Lehenenengo mailako lehen faseari amaiera emateko bi jardunaldiren faltan eta 12. jardunaldia jolastu ondoren (guztira 14 jardunaldi lehen fasean), gauza asko daude erabakita. Lehen mailan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, lehen fase honetan sailkatutako lehen lau taldeak A1 jokatzeko sailkatzen dira bigarren fasean, eta gainerakoek, 5. postutik azkenera, A2 jokatuko dute bigarren fasean.

 

Gizonezkoetan

Jardunaldiko partida: CABARRI Galvanizados Unamuno 51 – Disdira Bitxitegia ISB 76 (A multzoa)

A2rako sailkatutako bi talde larunbatean jokatu zuten. Disdira Bitxitegia ISBk aurkaria baino askoz hobeto hasi zuen partida, asko asmatuz eta ideiak oso argi eukita. Ia eraso guztiak saskipean bukatzen ziren eta Unamuno saskiratze gutxirekin uztea lortu zuten. 8-28ko partziala Azpeitiakoen alde lehen laurdenean.

Bigarren laurdenean Unamunok erreakzionatu egin zuen eta pixkanaka bere lekua aurkitu zuen zelaian, baina aurkariarengandik aldea handiegia zen eta atsedenaldira 23-39 iristea besterik ez zuten lortu.

Atsedenaldiaren ostean, bi taldeek ideiak argi zituzten eta erraz saskiratzeko aukera izan zuten, markagailuko aldeak ia berdin utziz.

Azken laurdenean, berriz ere Disdira Bitxitegia ISBk, defentsarako jarrera hobeak, Unamuno saskirate baxua lortzea egin zuen, 51-76 garaipen argia emanez.

 

A multzoa

A multzoan dena erabakita dago. REDLINE Mekanika Take, Tabirako Baque, Tecnun Askatuak eta Urgatzi dira A multzoko bigarren fasean A1 jokatuko duten lau taldeak. CD San Cernin, Disdira Bitxitegia ISB eta Cabarri Galvanizados Unamuno izango dira A2 bigarren fasean lehiatuko diren A multzoko hiru taldeak. Oraindik gauzak jokoan dauden arren, talde guztiek bigarren fasean multzo berdinean dauden taldeen partiden emaitzak mantenduko dituztela gogoratu nahi dugu.

Tecnun Askatuak taldeak irabazi zuen CD San Cerninen aurka. 21-7ko partzialak markagailuan goitik mantentzeko abantaila eman zien lehen laurdenean.

Urgatzi eta Redline Mekanika Take oso garaipen garrantzitsua lortzeko lehian zeuden, izan ere, biak A1erako sailkatuta zeudenez, bigarren faserako emaitzari eutsiko zioten. Take nagusi izan zen lehen laurdenean (10-21) eta 11 puntuko aldea hartzea lortu ondoren, bisitariek abantailari eustea lortu zuten atsedenaldira arte. 33-17koa jarri zuen etxeko taldeak hirugarren laurdenean. 40 minutuak amaituta markagailua berdinduta zegoen, izan ere, Urgatziko Mikel Arejolaleibaren hiruko batek luzapenera eraman zuen partida azken segundoetan. Bi luzapen jokatu behar izan zituzten, eta, azkenean, etxekoek 5 minutu on egin ondoren, 103-95eko markagailuarekin, Urgatzik, garaipena lortu zuen.

 

B multzoa

B multzoan, ez dago dena esanda. Momentuz, Mondragon Unibertsitatea eta Bilbao Basket Fundazioa dira A1rako sailkatu diren bi talde bakarrak. Universidad Deusto Loiola Indautxu, Megacalzado Ardoi eta Atletico San Sebastian azken bi jardunaldietan jokatzeko falta zaizkien partiden menpe daude, bai bakoitzaren partiden zein beste partiden emaitzen menpe. Goierri, Ordizia KE eta Distribuciones Rioja Cenicero, A2 jokatuko dute bigarren fasean.

Ordiziak garaipena lortu zuen Ceniceroren aurka. Etxekoek hasiera ona egin zuten, lehen laurdenean 16 puntuko aldea lortuz. Ceniceroren azken laurden bikain batek 15-31ko partzialarekin etxekoen garaipena arriskuan jarri zuen eta partida bukatzeko 3 minutura Cenicero markagailuan aurretik jartzea lortu zuen. Azkenean, bi hiruko sartu zituzten etxekoek azken minutuan eta markagailua Ordiziaren alde jarri zuten 71-69.

Atsedenaldira arte berdinduta egongo ziren Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea Loiola Indautxu. Hiru puntuko aldea bakarrik zuten etxekoek. Bigarren zati on batek markagailuan aldea zabaltzea lortu zuen eta 69-53koa jarri zuen Mondragonen alde.

