Zilarrezko Leb Mailako JUARISTI ISB-k denboraldia amaitu du eta, TEKNEI BIZKAIA ZORNOTZA-k aldiz, PlayOff-ak jolastuko ditu.
NESKEN LEHEN MAILA
Euskal Derbia eduki genuen Donostin IDK EUSKOTREN eta LOINTEK GERNIKA-ren artean, etxekoen garaipenarekin 58-54. Espero zen bezela, partidua zirraragarria izan zen eta nahiz eta donostiarrak azken laurdenera 13 gora sartu, gernikarrek azken segundura arte borrokatu zuten 9-18ko azken partzial batekin. Oraintxe bertan bi taldeak Play Off-etatik kanpo daude, baina bi partiduren faltan, bi taldeek aukerekin jarraitzen dute bertara sartzeko.
KUTXABANK ARASKI-k , Play-Off postuetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu da, mailako liderraren aurka, VALENTZIA BASKET, 79-91 galdu eta gero. Partidu ona egin zuten gasteiztarrek baina, kanpokoek finago egon ziren batez ere hirugarren laurdenean, garaipena etxera eramateko. Hala ere, momentu ederra bizi zen Mendizorrotzan, June Carmona-ren debutarekin, Martina Ortiz de Zarate eta Maider Castellanos-ekin kantxa partekatuz.
Asteburukoaz parte, gaur IDK EUSKOTREN-ek MOVISTAR ESTUDIANTES-en aurkako partidua berreskuratu du Magariños-en. Partidu gogorra eta lehiatua izan da non, etxekoak gehiago izan diren bigarren zatian eta, nahiz eta azken segunduetara arte borrokatu, gureak ezin izan dute garaipena gehitu, 71-61.
NESKEN BIGARREN MAILA
Maila honetan ere Euskal Derbia eduki genuen AUSARTA BARAKALDO eta DOMUSA TEKNIK ISB-ren artean. Sekulako partidua egin zuten bi taldeek eta, xehetasun txikiengatik eraman zuten azkenean etxekoak, 25.ena gehituz, 81-76. Talde Azkoitiarra izan da bizkaitarrei aurre egiten bakarra aurten eta garbi dago mailaz igotzeko arerio sendoenetakoa izango dela.
IBAIZABAL-ek ere funtsezko garaipena lortu zuen etxean AZULEJOS MONCAYO HELIOS-en aurka 76-60 irabaziz. Hiruko marratik sendo egon ziren, 13 sartuz, eta horrek aukerarik gabe utzi zuen kanpoko taldea. Azkeneko jardunaldian irteera zaila edukiko dute baina, irabazten saiatuko dira denboraldia ezinhobe bukatzeko.
ACB LIGA
BILBAO BASKET-ek ezinhobe jarraitzen du KANARIA HANDIA-ri irabazi eta gero, 81-71. Hirugarren laurden sendo batek hautsi zuen partidua etxekoen alde eta azken laurdenean emaitza kontrolatuz, 4.en garaipen jarraia gehitu zuten. Behin ziurtatuta hurrengo urtean ACB mailan egongo direla, Play-Off postuetara gerturatzen saiatuko dira hurrengo partiduetan.
BASKONIA-k aldiz ezin izan zuen VALENTZIA BASKET-en etxean lehenengo zati ikaragarri baten erruz, 62-34ko partzial batekin. Hala eta guztiz ere, eta Markus Howard-en beste erakustaldi bati esker, partiduan sartzea lortu zuten eta bukaeraraino duintasunez borrokatu zuten 111-101 galdu arte. Bigarren zatiko 67 puntuak ez ziren nahikoak izan emaitzri buelta emateko.
