Azken sailatuek lider direnei ezustekoak eman dizkiete jardunaldi honetan.

NESKEN BIGARREN MAILA

A-A multzoan MARISTAS LOGROÑO, azken sailkatua, liderraren aurka irabazi zuen, MAZARREDO FISIOTERAPIA UNAMUNO. Multzo honetan edozer gauza gerta litekela garbi zegoen eta argi geratu da asteburu honetan. Errioxarrak urtea ondo hasi dute eta hori berretsi dute liderrari 71-69 irabazi eta gero. Bilbotarrak hasiera hobea eduki zuten, baina bigarren laurdenetik aurrera etxekoak pixkanaka partiduaren kontrola hartzen joan ziren emaitzari buelta eman arte.

UNSAIN GRUPO LAGUNAK-ek ere, ez zuen erraza izan, eta nahiz eta irabazten bukatu, izerdi asko bota zuten GAZTE BERRIAK S.K. gainditzeko, 52-50. Hasiera sendo bati esker, alde txiki bat hartzea lortu zuten etxekoek, baina kanpokoak segituan lortu zuten partiduan sartzea. Azken laurdenean tira bira itzela egon zen non, azkenean, garaipena etxean geratu zen.

KILLYAN ATLETICO SAN SEBASTIAN eta ESCOLAPIOS BILBAO berdinduta zeuden sailkapenean A1-ean sartzeko borrokan. Hasiera parekatu bat eta gero, bilbotarrak bigarren laurden itzela egin zuten atsedenaldira 13 gora joanez. Hortik bueltan donostiarrak buelta ematen saiatu ziren baina kanpokoak partidua kontrolpean mantendu zuten 47-59 irabaziz. Funtsezko garaipena fasea bukatzeko hiru jardunaldiren faltan.

LEIOA SBT-ek ere ezinbesteko garaipena lortu zuen NAVASKET-en aurka partidu estu batean. Bizkaitarrak oso ondo hasi ziren eta 11 puntuko aldea lortu zuten lehenengo laurdenean. Hortik aurrera partidua guztiz berdindu zen bi taldeen arteko hartu emanari esker. Azkenean etxekoak 66-59 irabazi zuten lehenengo partzialean lorturiko abantailari esker.

Multzo honetako azken partiduan MECALASER UNIBASKET-ek EASO IBAETA BASKET-en etxean irabazi zuen 58-74. Bi taldeak garaipenaren senda berreskuratu nahiean oso serio sartu ziren partidura eta lehenengo zatian neurketa oso parekatua egon zen. Orduan, aldageletatik bueltan, errioxarrak beste erritmo bat ezarri zuten eta azkeneko laurdenera 16 gora iritsi ziren partidua guztiz hautsiz.

SAILKAPENA:

A-B multzoan aldeak haundiagoak dira taldeen artean eta ia postu guztiak definituta daude.

Jardunaldia LICEO MONJARDIN-ek zabaldu zuen SOPELA-ren aurka. Naparrak, azkeneko bi partiduak galduta eta sentsazio onak berreskuratzeko intentzioarekin, oso serio sartu ziren 4. sailkatuaren aurka. Hasieran partiduaren erritmoa eraman zuten atsedenera 10 puntuko aldea lortuz. Bigarren zatian, bizkaitarrei partiduan sartzen utzi gabe, defentsa maila haunditu zuten eta partzialak guztiz menderatu zituzten 70-41 irabaziz.

ALKIVENT TOJU-k aurpegia eman zuen IZ4 HONDARRIBIA-ren aurka eta gipuzkoarrek kostatako garaipena lortu zuten. Lehenengo laurdenean gasteiztarrak hobeto egon ziren baina berdekoak azkar esnatzea lortu zuten eta bigarren laurdena guztiz menperatu zuten, emaitzari buelta emanez eta 7 gora joanez atsedenera. Bigarren zatian berriro ere etxekoak oso ondo sartu ziren eta azken laurdenera 4 behera joan ziren. Azkenean berriro ere kanpokoek partiduaren kontrola hartu eta 62-76 eraman zuten.

