Valle de Egües-ek lidergotza berreskuratu eta Goierri Almacenes Usabiaga-k denboraldiko lehen garaipena lortu du Mutilen Lehen Mailan.

NESKEN BIGARREN MAILA

A-A multzoan lehenengo bi sailkatuak sendo jarraitzen dute beraien partiduak irabaziz.

Lehenengo UNSAIN GRUPO LAGUNAK 72-52 irabazi zion LEIOA SBT-ri. Lehen laurdenean partidua oso parekatuta egon zen saskiratze asko lortuz bi taldeek. Bigarren laurdenetik aurrera, etxekoak azeleragailua zapaldu zuten eta partiduaren kontrol guztia hartu zuten 4.en garaipen jarraia lortuz.

MAZARREDO FISIOTERAPIA UNAMUNO-k ere bere neurketa irabazi zuen KYLLIAN ATLETICO SAN SEBASTIAN-en aurka. Bilbotarrak hasieratik gehiago izan ziren eta atsedenaldira arte partidua guztitz menderatu zuten 17 puntuko abantaila lortuz. Bigarren zatian donostiarrak esnatu egin ziren eta zerbait finago ibili ziren emaitza zerbait apainduz. Azkenean 64-52.

MARISTAS LOGROÑO dinamika ezin hobean jarraitzen du MECALASER UNIBASKET-en etxean irabazi eta gero, 79-86. Sailkapeneko azken postuetan dauden bi taldeek asko zuten jokoan errioxar derbi zirraragarri batean. Partidua oso berdinduta egon zen denbora guztian zehar non xehetasun txikiengatik azkenean kanpokoen alde erabaki zen.

GAZTE BERRIAK S.K.-k funtsezko garaipena lortu zuen EASO IBAETA BASKET-en aurka sailkapeneko 5º postura igotzeko. Naparrak ez zuten erraza eduki eta izerdi asko bota zuten partidua poltsikora eramateko. Azken laurdenera donostiarrak 3 gora sartu ziren baina azken partzial horretan hustu egin ziren eta etxekoen azken minutu itzelei esker partidua 57-49 amaitu zen.

Azkenik, ESCOLAPIOS BILBAO eta NAVASKET-en arteko neurketan, bilbotarrak garaipen garrantzitsua lortu zuten A1-era sailkatu ahal izateko. Azken hauek pixkanaka partzial guztiak irabazten joan ziren 64-55 irabazten bukatzeko. Naparrak ezin izan zuten ziurtatu A1-erako sailkapena baina sentsazio onak utzi zituzten duintasunez borrokatutako partidu batean.

SAILKAPENA:

A-B multzoan ere oraindik ez dago dena definituta eta GETXO SBT-ek lorturiko garaipenari esker 5º jarri dira VALLE DE EGÜES-ekin berdinduta.

Bizkaitarrak AVIA ZIZUR ARDOI-en etxean irabazi zuten 47-60. Lehenengo zati itzel bati esker, non partiduko denborak eraman zituzten, atsedenera 14 gora joan ziren. Bigarren zatian etxekoak buelta ematen saiatu ziren baina kanpokoak emaitza kontrolatu zuten eta sufritu gabe garaipena etxera eraman zuten.

VALLE DE EGÜES-ek aldiz 5º postua galdu du UBERAGA SOPELA-ren etxean erori eta gero. Partidu oso parekatsua izan zen atsedenaldira arte puntu bateko aldea egon zen bi taldeen artean. Hirugarren laurdenean etxekoak hobeto egon ziren eta 10 gora jartzea lortu zuten. Naparrak azken minutura arte partiduari buelta ematen saiatu ziren baina ez zuten lortu 60-54 galduz.

Bestalde, mailako liderra den GRAFICAS JUARISTI ZKE barkatu gabe jarraitzen du eta JACOBEO ALBERITE-ri 58-80 irabazi dio. Nahiz eta bukaeran emaitza sendoa izan, hasieran etxekoak ezustekoa eman zioten gipuzkoarrei lehenengo partziala 26-15 irabaziz. Hortik aurrera kanpokoak jaun eta jabe izan ziren partzial guztiak menderatuz eta gehiago izanez.

