Lerro hauek idazten ari naiz seguruena nire belaunaldiarentzat, zure belaunaldiarentzat eta gure seme-alabentzat bizitzako asterik zailenak izango diren hauetan. Nerbioz, tentsioz, ziurgabetasunez eta, zoritxarrez, minez beteriko asteak dira hauek familia askorentzat. Euskal Saskibaloi Federazioak baldintzarik gabeko babesa eta estimua helarazi nahi dizkie krisi honetan beren bihotzeko kutunak galdu dituzten guztiei.

Era berean, emozioz, elkartasunez, taldeka egindako lanez eta, batez ere, guztion etsai berri honen kontra minutuz minutu borrokatzen diren profesionalentzako txaloz beteriko asteak ere badira.
Saskibaloiak, beste hainbat kirolek bezala, ohiko jarduera geldiarazi behar izan du. Baina ia konturatu baino lehen kantxa batean egongo zara, zure lagunez inguratuta, eta batzen gaituen kirol honetaz gozatuko duzu.

Gure etxeetan gordeta, hainbeste irrikatzen dugun etorkizun hori noiz iritsiko zain gaudela, oso urruti sumatzen dugu duela hilabete gutxi saskibaloiaren inguruan gerta zen guztia. Eta gure 2019ko Txostena aukera paregabea da atzera begiratzeko eta urtea gogoratzeko, Euskadi eta gure saskibaloia erreferente bihurtu baitziren Estatu osoan.

Mendizorrotzan historiako Erregina Koparik onena ikusi genuen: pabiloia beterik, zaleak osoki emanda eta hiri osoa taldea akuilatzen. Eibarren, entrenatzaileek jakintza zabaldu ahal izan zuten, goi-mailako entrenatzaile izateko ikastaroaren beste edizio batean. Espero eta desio dugu CES19 uda honetan Bilbon normaltasunez egin ahal izatea.

Eta, barnerago, duela hilabete batzuk, Euskal Saskibaloi Federazioaren proiekturik garrantzitsuenetako bat sortu zen: ‘Basket Gara – Somos Basket’ dokumentala. Gure saskibaloiari eta haren
protagonistei buruzko proiektu bikaina, elkartasunezko beste edozein talde-kiroletan edo ekimen sozialetan aplikatzeko modukoa.

Hori guztia, orain dela mende batzuk gertatu zela iruditu arren, duela hilabete gutxi gertatu zen. Begiratu dezagun atzera, gogoratu dezagun, eta har dezagun bulkada, espero dugun
etorkizun itxaropentsuari ahalik eta energiarik handienarekin aurre egiteko, nahiz eta orain hodei ilunek eguzkia ikusten ez utzi.

Aurrera beti!
Elkarrekin gehiago… eta indartsuagoak gara!

Germán Monge
Euskal Saskibaloi Federazioa Presidentea