Euskal saskibaloia Espainiako Saskibaloi Federazioko Formazio Selekzioen egituran dago berriro ere. Yon Gonzalez Espainiako Gizonezkoen U19 Selekzioaren talde teknikoan egongo da entrenatzaile laguntzaile gisa, Espainiako Saskibaloi Federazioak Guadalajaran aurkeztu duen kirol proiektu berriaren barruan.

Gaur egun Euskadiko U20 Gizonezkoen Selekzioko hautatzailea da, eta ilusioz eta arduraz ekingo dio etapa berri honi.

“Aukera bikaina da ikasten eta entrenatzaile gisa aurrera egiten jarraitzeko. Maila handiko entrenatzaileekin lan egin eta bizitzea esperientzia handia izango da niretzat”, azaldu du Yonek.

U19a Gerard Hallek zuzenduko du eta Roland Cómez ere izango du staff teknikoaren barruan. Yonek entrenatzaile laguntzaile lanak egingo ditu, taldea prestatzen eta taldearen egunerokotasunean zuzenean lan eginez.

“Nire rola Gerard Hallen entrenatzaile laguntzailearena izango da. Uste dut ilusio eta lanerako gaitasun handia eman diezaiokedala proiektuari. Lehen entrenatzailearen esanetara egotea eta ahal den guztian batuketak egiten saiatzea”.

Guadalajarako kontzentrazioko lehen egunetan, Formazio Selekzioen talde teknikoak lekua eta metodologia partekatu ahal izan ditu Selekzio Absolutuarekin, udari begira lan ildo komunak ezarriz.

“Esperientzia eta plazer handia izan da entrenatzaile handiekin lan egin eta bizi ahal izatea. Egun biziak izan dira, bilera askorekin, eta selekzio absolutuaren kontzentrazioan egoteko aukera izan dugu, eta hain maila handiko talde batek nola lan egiten duen ikasteko”.

FEB egituran sartzeak aitorpen bat dakarkio bai esparru profesionalean bai euskal selekzioetan egiten ari den lanari. Gainera, euskal saskibaloiaren presentzia indartzen du estatuko panoraman.

Euskadiko Saskibaloi Federaziotik Yon Gonzalez zoriondu nahi dugu bere ibilbidean emandako urrats garrantzitsu honengatik eta Espainiako Gizonezkoen U19 Selekzioarekin etapa berri honetan arrakastarik handiena opa diogu.

Zorionak, Yon 👏🏀