Bigarren sailkatuak ere, IZ4 HONDARRIBIA-k, ez du barkatu LICEO MONJARDIN-en aurka eta zarauztarren atzetik finko jarraitzen dute. Lehenengo zatian gipuzkoarrak finago ibili ziren atsedenera abantail txiki batekin iritsiz. Hala ere, naparrek hirugarren laurdenean emaitzari buelta eman zioten azken laurdenera 1 behera iritsiz. Azkenean, eta etxekoen azken laurden izugarri bati esker, partidua 67-48 bukatu zen.

Bukatzeko, ALKIVENT TOJU-k garaipen sendoa lortu zuen AXA AMURRIO A-ren etxean, A1-era sailkatzeko aukerekin jarraitu ahal izateko. Gasteiztarrak partidua guztiz kontrolatu zuten hasieratik bukaerararte eta moralez puzten dituen garaipen bat lortu dute. Etxekoak, nahiz eta hiruko marratik fin ibili ziren, ezin izan zuten arerioaren erritmoari jarraitu.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN BIGARREN MAILA

DISDIRA BITXITEGIA ISB eta ARABERRI BASKET CLUB-ek zabaldu zuten jardunaldia ostiral arratsaldean. Gipuzkoarrak oso serio sartu ziren erritmo haundia ezarriz eta 31-10eko partzial bat lortuz. Bigarren laurdenean gasteiztarrak esnatu egin ziren eta markagailuan gerturatzea lortu zuten atsedenera 13 behera iritsiz. Hirugarren laurdenean dinamika berriro ere etxekoen alde bihurtu zen eta partidua guztiz epaituta utzi zuten. Azkenean 80-63.

SORALUCE BKE-k eta ERROIBIDE IRUN-ek hiruko emanaldi bat eman zuten 19 hiruko lortuz. Etxekoak dinamika onarekin jarraitzen dute eta jetsiera postuetatik ateratzen dien funtsezko garaipen bat lortu zuten, potzuan jarraitzen duen eta 9. porrot jarraia gehitu duen talde irundarraren aurka. Partidua oso parekatsu hasi zen lehenengo laurdenean, baina bigarrenetik aurrera etxekoak gehiago izan ziren 83-59 irabaziz.

LOIOLA INDAUTXU-k ere erraz irabazi zuen BIOTZ ALOÑA MENDI K.E.-ren aurka eta porroten bolada txarrari amaiera ipini zioten. Bilbotarrak orokorrean hobeto egon ziren eta nahiz eta lehen laurdenean gipuzkoarrak partiduaren erritmoari eutsi, bigarrenetik aurrera partidua hautsi egin zen etxekoen alde 77-47 bukatuz.

Jardunaldiko partidurik zirraragarriena Ixerbekoan jolastu zen BEOTIBAR RECYCLING ZORNOTZA eta SAN PRUDENCIO-ren artean. Partidua bigarren luzapenean erabaki zen gasteiztarren alde, Kevin Vegas-en saskiratzen bati esker 16 segunduren faltan. Partidua une oro berdinduta egon zen hirugarren laurdenean izan ezik non, kanpokoak, partzial on bati esker, alde txiki batekin sartu ziren azken laurdenera. Hala ere, bertan, etxekoen esfortzu haundi bat eta gero, partidua berdindu zuten partidua lehen luzeapenera eramanez. Azkenean, eta aipatu dugun saskiratzeari esker, kanpokoak 90-92 eraman zuten.

Liderrak ere ez zuen barkatu ORDIZIA K.E.-ren etxean, eta badirudi boladari onari amaiera ez diotela jarriko. EASO GIPUZKOA BASKET-ek goran jarraitzen du izerdi asko bota zuten partidu batean. Ordiziarrak oso sendo lehiatzen dute etxean, eta nahiz eta Jon Ander Apaolaza (27 puntu) bikain egon den, ez zen nahikoa izan partidua irabazteko. Partidu oso lehiatu eta zoragarri baten ostean, 86-94 amaitu zen.