GETXO SBT-ek ikuskizuna eman zuen erasoan eta azken sailkatuaren gainetik pasa zen 90-51 irabaziz, AXA AMURRIO A. Hasieratik jaun eta jabe izanda, ez zieten aukerarik eman arabarrei eta 5. postuaren borrokan jarraitzeko funtsezko garaipena lortu zuten. Kanpokoak azken postuan daude, baina potzutik ateratzeko garaipen batera.

JACOBEO ALBERITE-k AVIA ZIZUR ARDOI-ri irabazi zion beheko postuetako borrokan. Hasieran dena oso parekatsu egon zen baina bigarren laurdenetik aurrera etxekoak finago egon ziren azken laurdenera 11 puntuko aldearekin iritsiz. Kanpokoak azken esfortzua egin zuten markagailuari buelta emateko baina errioxarrak ez zuten kontrola galdu 59-52 irabaziz.

Azkenik, GRAFICAS JUARISTI ZKE lider jarraitzen du VALLE DE EGÜES-i 59-35 irabazi eta gero. Nahiz eta markagailuak kontrakoa esan, naparrek aurpegia eman zuten eta gauzak zail ipini zizkieten etxekoei. Are gehiago, kanpokoak jaurtiketa gehiago egin zituzten, baina hirukoetan eduki zuten ehunekoak (0/19) ez zuen lagundu. Ezberdintasun nagusiena hor dago izan ere, zarauztarrak 7 sartu zituzten.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN BIGARREN MAILA

Bigarren itzulia hasi da eta EASO GIPUZKOA BASKET-ek barkatu gabe jarraitzen du. Oraingoan LOIOLA INDAUTXU hartu zuten etxean eta 71-67 irabazi zuten. Orokorrean donostiarrak finago ibili ziren eta partidua kontrolatu zuten azken laurdenera 17 gora iritsiz. Bilbotarrak ez zuten etsi eta bukaeran eginiko esfortzuari esker ia buelta ematen diote markagailuari.

SAN PRUDENCIO-k SORALUCE BKE jaso zuen etxean eta azken hauek porroten bolada txarrari amaiera eman zioten 55-75 irabaziz. Gipuzkoarrak partidu oso serioa egin zuten bigarren itzulia sendo hasteko eta zeramaten dinamika txarrarekin amaitzeko. Une oro aurretik egonda eta atsedenera 6 gora iritsiz, bigarren zatia oraindik eta gehiago izan ziren partidua guztiz menderatuz.

ASKARTZA CLARET-ek uste baino gehiago sufritu zuen etxean ORDIZIA K.E.-ren aurka, izan ere, gipuzkoarrak oso ondo sartu ziren eta atsedenera arte gogor egon ziren 10 puntuko abantaila lortuz. Hirugarren laurdenean guztiz kontrakoa gertatu zen eta bizkaitarrak eginiko defentsa bikainari esker, 1 gora sartu ziren azken laurdenean. Azkenean hartu eman bizi baten ostean, garaipena etxean geratu zen 67-62.

Jardunaldiko ezustekoa BIOTZ ALOÑA MENDI K.E.-k eman zuen DISDIRA BITXITEGIA ISB-ren aurka 78-55 irabazi eta gero. Etxekoak dinamika oso ona daramate azken lau partiduetatik hiru irabaziz eta etxean sendo egin ziren partidu eroso batean. Kanpokoak ez zuten lortu partiduan sartzea inungo momentuan eta oñatiarrak jaun eta jabe izan ziren momentu oro.

PADURA-k ere garaipen erosoa lortu zuen etxean HOTEL GRAN BILBAO SANTUTXU-ri 92-60 irabaziz. Etxekoak lehenengo laurden izugarria egin zuten 31 puntu lortuz eta hortik aurrera neurketaren kontrola eraman zuten. Kanpokoak buelta ematen saiatu ziren baina arrigorriagakoak ez zuten erritmoa jetsi eta aldea zabaltzen joan ziren partidu guztian zehar.

ERROIBIDE IRUN-ek ezin izan zion eginiko partidu onari azken ikutua eman eta azken laurdenean garaipenak alde egin zion AXA AMURRIO A-ren aurka. Gipuzkoarrak finago ibili ziren orokorrean lehenengo hiru laurdenetan baina partidua guztiz hautsi gabe. Azken laurdenean Ander Lopez-ek 4 hiruko jarraiekin erabaki zuen partidua irabazi nahi zuela eta arabarrak markagailuari buelta eman zioten 58-63 irabaziz.

