Asteburu honetan emakumezkoen lehenengo mailako sailkapen fasea jokatu da. Finalerdiak larunbatean izan ziren. Garaileak igoeragatik lehiatu ziren igandean.
05/13 finalerdiak
Silken Hoteles Araski – Loiola Indautxu Universidad Deusto
Loiola Indautxuk finalerako txartela eskuratu zuen Araskiren aurka (46-77). Bilbotarrek izan zuten neurketaren jabetza momentu osoan zehar. Lehenengo laurdena, bilbotarrek 6 puntuko aldearekin amaitu zuten eta 14 puntuko aldearekin hartu zuten aldageletarako bidea. Hortik aurrera, Araski ez zen markagailuan hurbiltzeko gai izan eta aldi berean, Loiola Indautxuk erasoan eta defentsan egindako lan onaren ondorioz, aldea geroz eta gehiago areagotu zuen. Amaieran, bilbotarrek garaipena eraman zuten poltsikora eta era berean, finalerako sailkapena.
Tabirako Baque – La Salle Versia
La Salle Versiak lortu zuen arratsaldeko bigarren finalerdiko garaipena Tabirako Baqueren aurka hain zuzen, 52-66 emaitzarekin. La Salle aurretik hasi zuen neurketa baina jarraian durangarrek aldea murrizteko gai izan ziren. Atsedenaldian, Tabirakok bi puntuko aldea zeraman. Horren ostean, hirugarren laurdenean bi taldeen saskiratzeak eman ziren. Azken laurdena bilbotarrek aurretik hasi ostean, beraien aldeko 10-22 partzialaren ondorioz, finalerako sailkapena lortu zuten.
05/14 finala
Loiola Indautxu Universidad Deusto – La Salle Versia
Igandean, Loiola Indautxuk sailkapen faseko txapeldun bilakatu ostean, LF2ko igoera faserako txartela lortu zuen. Loiola aurretik hasi zuen neurketa eta bi hirukoren ostean, lehenengo laurdenaren bukaeran, 9 puntu aurretik kokatu ziren. Hortik aurrera, Loiola aldea areagotuz joan zen eta azken laurdenerako 20 puntu baino gehiagoko aldea atera zieten deustuarrei. Azken laurdenean berriz, La Sallek hiruko marratik erantzun zuen eta 11 puntura hurbildu ziren 4 minutu baino gutxiago falta zirelarik. Hala ere, Loiolak azken unerarte aldea mantendu ostean, garaipena lortu zuen.