Aurten taldea nola indartu duten azaltzen digu eta Euskal Kopako balorazioa egiten digu.

Nola dago taldea? Jokalari guztiekin?

Oso harro nagoela esan behar dut, ahalegin handia egin dutelako, oraindik jokalari batzuk falta zaizkigu eta nahiko justu ibili garelako. Esan dudanez jokalari batzuk falta dira eta bigarren partiduan lesioak izan zirela eta oso justu ibili ginen. Maiane Aizpuruak ere jolastu behar izan du, ez genuen jokatzea nahi, baina egoerak behartu egin gaitu. Taldeari buruz, bizkaitar DNA mantentzea nahi izan dugu, saskibaloi euskalduna, gogo handiekin dauden neskak, energia ematen dutenak, zelaia handiagoa egiten dutenak eta defentsan intentsitate gogorra mantentzen dutenak. Oso harro gaude egindako taldearekin.

Zelan ikusi dituzu aurtengo Euskal Kopako partiduak?

Nire jokalariei ohorezko matrikula ematen diet, oso ondo lehiatu dute, ezuste eta lesioei aurre egin diote eta bi talde handien aurka lehiatu dute. Irabazi genuen arren Barakaldoko taldeak oso ondo egin zuen, asko gustatu zitzaidan. Iraurgiren aurka energia amaitu zitzaigun eta partida oso ona jokatu zuten. Bi taldeei zorionak egindako lanagatik.

Nola ikusten duzue 21/22 denboraldia? Helburu zehatzik duzue?

Helburua betikoa da, oraindik ez dakigu zer etorriko den, taldeetan jokalariak falta dira. Taldea haztea nahi dugu, orain arte egiten ari den bezala, egiten ari garen lana jarraitzea eta horrela gauzak ondo egingo ditugula ziur nago.

Zorte on denboraldian eta eskerrik asko zure hitzengatik, eta jokatutako Euskal Kopagatik.