Pixkanaka ikusten hasi gara zeintzuk diren talde indartsuenak bigarren fase honetan.

KADETE NESKAK

OPTICA TROCONIZ ARABA gelditzen da menderatu gabeko talde bakar bezela, EASO IBAETA BASKET ORIAMENDI-ren etxean irabazi eta gero. Lehenengo zatian etxekoak hobeto egon ziren, atsedenera 10 gora joanez, baina liderrak bigarren zatian jarrera guztiz aldatu eta defentsa bikain bati esker, emaitzari buelta eman zioten 37-42 irabaziz. Hutsegite askoko partidua izan zen orokorrean.

MOVLTECK ISB eta ORDIZIA GORKA & TERE FISIOTERAPIA-k jardunaldiko partidua jolastu zuten partidu oso parekatsu batean. Aldeak oso txikiak izan ziren bien artean eta azken segunduetan erabaki zen 47-50. Aipatzekoa da, seguraski maila honetako bi jokalari erabakigarrienen arteko lehia itzela egon zela, Nora Arozena eta Elorri Garcia. Lehenengoak 18 puntu eta 29 errebote hartu zituen eta bigarrenak 20 puntu eta 15 errebote.

Azkenik LOINTEK GERNIKA-k erraz hartu zuen ZAST KURAYE ZKE eta lehenengo faseko sentsazioak berreskuratzen hasi da. Gernikarrak oso hasiera indartsua eduki zuten 26-9ko partzial batekin. Hortik aurrera partidua kontrolpean eraman zuten partiduaren erritmoa jaitsi gabe eta 88-53 irabaziz.

 

A2 multzoan, EKIOLA OINTXE! eta ASEVI ARASKI-ren partiduan, bi istorio ezberdin ikusi ziren. Lehenengo zatian, gipuzkoarrak partidua guztiz menderatu zuten, atsedenera 16 gora iritsiz. Hirugarren laurdenean, Alex Suso-renak partiduari buelta ematea lortu zuten erritmoa areagotuz eta defentsa maila haundituz. 6-26ko partzial bati esker, azken laurdenera 4 gora iritsiz, eta azken laurden bizi baten ostean, emaitza hori mantenduz, 55-59.

LOIOLA INDAUTXU 08 garaitu gabe jarraitzen du FUNDACION 5+11 BASKONIA-ri 58-51 irabazi eta gero. Lehenengo laurden parekatsu baten ostean, bigarrenean gasteiztarrak finago ibili ziren atsedenera 9 puntuko abantailarekin iritsiz. Bigarren zatian bilbotarrak gehiago izan ziren eta 30-14ko partzial bati esker, partiduari buelta eman zioten.

BERA BERA lider jartzen da arri BKL PAGOETA-ren gainetik pasa eta gero, 44-84. Donostiarrak gehiago izan ziren une oro eta Euskal Ligan geratu nahi direla erakutsi zuten. Beasaindarrak lehenengo 13 minutuetan ondo konpetitzeko gai izan ziren, baina hortik aurrera ezin izan zuten gauzak oso ondo egin zuen talde donostiarraren aurka.

Azkenik, MARIANISTAS IRRIBARREA eta LA SALLE BILBAO-ren artean, partidua bukaeran erabaki zen bilbotarren alde, 64-69. Partidua oso parekatuta egon zen azken laurdenera bi puntuko aldearekin iritsiz. Azken laurdenean, azken minutura arte 2 puntuko aldearekin iritsi ziren bi taldeak, eta azkenean, xehetasun txikiengatik, kanpokoak irabaztea lortu zuten.

 

KADETE MUTILAK

A1 multzoan, jardunaldia ostegunean zabaldu zen EKIOLA OINTXE! eta TABIRAKO BAQUE-ren artean. Partidu oso gorabeheratsua izan zen, hasieran kanpokoak hobeto egon ziren, 14-24ko partzial bati esker. Bigarren laurdenean etxekoak 6 puntura gerturatzea lortu zuten partiduan guztiz sartuz. Aldageletatik bueltan, azken hauek sekulako hirugarren laurdena egin zuten, 25-11ko partzial bat eginez eta azken laurdenera 8 gora sartuz. Partidua gipuzkoarren kontrolpean zegoela zirudienean, bizkaitarrak azken segundura arte borrokatzen jarraitu zuten eta nahiz eta azken minutura 6 puntuko desabantailarekin sartu, buelta eman zioten 65-66 irabaziz.

Bestalde, BILBAO BASKET FUNDAZIOA eta BERRIO OTXOA-ren arteko partiduan, kolore beltza bakarrik egon zen. Hauek etxean jolasten zutela aprobetxatuz, jaun eta jabe izan ziren momentu oro kanpokoei aukerarik eman gabe. Azkenean 101-47. Aipatzekoa da ere etxekeon 6 jokalarik digitu bikoitzak lortu zituztela.

