Igandeko arratsaldeak albiste onenak utzi zizkigun: Lointek Gernika Bizkaia Erregina Kopara hurbildu zen eta Kutxabank Araskik garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Bembibren. Eta Emakumezkoen Liga 2-an, Azpeitia Azkoitia ISB-ak bosgarren garaipena lortu zuen eta sailkapeneko goiko postuetan mantentzen da.
EMAKUMEZKOEN ENDESA LIGA
SPAR GRAN CANARIA 72 – IDK EUSKOTREN 66
Aukera polita galdu zuen IDK Euskotrenek Erregina Kopan sartzeko borrokari begira, partidaren oso hasiera kaskarraren ondoren: 20-3ko emaitza lehen zazpi minutuetan.
Pixkanaka, IDK Euskotren aldea murrizten joan zen eta bizirik iritsi zen atsedenaldira (33-26). Azu Muguruzarenek hobetzen jarraitu zuten hirugarrenean eta laugarrenaren hasieran buelta eman zioten neurketari: 2-9ko partziala lehen aldiz aurretik ipintzeko (50-51). Bi taldeak oso fin ibili ziren hiruko marratik, baina Hermidak eta Hartmannek saskiratutakoak garaipena lortzeko beharrezko arnasa eman zieten etxekoei.
LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 80 – CADI LA SEU 61
IDK Euskotrenek ez bezala, talde bizkaitarrak aukera aprobetxatu zuen eta bi garaipeneko aldea mantendu zuen 9. postuarekiko 3 jardunaldi geratzen direnean lehen itzulia bukatzeko.
Denboraldiko zazpigarren poza Mario Lopezenentzat, neurketaren hasiera ederrari esker: 15-2ko emaitza bost minututan. Eta 13. minutuan, etxekoek 19 puntugatik irabazten joan ziren (32-13). Kanpokoek erreakzionatu zuten, 2-12koaren bitartez, baina Corneluis-en eta Ivanovic-en hirukoek arriskua urrundu zuten (40-25). Eta atsedenaldiaren ondoren, 11-0ekoa eta garaipena poltsikora.
EMBUTIDOS PAJARIEL BEMBIBRE 52 – KUTXABANK ARASKI 54
Asteburuko amaieran, talde gasteiztarrak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen, bi arrazoigatik: postu arriskutsuetatik urruntzea eta Erregina Koparako sailkatzeko aukerak bizirik mantentea. Eta garaipena iritsi zen erremontada batekin azken txanpan.
Gasteiztarrak oso ondo sartu ziren partidan (5-13) eta aurretik joan ziren lehen zatian (27-31). Baina aldageletan egon eta gero, azken postuan dagoen etxeko taldeak erreakzionatu zuen: 12-2ko partziala eta Made Urietaren hutsartea. Kostatu zitzaien, baina gasteiztarrek buelta eman zioten emaitzari (44-47), azken laurdenaren hasieran.
Baina Embutidos Pajariel Bembibrek erantzuna arin eman zien, 8-0eko partzialarekin (52-47). Bi minutu geratzen ziren eta egoera zaila zen arabarrentzat. Eta, une klabe honetan, Anna Cruz-en kalitatea eta esperientzia agertu ziren: 5 puntu jarrian Kutxabank Araskiri garaipen handia emateko.
EMAKUMEZKOEN LIGA 2
ULLA OIL ROSALIA 69 – AZPEITIA AZKOITIA ISB 71
Bosgarren garaipena zazpi partidan talde gipuzkoarrentzat, Saioa Altzagaren denboraldiko neurketarik onenean: 23 puntu, 5 errebote eta 25eko balorazioa.
Lehen laurden parekatuaren ondoren, Andoni Lazkanorenek, hirukoen bidez, ihes egin ziren (17-28). Etxekoek erreakzionatu eta berdinketa ipini zuten markagailuan, bigarren zatiko lehenengo jokaldian (37-37). Azpeitia Azkoitia ISB-k kolpea arin itzuliko zien: 40-52ko emaitza 5 minututan.
Baina istorioa errepikatu zen eta galiziarrek berriro estutu zuten partida (59-61). Gipuzkoarrek eutsi zieten hiruko marratik eta urrunetik ere garaipena lortzeko zorian egon zen Ulla Oil Rosalia, baina azken jaurtiketa ez zen sartu.
OSÉS CONSTRUCCIÓN ARDOI 61 – GDKO IBAIZABAL 53
Josema Alcántararen neskek galdu egin zuten ligako porrotik gabeko liderretako baten aurrean. Bigarren porrot jarraian bizkaitarrentzat, asteartean Celta Zorka Recalviren aurka galdu eta gero.
GDKO Ibaizabal-en hasiera ona, baina bere aurkariak aurrea hartu zuen bi hirukoei esker (26-19). Partida 6-8ko puntuko hezian mantendu zen, bizkaitarrek, Juana Molinaren hiruko baten bitartez, 49nako berdinketa lortu arte. 5 minutu geratzen ziren eta Osés Construcción Ardoik ez zion aukerarik eman: 8-0eko partziala partida ixteko.
CELTA ZORKA RECALVI 75 – HGB AUSARTA BARAKALDO EST 54
Asteartean GDKO Ibaizabal gainditu eta gero, talde galiziarrak bere euskal bidaia bukatu zuen Alberto Cearen neskeei irabaziz. Barakaldotarrak oso ondo sartu ziren partidara eta 6 puntuko aldea izan zuen bigarren laurdenaren hasieran (10-16). Baina etxekoek ez zuten aukera gehiagorik eman nahi: 15-4ko partziala aurrea hartzeko (29-22).
Eta atsedenaldiko 32-27ko emaitzaren ondoren, HGB Ausarta Barakaldo EST-ak jada ezin izan zion bere aukerariaren eraso indarrari eutsi: 10-2ko partziala eta neurketa erabakita hirugarren laurdenaren amaieran (58-40).
(ARGAZKIA: Gernika KESB)