxean irabazi zuen Escolapiosen aurka. Etxeko taldeak 30 puntuko aldea zeraman hirugarren laurdena bukatu orduko. Azken laurdenean bilbotarrek aldea apur bat murriztu ostean, garaipena etxean geratu zen (67-45).
Maalaser Unibasketek garaipena eskuratu zuen Killyan-Atlético San Sebastianen aurka (67-58). Donostiarrek indartsuago hasi zuten neurketa. Bigarren laurdenean, Unibasketek markagailua irauli zuen eta aurretik mantendu zen bukaerara arte.
Gazte Berriak SK nagusi izan zen Maristas Logroñoren aurkako norgehiagokan. Nafarrak aurretik izan ziren lehenengo hiru laurdenetan zehar, gainera, azken laurdena hasterakoan ia 20 puntuko alde zeramaten. Azken txanpan, errioxarrek aldea murriztu zuten amaierako 64-55era arte.
EMAKUMEZKOEN BIGARREN MAILA AB
Gráficas Juaristi ZKEk Packaging Ugeraga irabazi zuen (73-48). Hasierako partziala 18-6 izan zen zarauztarren alde eta hirugarren laurdenerako 28 puntu aurretik ziren.
Hondarribiko Hondartza polikiroldegian etxeko taldea irten zen garaile Valle de Egüesen aurka. IZ4 Hondarribia alde gutxigatik izan zen aurretik lehenengo hiru laurdenetan zehar. Nafarrak markagailua iraultzeko gai izan ziren, modu horretan, amaiera estua bizi izan zen. Azkenean, IZ4 Hondarribiak irabazi zuen (52-48).
Andamios Liceo Monjardinek garaipen erosoa lortu zuen Amurrion (34-65). Hasieratik amaierara neurketaren jabetza nafarrena izan zen.
SBT Getxo garaile irten zen Jacobeo Alberite Clínica Dental Sonrioren etxean (34-49). Hasieran etxeko taldeak hasi zuen aurretik neurketa. Bigarren laurdenean berriz, bizkaitarrek markagailu irauli zuten 6-21eko partzial baten bitartez. Hortik aurrera Getxo aurretik izan zen markagailuan.
Emakumezkoen Bigarren Mailari bukaera emateko, Avia Zizur Ardoik etxean irabazi zuen Alkivent Tojuren aurka. Norgehiagoka berdintsua jokatu ostean nafarrek irabazi zuten 3 puntugatik (72-69).
GIZONEZKOEN BIGARREN MAILA
Alde batetik, Ebaski Solutions San Prudenciok etxean irabazi zuen Erroibide Irunen aurka. Neurketa osoan zehar gasteiztarrak aurretik izan ziren baina alde gutxigatik. San Prudenciok 56-49 irabazi ostean, bigarren postuan jarraitzen du. Beste aldetik, Easo Gipuzkoa Basket Turdus Winek Azpeitian irabazi zuen Disdira Bitxitegia ISBren aurka (81-98). Lehenengo partzialean, donostiarrak 10 puntu aurretik kokatu ziren. Azpeitiarrek markagailuan gerturatzeko gai izan ziren baina donostiarrek azken laurdenean egindako partzialari esker (21-30) berriz ere aldea handitu zuten.
Askartzak Oñati irabazi zuen (62-70). Hasieran, Aloña Mendi KE nagusi izan arren, bizkaitarrek markagailua irauli zuten bigarren laurdeneko partzialaren bidez (10-25). Hortik aurrera Askartza aurretik mantendu zen markagailuan hiruko marratik fin ibili ostean.
Universidad de Deusto Loiola Indautxuk Axa Amurrio garaitu zuen (74-84).
Padurak garaipena eraman zuen poltsikora Araberri Basketen etxean (74-84). Arrigorriagako taldeak 20 puntuko aldea zeraman atsedenaldirako; bigarren zatian ostera, arabarrek aldea murriztu arren, ez zen nahikoa izan.
Ordizia puntu bakar bategatik irten zen garaile Zornotzaren etxean (66-67). Etxeko taldeak izan zuen markagailuaren jabetza azken unera arte. Azken laurdeneko zazpigarren minutuan, gipuzkoarrek neurketa 61 puntura berdintzea lortu zuten. Azken minutuetan hobeto aritu ziren ordiziarrak eta garaipen estu bat poltsikora eramatea lortu zuten.
Azkenik, Soraluce BKEk etxean irabazi zuen Hotel Gran Bilbao Santutxuren aurka. Lehenengo zatia berdintsua izan zenez, puntu bakar bategatik aurretik ziren bilbotarrak atsedenaldirako (31-32). Bigarren zatian berriz, etxeko taldea finago aritu zen eta Antzon Hernándezen eskutik (19 puntu eta 10 errebote) garaipena etxean geratu zen.
Argazkia: NAVASKET