PADURA-k ere bolada onarekin jarraitzen du beheko postuetan dagoen AXA AMURRIO A-ren etxean irabazi eta gero. Arabarrak amaiera krudel bat eduki zuten lehenengo zatian finago ibiliz eta duintasunez lehiatu ostean. Azken laurdenean bizkaitarrak erasoan daukaten armategi guztia atera zuten 61-70 irabazten bukatzeko.

Azkenik, HOTEL GRAN BILBAO SANTUTXU eta ASKARTZA CLARET-en arteko bizkaitar derbian, kanpokoak irabazi zuten 51-65. Lehenengo zatia oso parekatsua izan zen, bi taldeen arteko saskibaloi maila haundiarekin. Hirugarren laurdenean, dinamika aldatu egin zen eta mailako bigarren sailkatuak partiduaren kontrola hartu zuen bukaerara arte menderatuz.

SAILKAPENA:

 

 

NESKEN LEHENENGO MAILA

IBAETA BASKET EASO-k ireki zuen jardunaldia AFILADOS GASTEIZ ARABA-ri 97-44 irabaziz. Donostiarrak espero zen bezela, talde gasteiztarra kontrolatu eta menderatu zuten, azken hauei aukerarik utzi gabe. Etxekoak dinamika onarekin jarraitzen dute eta datorrenerako prest daude.

ARASKI-k ere bakarkako lidergotza mantentzen du ASKARTZA CLARET-en gainetik pasatuz, 78-39. Lehenengo zatian partidua berdinduta egon zen atsedenera 4 puntuko aldearekin joanez. Orduan izan zen liderrak aurrera pauso bat eman zuenean eta partiduko erritmoa eta maila fisikoa areagotuz, neurketako jabetza lortu zuten, 47-12ko partzial bat eginez.

ABN dinamika onean dagoela konfirmatu du TABIRAKO BAQUE-ren aurka bigarren garaipen jarraia lortuz, 55-61. Partidu gorabeheratsua izan zen bi taldeen arteko aldaketa askorekin, baina bigarren zati fin bati esker, errioxarrak goraka egin zuten partidua etxera eramanez. Kanpokoak jetsiera postuetan jarraitzen dute baina pixkanaka goraka egiten ari dira eta oraintxe bertan kontuan edukitzeko aurkari bat dira.

SAN IGNACIO PREMO-k garaipenaren bolada onarekin jarraitzen du ZORNOTZA ST-ri 60-42 irabazi ostean. Naparrak, bigarren laurdenean eginiko partzial bati esker, 15 gora iritsi ziren bigarren zatira eta bertan, abantail eroso hori kontrolatu zuten, bizkaitarrei partiduari buelta ematen utzi gabe. Azken hauek ez daude dinamika onenean eta 5.en porrot jarraia gehitu dute.

MESPLET TRUCKS UNIBASKET eta LA SALLE VERSIA-ren artean partidua oso estu egon zen. Inorrek ez zuen lortu partidua haustea eta partzial guztiak oso txikiak izan ziren une oro. Minutu baten faltan eta partidua berdinduta zegoela, Julia San Juan-ek biko bat sartu zuen 61-63ko emaitza ipintzeko, partidua horrela bukatuz. Etxekoak hiruko bat jaurti zuten azken segunduetan baina ez zuten sartzea lortu.

LOINTEK GERNIKA eta MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren arteko lehia ere oso parekatuta egon zen une oro, 75-79 amaituz. Gipuzkoarrak garaipen garrantzitsua lortu zuten sailkapenean gernikarrei bi garaipeneko aldea zabalduz eta batez ere, dinamika ona berreskuratuz. Gernikarrak errebotean asko sufritu zuten eta bigarren aukera gehiegi eskeini zieten kanpokoei garaipenari alde egiten utziz. Aukera ederra galdu zuten goiko postuetan sartzeko.

Bukatzeko, LOIOLA INDAUTXU-k garaipenaren senda berreskuratu zuen NAVARRO VILLOSLADA-ri 58-33 irabazi eta gero. Bilbotarrak, partidu zoragarri bat egin gabe, defentsan bikain ibili ziren aurkariaren aukera guztiak murriztuz eta partzial guztiak dominatuz. Garrantzia haundiko garaipena goiko taldeen estelan jarraitzeko.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN LEHENENGO MAILA

Partidu oso interesgarriak jolastu dira asteburu honetan mutilen lehenengo mailan.