URREZKO LEB MAILA
GUUK GIPUZKOA BASKET-ek asko landutako garaipena lortu zuen GRUPO ALEGA CANTABRIA-ren etxean Alex Barcello-ren sekulako emanaldiari esker, 40 puntu. Gipuzkoarren hasiera hobe baten ostean, etxekoak bigarren zatian emaitzari buelta eman zioten 10 segunduren faltan partidua berdinduz eta luzapenera eramanez. Bertaz, kanpokoak gehiago izan ziren eta 13-23ko partzial bati esker, 96-106 irabazi zuten.
Hori larunbatean gertatu zen eta gaur, beste jardunaldi bat jolastu dute oraingoan Angulas Aginaga Arena-n ALMERKA OVIEDO BALONCESTO-ren aurka. Lehenengo laurdenean erabaki zen partidua etxekoen hasiera izugarri bati esker eta hortik aurrera emaitza kontrolatuz joan ziren 67-58 irabaziz.
2º postuko berdinketa laukoitz batean daude kokatuta gipuzkoarrak eta 5 partiduren faltan, edozer gauza gertatu daiteke.
ZILARREZKO LEB MAILA
JUARISTI ISB-k amaiera eman dio denboraldi zail bati JUVENTUD ALCALÁ ESCRIBANO-ren aurka irabaziz 85-64. Partidu aparta jolastu zuten Yon Gonzalez-en mutilek eta era ezinhobean ematen diote amaiera denboraldiari etxekoen aurrean. Berdinketa hirukoitz baten ondorioz 9º geratu dira eta horrela, Play Off-etatik kanpo.
TEKNEI BIZKAIA ZORNOTZA-k aldiz LOBE HUESCA LA MAGIA-ren etxean galdu zuen partidu kaxkar baten ostean, 85-68, baina eginiko denboraldi onari esker, 4º bezela sailkatu dira eta igoera fasea jolastuko dute datorren asteburutik aurrera. Lehenik eta behin MADERAS SORLI BENICARLÓ gainditu beharko dute final-zortzirenetan.
EBA MAILA
Mailaz jetsiko direla jakinda, TAKE REDLINE MEKANIKA-k liderra jaso zuen Usabal-en, BILBAO BASKET FUNDAZIOA. Hasiera parekatsu baten ostean, bigarren laurdenetik aurrera bilbotarrak nagusi izan ziren eta azkenean 59-75 irabazi zuten. Garaipen oso garrantzitsua lidergotza mantentzeko.
GETXO SASKIBALOI TALDEA-k ere SANTURTZI SK-ren aurka irabazi zuen partidu zirraragarri bat eta gero, 81-78. Gorabehera eta lidergotza aldaketa ugari egon ziren partiduan zehar eta, azkeneko 2 minutuetara berdinketarekin iritsi ziren. Azkenean, xehetasun txikiengatik garaipena etxean geratu zen.
MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k asko sufritutako garaipena lortu zuen azkenaren etxean, VENTA DE BAÑOS. Partidua orokorrean nahiko berdinduta egon zen baina, bigarren laurden fin batek abantaila eman zion talde gipuzkoarrari. Bigarren zatian emaitza hori ondo kudeatzea lortu zuten Aitzol Lagunilla-ren erakustaldi batez lagunduta (25 puntu).
ULACIA ZKE-k amaiera jartzen dio garaipenen bolada onari LBC COCINAS-en aurka galdu eta gero baina, partidu itzela egin ostean. Hasiera txar batek oztopatu zion talde gipuzkoarrari garaipena lortzea, izan ere, bigarren laurdenetik aurrera oso ondo lehiatu zuten azken laurdenean 5 gora jartzea lortuz. Azkenean eta amaiera zirraragarri batekin, errioxarrek 70-75 irabazi zuten.
Azkenik, GIPUZKOA BASKET EASO eta BASKONIA-ren arteko Euskal Derbian, gasteiztarrak gailendu ziren 84-93. Orokorrean partidu oso parekatua izan zen baina, azkenean, kanpoko taldea finago egon zen partidua irabaziz eta 3º postua ziurtatuz.
ARGAZKIAK: MIKEL DE LAS HERAS