Bukatzeko, ARABERRI BASKET CLUB-ek kostatako garaipena lortu zuen etxean BEOTIBAR RECYCLING ZORNOTZA-ren aurka. Gasteiztarrak finago egon ziren lehenengo zatian 14 gora joanez aldageletara, baina bizkaitarrak ez zuten beraien azkeneko hitza esan eta duintasunez borrokatzen jarraitu zuten azkenean 79-71 galduz.

Sailkapena zirraragarri dago bai Final 4-erako lehian eta batez ere jetsiera postuetako borrokan.

SAILKAPENA:

 

NESKEN LEHENENGO MAILA

AFILADOS GASTEIZ ARABA-k SAN IGNACIO PREMO jaso zuen etxean eta ezin izan zuen 3.en sailkatuaren aurka. Gasteiztarrak oso ondo hasi ziren baina kanpokoak bolada oso onean daude eta bigarren laurdenetik aurrera partidua guztiz menderatu eta kontrolatu zuten. Naparrak ligako 5.en garaipen jarraia gehitu dute eta lehenengo bi postuen bila doatz.

ABN CENTRO DENTAL GURPEGUI-k bere partetik denboraldiko bigarren garaipena gehitu du MESPLET TRUCKS UNIBASKET-en aurka. Etxekoak azkenaldian gauzak oso ondo egiten ari dira partidu guztietan oso ondo lehiatuz eta oraingoan hainbeste merezitako saria lortu dute. Hasiera indartsu bati esker, najerakoak partiduaren kontrola eraman zuten azken laurdenera arte. Bertan, hartu eman itzel bat eta gero, azkenean 61-59 bukatu zen.

LA SALLE VERSIA-k dinamika onarekin jarraitzen du eta 3.en garaipen jarraia gehitu du aurkari zuzen bati irabazi eta gero, LOINTEK GERNIKA. Partidu arraroa izan zen non gernikarrak ez zituzten sentsazioak aurkitu eta bilbotarrak gehiago izan ziren. Garaipen honekin etxekoak 5.en postura igotzen dira Final 4-ean sartzeko aurrera pauso garrantzitsu bat emanez.

NAVARRO VILLOSLADA-k ere funtsezko garaipena lortu du aurkari zuzen baten aurka, ASKARTZA CLARET, eta jetsiera postuak sutan jarri ditu. Partidu oso parekatsua izan zen non naparrak ondo kudeatu zuten alde txiki bat lortu eta 51-46 irabazi zuten. Bizkaitarrak ez zuten irabaztea lortu baina bai aberajea mantentzea, ezinbestekoa izanik denboraldi amaierarako.

Jardunaldiko partiduan, IBAETA BASKET EASO-k bilbora bidaiatu zuen LOIOLA INDAUTXU-ren etxea bisitatzeko. Espero bezala, sekulako ikuskizuna eskeini zuten goiko partean dauden bi taldeek. Lehenengo zatian etxekoak oso fin egon ziren partidua guztiz kontrolatuz eta 12 puntuko aldea lortuz atsedenaldira. Hirugarren laurdenean donostiarrak energia gehiagorekin atera ziren eta partiduan sartzea lortu zuten azken laurdenera 2 behera iritsiz. Azken laurdenean dena oso estu egon zen eta minutu baten faltan kanpokoak 4 gora jartzea lortu zuten 64-68 bukatuz.

ZORNOTZA ST eta TABIRAKO BAQUE-k lehia oso estua eduki zuten jetsiera postuetatik aldentzeko intentzioarekin, 68-77. Azken laurdenera arte bi taldeen arteko aldeak oso txikiak izan ziren non durangoarrak 2 puntuko abantailarekin iritsi ziren. Azken partzial horretan kanpokoak oso fin ibili ziren aldea zabalduz, azken segundura arte ondo borrokatu zuen arerio baten aurka. Funtsezko garaipena Tabirakorentzat.