Lehenik eta behin, GOIERRI ALMACENES USABIAGA-ren lehen garaipena goraipatu nahi dugu, partidu zoragarri bat egin eta gero. CABARRI GALVANIZADOS UNAMUNO hartu zuten etxean eta denboraldi gogor eta hainbeste aldiz erori eta gero, merezitako lehen garaipena lortu zuten Mike Ebere-ren mutilek, 97-84. Bilbotarrak aldiz ezin izan zioten amaiera ipini porroten bolada txarrari.

Bestalde, jardunaldiko partidu erakargarrienean, VALLE DE EGÜES-ek eraman zuen napar derbia MEGACALZADO ARDOI-ren aurka. 30-15eko hasiera izugarri bati esker, partidua kontrolpean eraman zuten denbora guztian zehar. Hala ere, atsedenaren ostean, kanpokoak erantzun egin zuten eta azken laurdenean 6 puntura jartzea lortu zuten. Azkenean, eta saskibaloi ikuskizun haundi batean, bailarakoak lidergotza berreskuratu zuten 91-81 irabaziz.

TABIRAKO BAQUE-ri asko kosta zitzaion MONDARGON UNIBERTSITATEA-ren etxean irabaztea, eta hiruko marratik eduki zuten asmatze mailari esker (18 hiruko), 69-77 garaitu zuten. Gipuzkoarrek garesti saldu zioten garaipena Aitzol Lagunilla-ren beste emanaldi batez lagunduta (38 puntu). Aitzol-ek sekulako denboraldia egiten ari da eta marka pertsonal berria ezarri zuen puntuen aldetik. Etorkizuneko jokalaria da eta ikusiko dugu nola bukatzen duen denboraldia.

ATLETICO SAN SEBASTIAN-i ere kosta egin zitzaion NAVASKET-en etxean irabaztea, 8 puntuko desabantailari buelta emanez bigarren zatian. Maila honetan, nahiz eta goiko eta beheko taldeen artean aldeak egon, etxetik kanpo irabaztea oso zaila izaten da eta kasu honetan bezela, donostiarrak bigarren zati aparta egin behar izan zuten partidua etxera eramateko, 65-74.

Jetsiera postuetan zegoen, eta orain bolada ezin hobean dagoen talde bat, ULACIA ZKE da. Gasteiztarrak LA SALLE VERSIA-ren aurka bigarren garaipen jarraia gehitu dute, 3.ena azkeneko lau partiduetan eta goraka egiten hasi dira. Egia da partidu honetan bilbotarrak hobeto egon zirela orokorrean, partidua guztiz menderatuz lehenengo zatian eta azken laurdenera 7 puntuko abantailarekin iritsiz. Hala ere, partiduek 40 minutu irauten dute eta zarauztarrek, azken laurden eder bati esker, 64-70 irabaztea lortu zuten.

LEIOA SBT eta AISLA ARMETI IBAIZABAL-en arteko lehian, kanpokoak gailendu ziren 68-76. Etxekoak hobeto hasi ziren lehenengo laurdenean, baina bigarrenean Galdakaoarrak sekulako partzial bati esker, aurretik joan ziren atsedenaldira. Hortik aurrera, tira bira bizia egon zen bi taldeen artean, eta xehetasun txikiengatik kanpokoek irabazi zuten.

Azkenik, LOIOLA INDAUTXU-k aurrera pauso izugarria eman du EKOGAR GEOTERMIA URGATZI-ri irabaziz eta sailkapenean bigarren ipiniz. Bilbotarrak askoz gehiago izan ziren lehenengo hiru laurdenetan, 30 puntuko abantaila edukitzera lortuz. Azkeneko laurdenean, gasteiztarrak arraza atera zuten eta emaitza apaintzea lortu zuten 87-73 galduz.

Jardunaldi honekin sailkapena sutan jarri da bai bigarren postuaren borrokan, berdinketa hirukoitz batekin, eta baita ere beheko postuetan dena oso estu geratuz.

SAILKAPENA:

ARGAZKIA: LUIS ITURRIOZ