NESKEN LEHEN MAILA
IDK EUSKOTREN-ek jarraipena eman zion azkeneko garaipenari BARÇA CBS-ri 55-77 irabazi eta gero. Donostiarrak hasieratik partidua kontrolatu zuten eta une oro aurretik egon ziren. Azu-renak denboraldi itzela egiten ari dira eta 11.ena gehitu dute berdinketa hirukoitza batean. PlayOff postua finkatzen ari dira pixkanaka eta helburua geroz eta gorago gelditzea izango da.
KUTXABANK ARASKI-k bere partetik ezin izan zuen bere etxean oso eroso jolasten duen BAXI FERROL-en aurka. Galiziarrak hasiera ona egin zuten 10 puntuko aldea lortuz. Bigarren laurdenean gureak partiduan sartzea lortu zuten baina etxekoak oso konektatuta mantendu ziren. Bigarren zatian azken hauek partidua hautsi zuten eta 72-53 irabazi zuten. Gasteiztarrak denboraldi gorabeheratsua edukitzen ari dira baina ziur gaude PlayOff postuengatik borrokatzen egongo direla denboraldi bukaeran.
LOINTEK GERNIKA-k saskiratze erakustaldia eman zuen SPAR GRAN CANARIA-ren aurka 98-59 irabaziz. Bizkaitarrak kanpokoen gainetik pasa ziren partzial guztiak menderatuz eta partidu ezin hobea eginez. Aipatzekoa Stephanie Watts-en emanaldia 26 puntu eta 6 hirukoekin. Gernikarrak IDK-rekin berdinduta daude sailkapenean eta hauek bezela geroz eta goragoen gelditzen saiatuko dira.
NESKEN BIGARREN MAILA
HGB AUSARTA BARAKALDO-k garaitu gabe jarraitzen du ITESAL FEMENINO ALCORCON-i 88-70 irabazi eta gero. Ez zen partidu erraza izan kanpokoak oso ondo konpetitu zutelako batez ere lehenengo zatian. Hirugarren laurdenean bizkaitarrak erritmoa areagotu eta partidua guztiz hautsi zuten 24-7ko partzial batekin. Etxekoak denboraldi aparta burutzen ari dira eta badirudi ez dutela pistoia jetsi nahi.
IBAIZABAL-ek CEEB TORDERA UNIGIRONA-ren etxea bisitatu zuen bigarren luzapenera joan zen partidu batean. Partidua orokorrean oso parekatsu egon zen non etxekoak zerbait finago ibili ziren hasieran 8 puntuko aldea lortuz. Bigarren zatian bizkaitarrak partiduan sartu ziren eta 2 segunduren faltan bi jaurtiketa libreei esker partidua luzapenera eraman zuten. Lehenengo luzapenean bi taldeen nekea nabari zen eta puntu gutxi lortu eta gero bigarren luzapenera joan ziren. Azkenean etxekoak 70-63 irabazi zuten.
DOMUSA TEKNIK ISB fuerte egin zen etxean ROBLES FORÇA LLEIDA-ren aurka 73-59 irabaziz. Partidu luzea izan zen non pixkanaka partzial guztiak irabazten joan ziren eta azkenean, nahi zuten erritmoan jolastuz eta gauzak oso ondo eginda, garaitu zuten. Aipatzekoa da harrobiko jokalaria den 15 urteko Nora Arozena-k lehen taldearekin debuta egin zuela. Garrantzitsu izan zen 20 minutu jolastuz eta 9 puntu eta 7 errebote lortuz. Etorkizun haundiko jokalaria.
ACB LIGA
SURNE BILBAO BASKET-ek liderra den REAL MADRID-en etxean galdu zuen 95-80. Bilbotarrak aurpegia eman zuten mailako talde onenaren aurka baina ezinezkoa egin zitzaien madrildarrak jarri zuten erritmoarekin. Bilbotarrak 13º postuan daude 5-6 talderen arteko borroka batean. PlayOff-ak momentuz urruti edukita, jetsiera postuetatik urruntzen saiatuko dira.