Azkenik, Donostian, EASO GIPUZKOA BASKET eta FUNDACION 5+11-ren arteko lehia egon zen, non gasteiztarrak 68-82 gailendu ziren. Lehenengo zatian dena oso berdinduta egon zen, bi taldeen arteko tira bira itzel batekin. Bigarren zatian aldiz, kanpokoak pixkanaka nahi zuten partidua eraikitzen joan ziren eta erasoan gehiago asmatuz, partidua etxera eraman zuten.

A2-an, alde haundiak egon dira taldeen artean.

Hasteko, GETXO SBT eta AXA AMURRIO A-ren artean, arabarrak gailendu ziren 67-92. Azken hauek, lehenengo minutuetan kenduta, aurretik egon ziren une oro eta erritmo haundia ezarriz eta partidu guztian zehar mantenduz, bigarren faseko lehenengo garaipena lortu zuten. Bizkaitarrek aldiz ondo lehiatu zuten baina ezin izan zioten eutsi emaitzari.

ITSASAURRE ARRAINAK ARABERRI-k ere, erraz menderatu zuen SANTURTZI SK, 85-39, eta bigarren garaipena gehitu dute, lider dauden bi taldeen estela jarraituz. Arabarrak hasieratik oso ondo sartu ziren eta momentu oro gehiago izan ziren. Bizkaitarrentzako denboraldi zaila izaten ari da baina buelta emateko gai izango dira.

Dinamika oso onean dauden bi taldeak, bi gipuzkoarrak dira.

Alde batetik ZAST & FURIOUS taldea dugu, JOTAKE RESTAURANTE BAHIA-ren etxean irabazi zuela 64-76. Pablo Elola-renak sekulako denboraldia egiten ari dira eta Euskal Ligara gelditzeko etorri direla erakutsi nahi dute. Hasiera parekatsu bat eta gero, bigarren laurdenetik aurrera, gipuzkoarrak pixkanaka aldea zabaltzen joan ziren, azken laurdenean partidua guztiz hautsi arte. Gasteiztarrak oso ondo lehiatu zuten, eta nahiz eta azkenean galdu, partiduan egon ziren une oro eta duintasunez borrokatu zuten.

Beste aldetik eta bukatzeko, ORDIZIA HOTEL ORDIZIA-k BARAKALDO BASKET-i irabazi zion 73-57. Hemen ere hasiera oso berdinduta egon zen, atsedenaldira 3 puntuko aldearekin joanez. Hirugarren laurdena izan zen erabakigarria, non etxeko taldeak intentsitate maila igo zuen eta 25-11ko partzial bati esker, azken laurdenera lasai sartu ziren. Bizkaitarrak bukaeraraino saiatu ziren, baina ez zuten lortu emaitzari buelta ematea.

 

JUNIOR NESKAK

Jardunaldia LOIOLA INDAUTXU 06 eta LOINTEK GERNIKA-k zabaldu zuten larunbat goizean. Bi taldeek beraien nagusitasuna ezarri nahiean, partidua oso berdinduta egon zen lehenengo laurdenean. Bigarrenean, gernikarrak, hiruko marratik edukiko ehunekoez lagunduta, atsedenera alde txiki batekin joatea lortu zuten. Hirugarren laurdenean berriro ere gauzak parekatu egin ziren, baina azkenean, azken laurden sendo bati esker, gernikarrak irabazi zuten 50-62.

EUROMEX ARASKI-k ATLETICO SN SN ANIE jaso zuen etxean azkeneko postuaren borrokan. Inorri ez zaio gustatzen azkenekoa izatea, eta horregatik gasteiztarrak oso serio sartu ziren partidura, lehenengo laurdena menderatuz. Hortik aurrera, partidua berdintzen joan zen atsedenera 4 puntuko aldearekin iritsiz. Bigarren zatian, etxekoak berriro ere zerbait finago egon ziren eta bukaeraraino mantendu zuten alde bat lortu zuten, 57-48.

FSGROUPE ARABA eta EASO IBAETA BASKET PLAGAMANIA-ren artean sekulako lehia egon zen Divino Maestron. Donostiarrak bikain sartu ziren partidura 11-22ko partzial batekin. Bigarren laurdenean, gasteiztarrak zerbait gerturatzea lortu zuten baina oraindik desabantaila txiki batekin jarraitzen zuten. Hirugarren laurden parekatsu baten ostean, azken laurdenera kanpokoak 6 gora sartu ziren, baina ez ziren gai izan alde hori mantentzeko etxekoen azken partzial on bati esker eta 60-57 amaitu zen.

A2-an soilik bi partidu jolastu ziren, LAURO A-k atseden zuela kontuan hartuta.

Lehenengo partidua FUNDIBIDE ISB eta INDUSTRIAS ARRUTI ZORNOTZA-ren artean izan zen. Gipuzkoarrak, bigarren faseko bigarren garaipenaren bila, ezin izan zuten hasieratik gehiago izan zen talde bizkaitarraren aurka. Azken hauek hobeto egon ziren batez ere lehenengo zatian, 20 gora joanez atsedenaldira, eta alde hori oso ondo kudeatuz bukaerara arte. Azkenean 43-66 irabazi zuten.