Bukatzeko, MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k liderra jaso zuen etxean, ARASKI, 60-70 galduz. Neurketa zaila zuten gipuzkoarrak aurretik eta hala izan zen atsedenaldira arte. Gasteiztarrak sekulako emanaldia eman zuten lehenengo zatian partiduaren erritmoa guztiz menderatuz eta erasoan oso fin ibiliz, 27-44ko partzialarekin. Bigarren zatian etxekoak arraza atera eta partiduan sartzea lortu zuten azken laurdenera 9 behera iritsiz. Azkenean tira-bira sendo bat eta gero berdekoak garaipena Gasteizera eraman zuten.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN LEHENENGO MAILA

Jardunaldia ostiralean hasi zen TABIRAKO BAQUE eta GOIERRI ALMACENES USABIAGA-ren artean. Durangoarrak dinamika oso onean daude eta pixkanaka nahi zuten partidua eraikitzen joan ziren. Bigarren zatiaren hasieran gipuzkoarrak zerbait gerturatzea lortu zuten baina azkenean 81-60 bukatu zen. Aipatzekoa da bi taldeen artean 22 hiruko sartu zituztela sekulako ikuskizuna eskeiniz.

LEIOA SBT-k URGATZI-ren etxean irabazi zuen aurrera pauso garrantzitsua emanez . Bizkaitarrak hobeto hasi ziren baina segituan lortu zuten etxekoak partidua berdintzea atsedenera 1 behera iritsiz. Bigarren zatian kanpokoak erritmoa areagitu eta defentsan eginiko lan gogorrari esker partidua haustea lortu zuten 68-81 irabaziz.

CABARRI GALVANIZADOS UNAMUNO-k bolada txarrarekin jarraitzen du LOIOLA INDAUTXU-ren aurka galdu eta gero. Lehenengo zatian kanpokoak sekulako saskibaloia egin zuten erasoan oso fin ibiliz eta defentsako lanari esker. Hirugarren laurdenean etxekoak hobeto ibili ziren eta duintasunez borrokatu zuten partiduari buelta emateko intentzioarekin. Azkenean 63-86 bukatu zen.

ATLETICO SAN SEBASTIAN-ek garaipen garrantzitsua lortu zuen aurkari zuzen baten aurka, LA SALLE VERSIA, 81-71 irabaziz. Bilbotarrak itzel sartu ziren partidura 19-29ko partzial bat eskuratuz baina etxekoak bigarren laurdenean erantzun sendoa eman zuten eta atsedenera 1 gora joan ziren. Hirugarren laurden parekatsu baten ostean, azken laurdenean eta Javier Cejudo-ren nagusitasunaz baliatuta (33 puntu), garaipena etxean geratu zen Final 4-erako azken postua hartuz.

AISLA ARMETI IBAIZABAL eta NAVASKET-ek ere partidu parekatsua eduki zuten beheko postuetatik aldendu nahiean. Bizkaitarrak 60-55 irabazi zuten funtsezko garaipena lortuz eta gainera aberajea berreskuratuz. Naparrak aldiz borrokatzen jarraitu beharko dute beheko postuetatik aldentzeko.

ULACIA ZKE-k garaipen bikaina eskuratu zuen lider zegoen VALLE DE EGÜES-en aurka, azken laurden magiko bati esker, 69-59. Partidua oso estu egon zen une oro, hasieratik amaierararte non, azken laurdenean, kanpokoek ezin izan zuten Pablo Elola zarauztarra gelditu (28 puntu eta 12 errebote) eta gainera, erasoan trabatu egin ziren denboraldiko bigarren porrota gehituz. Zarauztarrak funtsezko garaipena lortu dute gora begiratzen hasteko.

Azkenik, MEGACALZADO ARDOI-k lidergotza berreskuratu du oraindik sinisten ez dugun partidu batean MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren aurka. Izan ere, naparrak 127-62 irabazi zuten saskiratze jaialdi batean, 14 hirukorekin. Gipuzkoarrak erasoan ez ziren gaizki egon, baina ezin izan zuten ezer egin etxekoen emanaldiaren aurrean. Hirugarren aldia da denboraldi honetan 100 puntu baino gehiago lortzen dituztela, izugarria.

SAILKAPENA: