Olinpiaderako sailkapen fasearekin, ez da egon nesken lehen maila aurreko asteburuan.

NESKEN BIGARREN MAILA

HGB AUSARTA BARAKALDO E.S.T.-ek sekulako ikuskizuna eman zuen AZULEJOS MONCAYO HELIOS-en etxean, 53-104 irabaziz. Bizkaitarrak 17.ena lortu dute marka berria ezarriz bai puntuetan, 104, eta batez ere balorazioan, 141. Hitzik gabe gaude talde honek egiten ari den guztiagatik eta garbi dagoena da, hemendik aurrera gertatzen dena gertatzen dela, orain arte egin dutena istorikoa da.

DOMUSA TEKNIK ISB-ren denboraldia ere aparta izaten ari dira eta sailkapenean bigarren jarraitzen dute BASKET ALMEDA-ren etxean irabazi eta gero, 50-71. Gipuzkoarrak oso hasi ziren partiduaren kontrola hasieratik eramanez. Etxekoak bigarren laurdenetik aurrera partiduan sartzen saiatu ziren, baina bigarren zatian Azkoitiarrak partidua haustea lortu zuten talde lan eder bati esker.

IBAIZABAL-i aldiz, kosta egiten ari zaio erregulartasuna aurkitzea, eta ezin izan zuen BOSONIT UNIBASKET sendo baten aurka, 46-60. Azken hauek orokorrean finago ibili ziren partidu guztian zehar baina azken laurdenera arte ez zuten lortu neurketa kontrolatzea eta guztiz haustea, bizkaitarrek gogor borrokatu baitzuten.

ACB LIGA

SURNE BILBAO BASKET-ek garaipen sendoa lortu zuen VALENTZIA BASKET-en aurrean eta jetsiera postuetatik geroz eta urrutigo dago. Haiseratik neurketan oso sartuta, Jaume-ren mutilak gehiago izan ziren partidu guztian zehar eta moralez betetzen dituen garaipen garrantzitsua lortu zuten, 93-78.

Txanponaren beste aldean, BASKONIA dugu, 78-81 galdu zuela JOVENTUT bikain baten aurka. Etxekoak une oro atzetik joan ziren arraun egiten denbora guztian eta azkenean ertzean geratu ziren. Talde katalana, Andre Feliz-en lidergotzaz lagunduta, sailkapenean talde gasteiztarra aurreratzen du PlayOff postuetatik ateratzen.

 

URREZKO LEB MAILA

GUUK GIPUZKOA BASKET-ek porrot gogorra jaso zuen TIZONA BURGOS-en etxean, 101-76 galduz. Burgostarrak momentu oro gehiago izan ziren sekulako ikuskizuna emanez batez ere erasoan. Mikel Odriozola-renak ez ziren gaizki egon eta duintasunez lehiatu zuten, baina ezinezkoa egin zitzaien hauen erasoa gelditu. Porrot honekin 4º postura jaisten dira.

ZILARREZKO LEB MAILA

TEKNEI BIZKAIA ZORNOTZA-k garaipenen bolada onari amaiera ipini zion bigarren sailkatuaren aurka galdu eta gero, STARLABS MORON. Bizkaitarrak ondo hasi ziren lehenengo laurdena irabaziz baina bigarrenetik aurrera etxekoak gehiago asmatu zuten. Bigarren zatian pixkanaka azken hauek aldea zabaltzen joan ziren eta partidua kontrolpean mantendu zuten bukaerara arte, 85-70.

JUARISTI ISB-k ere ondo borrokatu zuen baina liderra den ZAMORA ENAMORA oso fin ibili zen partidu guztian zehar 88-95 irabaziz. Paradoxa bat dirudi baina aurreko hiru denboraldietan talde gipuzkoarrean ibili zen eta orain Zamorako taldean dagoen Kevin Buckingham-ek, bere etxea izan zenaren itzuleran, sekulako erakustaldia eman zuen bere taldea garaipenera eramanez 28 punturekin. Denboraldi gorabeheratsua Yon Gonzalez-en mutilena baina sailkapenean dena oso berdintsu egonda, oraindik gora egiteko aukera asko dituzte.

 

EBA MAILA

REDLINE MEKANIKA TAKE-k galdu egin zuen LBC COCINAS-en etxean 84-67. Mailako bigarren sailkatuak, ez zuen barkatu dinamika oso onean dagoen talde gipuzkoarraren aurka eta lehenengo postuaren borrokan jarraitzen dute. Errioxarrak lehenengo zati oso ona egin zuten talde tolosarra guztiz menderatuz eta atsedenaldira alde eroso batekin joanez. Bigarren zatia oso parekatuta egon zen bi taldeen arteko hartu eman interesgarriarekin.

Lider jarraitzen duena BILBAO BASKET FUNDAZIOA da, BASKONIA-ri 64-59 irabazi ostean. Espero zen bezela, partidu zirraragarria izan zen mailaz igo nahi duten bi taldeen artean. Partidua une oro oso parekatuta egon zen. Atsedenera gasteiztarrak 1 gora joan ziren baina etxekoen hirugarren laurden finago bati esker, azken laurdenera 4 gora sartu ziren. Azken partzial horretan dena oso estu egon zen eta xehetasun txikiengatik, garaipena bizkaitarrek eraman zuten.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k izerdi asko botata eta partiduari buelta emanez, GRUPO INMAPA FILIPENSES-i irabazi zioten 75-71. Hasiera berdintsu bat eta gero, bigarren laurdenean kanpokoak partiduaren kontrola hartu zuten eta 8-21eko partzial batekin, 9 gora joan ziren aldageletara. Hirugarren laurdenean berriro ere dena oso parekatuta egon zen baina talde palentziarrak aldea zabaltzen jarraitu zuen. Azken laurdenean izan zen gipuzkoarrak guztiz esnatu zirenean eta 28-12ko partzial bati esker, buelta eman eta garaipen garrantzitsua lortu zuten denboraldiko 10.en garaipena lortuz.

SANTURTZI SK-k ere funtsezko garaipena lortu zuen CANTBASKET04-ri 84-79 irabazi eta gero. Talde bizkaitarrak porroten bolada txarrari amaiera ipini zioten partidu oso serioa eginez. Lehenengo laurdenean hartu eman itzela egon zen bi taldeen artean. Bigarrenean kanpokoak finago egon ziren eta 10 puntuko aldearekin joan ziren atsedenera. Hortik bueltan, etxekoak bigarren zatia menderatu zuten eta hainbeste merezitako garaipena gehitu zuten.

GETXO SASKIBALOI TALDEA eta GIPUZKOA BASKET EASO-ren arteko euskal derbian, etxekoak 80-61 irabazi zuten. Partidua orokorrean nahiko parekatsu egon zen, baina bizkaitarren hirugarren laurden sendo bati esker, partidua haustea eta guztiz kontrolatzea lortu zuten. Donostiarrak ondo lehiatu zuten baina hirugarren laurdenean hustu egin ziren irabazteko aukerarik gabe geratuz.

Azkenik, ULACIA ZKE-k bolada ezin hobean jarraitzen du 3.en garaipen jarraia lortuz PAS PIELAGOS-en aurka. Hasieran esnatzea kosta egin zitzaien eta kanpokoak oso fin ibili ziren lehen partziala irabaziz. Hortik aurrera, pixkanaka partiduaren kontrola hartzen hasi ziren azken laurdenean jaun eta jabe izanda eta 81-72 irabaziz. Aurrera pauso haundia talde zarauztarrena beheko postuak atzean utziz.

 

ARGAZKIAK: AUSARTA BARAKALDO, GIPUZKOA BASKET, IRAURGI ISB, OINTXE!, BASKONIA eta BILBAO BASKET.