EMAKUMEZKOEN KADETE MAILA:

LEHENGO FINALERDIA: Nafarroa-Araba

Partidu hasiera ahula izan zen bi selekzio hauek jokatutako Erriberriko Eusknaf21-eko lehenengo partidua. Oso saskiratze gutxi lortu zituzten lehenengo minutuetan.
Arabak aurrea hartu zuen markagailuan partidaren lehen zatian. Bigarren laurdenean 14 puntuko aldea lortu ondoren, Nafarroa aurkariarengandik zortzi puntura jartzea lortu zuen. bigarren laurdeneko azken 5 minutuetan Nafarroak egindako defentsa bikainak, Araba puntu batean utzi zuen. Atsedenaldira, 15-23eko markagailuarekin joan ziren.

Bigarren zatian, Nafarroak gehiago asmatu zuen eta batez ere defentsarako jarrera ona izan zuen, aldea are gehiago murriztea lortu zuen eta markagailuan aurretik jarri zen. Hirugarren laurdena 32-29 Nafarroak irabazten zihoan. Azken laurdena oso bizia izan zen bi taldeentzat baina Arabak partidua amaitzeko bi minuturen faltan oso ondo jolastu zuen eta 2 puntu aurretik jartzea lortu zuen. 12 segundo faltan markagailua berdinduta zegoen (44-44). Bi taldeek eraso bana izan zuten partida irabazteko. Bi luzapen luzeren ondoren, Nafarroak irabaztea lortu zuen 61-55eko emaitzarekin.

BIGARREN FINALERDIA: Gipuzkoa-Bizkaia

Bizkaiak hasiera ona izan zuen emakumezkoen bigarren finalerdian, eta eroso aurreratu zen markagailuan. Gipuzkoa, defentsako lan bikainarekin eta saskiratze hobearekin markagailuan hurbildu eta bi puntuko aldea lortu zuen. Hiruko marratik egindako joko onak eta asmatzeak Bizkaiaren alde abantaila ekarri zuen berriro, atsedenaldian 10 puntuko aldearekin joanez.

Atsedenaldiaren ostean, joko bikaina eta baloiaren mugikortasuna, Bizkaiaren defentsa-jarduera handiaren laguntzaz noski, markagailuko aldea handitzea eta partida ia erabakita ustea lortu zuen. Eta hala izan zen. Gipuzkoa hurbiltzeko lan handia egin arren, bizkaitarrek ez zuten garaipenari ihes egiten utziko. Azkenean, 50-73.

 

3.eta 4. Postua: Araba-Gipuzkoa

Erriberrin emakumezkoen hirugarren postua lortzeko partidan nahiko parekatutako lehen zati bat ikusi genuen. Bi taldeek batzuetan markagailuan 3 eta 4 puntuko errentarekin kokatzea lortu zuten, baina bietako batek ere ez zuen alde egitea lortzen. Atsedenaldian Arabak bi puntuko aldea lortu zuen, 34-32.

Aldageletako itzulera antzekoa izan zen eta bi taldeek euren jokoa egin eta markagailua berdinduta mantentzea lortu zuten. Azken laurdena izan zen ezberdinena, eta azkenean partida erabaki zen. Laurdenaren lehen erdian, Arabak bere jokoa inposatu zuen, eta 11 puntuko tarte txiki bat egitea lortu zuen. Azkenik, 69-52 eta hirugarren postua Arabarentzat.

 

FINALA: Nafarroa-Bizkaia

Bizkaiaren hasiera bikaina emakumezkoen finalean. Oldarkortasuna eta defentsa lan handia izan zen Bizkaiaren ezaugarri bereizgarria final honetan. Horrek kontraerasoan erraz saskiratzeko moduko egoerak sortu zituen, eta lehen laurdena 15 puntuko aldearekin amaitu zuten. Bigarren laurdenean, Nafarroak erreakzionatu zuen, eta bigarren laurdenean aldea 10 puntura murriztu zuen, laurdena bukatzean 11 puntura jarriz.

Bizkaiko selekzioa kantxara oso ondo itzuli zen, defentsako jarrera bikaina erakutsiz 4 minututan 20 puntuko aldea jarriz. Nafarroak saskiratze gutxi lortuta eta Bizkaiaren nagusitasun fisikoa eta defentsako lan iraunkorra gehituta, pixkanaka-pixkanaka markagailuko aldea handitzen joan ziren. Bigarren zatian 30 puntuko aldea ere lortu zen. Azkenik, Bizkaiak Eusknaf21 txapelketako txapeldun titulua lortu zuen.