BASKONIA-k aldiz MORABANC ANDORRA jaso zuen etxean denboraldiko partidurik ikusgarrienetakoan. Bi taldeek hasieratik bukaerararte saskiratzen egon ziren 108-95 bukatu arte. Azkenean gasteiztarrek 13 gora egin zuten baina izerdi asko bota eta gero, kanpokoek sendo aurre egin baitzuten. Baskonia PlayOff postuetan dago baina lehenengo postuetatik urruti. Dinamika ona berreskuratu dute ligan eta hori mantentzen saiatuko dira goran bukatzeko.
URREZKO LEB MAILA
GIPUZKOA BASKET-ek CACERES-en aurka jolastu zuen ostiralean eta garbi utzi zuen mailaz igotzeko faboritoenetakoa dela. Denboraldi bikainari jarraipena eman zioten 68-86 irabaziz. Lehenengo zati bikain bati esker atsedenera 14 gora joan ziren partidua guztiz kontrolatuz. Hirugarren laurdenean partidua amaitutzat emateko 26 gora jarri ziren. Hala ere etxekoek duintasunez borrokatu zuten emaitza apaintzeko. Mikel Odriozola-ren lan bikainari esker, hasieran ametsa zirudiena orain errealitate bihurtu da.
EBA MAILA
REDLINE MEKANIKA TAKE-k garaipen garrantzitsua lortu zuen etxean GRUPO DE SANTIAGO-ren aurka. Sekulako ikuskizuna eman zuten Goar Artetxe-ren mutilek sailkapeneko 6.enari irabaziz, 99-64. Lehenengo laurdena erabakigarria izan zen 35-9ko partzial batekin. Hortik aurrera tolosarrak lasaiago ibili ziren partidua kontrolpean zutela baina erritmoa jetsi gabe.
GIPUZKOA BASKET EASO-k bere partetik ez zuen lortu PAS-PIELAGOS menderatzea eta 78-89 galdu zuen. Donostiarrak lehenengo zati itzela egin zuten atsedenera 7 gora joanez. Bigarren zatian kanpokoak oso ondo sartu ziren eta patiduari buelta eman zioten hirugarren laurden bukaeran 9 gora jarriz. Azken laurdenean Renedokoak partidua kontrolatu zuten San Sebastian asteburua izorratuz.
BASKONIA eta ULACIA ZKE-k azken urteetan ohikoa bihurtu den derbia jolastu zuten Gasteizen. Partidua une oro berdinduta egon zen hartu eman askorekin eta markagailu aldaketa askorekin. Azken laurdenean gasteiztarrak finago ibili ziren eta 20-9ko partzial bati esker 80-70 irabazi zuten. Baskonia 3º dago sailkapenean igoera postuen borrokan. Gipuzkoarrak aldiz 10º daude beheko postuak atzean utzi nahiean.
BILBAO BASKET FUNDAZIOA-k dinamika ezin hobean jarraitzen du 8.en garaipen jarraia lortuz LBC COCINAS-en aurka. Lehenengo bi sailkatuak dira eta espero bezela, partidu zirraragarria izan zen hasieratik bukaeraino. Dena oso estu egon zen baina, azkenean, Unai Barandalla-ren erakustaldiaz lagunduta (28 puntu), 78-83 irabazi zuten. Pauso erraldoia igoera lortzeko.
GETXO SASKIBALOI TALDEA ere, igoeraren bila dago eta ez zuen barkatu GRUPO INMAPA FILIPENSES-en aurka. Ez zen partidu erraza izan beheko postuetan dagoen aurkari baten aurka baina, hirugarren laurden sendo bati esker, 18 gora jarri ziren. Azken partzialean etxekoak gerturatu egin ziren baina ez zen nahiko izan bizkaitarrak partiduaren “denbora” kontrolatu baitzuten 69-80 bukatuz.
Azkenik, MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta SANTURTZI SK-ren arteko euskal derbian, gipuzkoarrak gailendu ziren 74-71. Partidua une oro berdinduta egon zen alde oso txikiekin. Atsedenera bizkaitarrak 5 gora joan ziren baina bigarren zatian etxekoak zertxobait finago egonda, ez zioten garaipenari alde egiten utzi. Azken hauek 7º daude sailkapenean goiko postuetatik urruti eta santurtzikoak aldiz, jetsiera postuetatik alde egiteko borrokan jarraitzen dute.