Atletico San Sebastianek garaipen garrantzitsua lortu zuen Bilbao Basket Fundazioari egindako bisitan, A1erako lehian mantentzen baititu. Bisitariak jaun eta jabe izan ziren partida hasieratik eta pixkanaka markagailuan aldeak irekitzea lortu zuten. Gainera, Atleticok 6 hiruko sartu zituen azken laurdenean eta kanpoko asmatze bikainak 53-69koa jarri zuen bere alde.

Ardoik ere garaipena lortu zuen Goierriren aurka, A1erako sailkatzeko aukerekin. Partida parekatua hasieratik bukaeraraino, markagailuan lider aldaketa batzuekin. Azkenean 65-59 eta garaipena Nafarrentzat.

 

EMAKUMEZKOETAN

A multzoa

A multzoan, Campus Promete eta La Salle Zurekin Bus dira oraingoz A1erako sailkatu diren bi talde bakarrak. Deustuko Unibertsitatea Loiolak, Leioa SBTk eta Errioxa ABNk hurrengo jardunaldietako partidak jokatu beharko dituzte, A1erako sailkatuko diren hiru taldeetako ze bi talde izango diren jakiteko. Navarro Villoslada Basket Navarra, Txintxu Gozotegia ISB eta Ardoi-Valle de Egues, A2 jokatuko dute.

Deustuko Unibertsitatea Loiolak garaipen erreza lortu zuen Azpeitira egindako bisitan. Txintxu Gozotegia ISBk markagailua berdinduta mantentzea lortu zuen lehen laurdenean, baina hortik aurrera Loiola Indautxuk ez zuen aukerarik eman eta pixkanaka markagailuan abantailak ireki zituen 47-81 amaitzeko.

Valle de Eguesen hasiera ona ABNra egindako bisitan. Bisitariak 13-17 aurreratu ziren lehen laurdenean. Bigarren laurdenean ABNk markagailuari buelta ematea lortu zuen 21-12koarekin. Azkenik 63-49 eta ABNren garaipena.

Partida parekatua jokatu zuten La Salle Zurekin Bus eta Leioa SBT taldeek. Etxekoek 5 puntuko abantaila txikia lortu ahal izan zuten lehen laurdenean eta partida osoan zehar gainetik mantendu ziren. Azken emaitza 52-48 La Sallerentzat.

Navarro Villosladak eta Campus Prometek jardunaldiko partidarik lehiatuena jokatu zuten. Navarro Villosladak ia partida osoan aurrea hartzea lortu zuen arren, azken laurdenean 10-17ko partziala lortu zuen Campus Prometek, eta etxekoek azken segundoetan huts egindako bi jaurtiketa librek garaipena eman zien Campus Prometeri, 61-62.

 

B multzoa

B multzoan dena erabakita dago sailkapenari dagokionez. Araski, Aranguren Mutilbasket, Tabirako Baque eta Easo Lorea Gourmet dira bigarren fasean A1 jokatuko duten lau taldeak. Lointek Gernika, Afiliados Gasteiz Araba, IZ4 Hondarribia eta Bera Bera Bultz A2an lehiatuko dira bigarren fasean. Oraindik emaitzak falta dira bigarren faserako oso garrantzitsuak izan daitezkeen bi jardunaldi hauetan.

Tabirako Baquek garaipena lortu zuen Easo Lorea Gourmeten aurka. Emaitza horrek bigarren faserako balioko du, biak A1erako sailkatuta baitaude. Tabirako Baque lehen laurdenetik aurreratu zen eta abantailari eutsi zion 62-50era arte.

Partida zirraragarria eta lehiatua IZ4 Hondarribiaren eta Afiliados Gasteiz Arabaren artean. Partida parekatua izan zen azken txistura arte, eta 59-59 amaitu zen. Luzapenean, bi taldeek saskiratzeak trukatu zituzten. 65ekoarekin eta luzapeneko minutu baten faltan, IZ4k aurrea hartzea lortu zuen 2/4 jaurtiketa libre saskiratzeari esker. Afiliados Gasteiz ez zuten sorte bera izan eta azken segundoetan izan zituen bi jaurtiketa libreetan huts egin zuten. Azkenik 67-65 IZ4 Hondarribiarentzat.

Mutilbasket Arangurenek 55-39 irabazi zion Lointek Gernikari. Atsedenaldira arte partida parekatua izan zen, baina atsedenaldiaren ostean, etxekoek hirugarren laurden bikaina egin zuten eta 20-7ko partziala lortu zuten.

Araskiren garaipen erraza Bera Beraren aurka. Etxekoak nagusi izan ziren lehen laurdenetik eta 9 puntuko aldea lortu zuten. Minutuak pasa ahala Araskik aldea handitzen zuen pixkanaka 74-29raino.