Beste partidua LA SALLE BILBAO eta FUNDACION 5+11 BASKONIA-k jolastu zuten. Hasiera izugarria izan zen, bi taldeak erritmo altua ezarri zuten eta lehenengo laurdena sekulako saskiratze festa izan zen, 23-33. Hortik aurrera erritmoa jaisten joan zen baina lehia itzela izaten jarraitu zuen. Gasteiztarrak lehenengo laurdenean lorturiko aldeari esker, azken laurdenera 14 gora sartu ziren, baina bilbotarrak ez zuten etsi, eta azken laurdenean eginiko esfortzu haundiari esker, markagailuan gerturatzea lortu zuten 68-75 bukatuz.

Azkenik, EASO BASKET BURUNTZA eta BERA BERA-ren arteko partidua, hurrengo ostegunean jolastuko da 20:00etan Bidebietan.

 

JUNIOR MUTILAK

Aimar Ibaez-ek (33 puntu, 7 hiruko) erabaki zuen AUTOESCUELA CLAXON ARABERRI eta MODRAGON UNIBERTSITATEA-ren arteko lehia, bigarren faseko lehenengo garaipena lortzeko. Partidua espero bezela oso parekatuta egon zen, hasieran gipuzkoarrak zerbait finago egon ziren baina segituan sartu ziren etxekoak partiduan atsedenera 2 behera iritsiz. Bigarren zatian dinamika berdin jarraitu zuen, azken minutura berdinketarekin iritsiz. Azkenean, arabarren biko bat eta bi jaurtiketa libreei esker, partidua 75-71 amaitu zen.

BILBAO BASKET FUNDAZIOA-ri, espero baino gehiago kosta zitzaion LOIOLA INDAUTXU 06 gainditzea. Partidua orokorrean oso berdinduta egon zen, etxekoen asmaitze maila haundiagoarekin, baina kanpokoak atsedenera arte partiduan egon ziren, 9 behera iritsiz. Hirugarren laurdenean, beltzekoak saskiratzen jarraitu zuten, 17 puntuko alde eroso bat lortuz. Azkenean, eta kanpokoen azken laurden zoragarri bati esker, 92-82 bukatu zen.

Jardunaldiko azken partiduan, EASO BASKET ANDATZA-k ezin izan zuen oso fin egon eta momentu oro gehiago izan zen FUNDACION 5+11 A-ren aurka. Partidu borobila egin zuen talde gasteiztarrak, eta espero baino errazago irabazi zion, Eneko Martinez eta Iñigo Etxezarreta-rekin jolastu zuen talde donostiarraren aurka. Hasieratik asko kosta zitzaien partiduan sartzea, eta kanpokoak ez zuten barkatu, lider jarraitzeko intentzioarekin.

A2-an, partidu oso parekatsuak izan ditugu asteburu honetan.

TABIRAKO BAQUE eta SANTURTZI SK-ren artean izan da salbuespen bakarra, non durangoarrak gehiago izan ziren batez ere bigarren zatian, eta 71-45 irabaztea lortu zuten. Fase honetako bigarren garaipena lortu dute, eta goran mantentzen saiatuko dira. Kanpokoak aldiz, borrokatzen jarraitu beharko dute denboraldiko lehenengoa lortu ahal izateko.

Gipuzkoar derbian, ALTER CONSULTING ISB-ek ORDIZIA ORKLI-ren etxean irabazi zuen larunbat goizean. Partidua oso gorabeheratsua izan zen, hasieran ematen zuen Azpeitiarrak erraz irabaziko zutela 5-20ko partzial bati esker. Bigarren laurdenean aldiz, ordiziarrak beti bezela arraza atera zuten eta partiduan sartzea lortu zuten 4 puntuko desabantailarekin iritsiz azken laurdenera. Bigarren zatian, gauzak oso parekatsu egon ziren, baina kanpokoak gehaigo asmatu zuten eta 62-69 irabazi zuten.

GETXO SBT eta AXA AMURRIO A-ren artean, arabarrak gailendu ziren eta menderatu gabe jarraitzen dute. Partidua orokorrean berdinduta egon zen, baina bigarren laurdenean kanpokoak gehiago izan ziren eta 13-24 partzial bati esker, atsedenera 8 gora sartu ziren. Bigarren zatian hartu-eman itzela egon zen eta aldea ez zen mugitu 70-79 bukatuz.

Bukatzeko, ZAST ZARAUTZ eta IBAIZABAL-en arteko partidua, ez zen erabaki azken segundura arte, non talde zarauztarrak berdintzeko bi aukera xahutu zituen Natxo Gomez-en hutsarte bat eta gero. Lehenengo zatian dena oso parekatuta egon zen, berdinketarekin iritsiz atsedenaldira. Hirugarren laurdenean bizkaitarrak finago sartu ziren, eta 8 puntuko aldea lortu zuten, 10 minuturen faltan. Azken laurden horretan, gipuzkoarrak partiduari buelta eman zioten, berdintzeko aipatu ditugun bi aukera horiek alferrik galduz.