Irailaren 23an eta 24ean Bilboko Artxanda Polikiroldegian EBA Euskal Kopako lauko finala jokatu da. Final-laurdenak irabazi ostean, Fundación Bilbao Basketek, Getxo Saskibaloi Taldeak, Baskoniak eta Gipuzkoa Basket Easok ikusi zuten elkar EBA Euskal Kopa eskuratzeko.

FINALERDI 1: FUNDACIÓN BILBAO BASKET VS GETXO SASKIBALOI TALDEA


Lehen finalerdiko hasierako bi minutuak oso berdintsuak izan ziren. Getxok, hiruko marratik fin aritu ostean, 2-11 partziala egin zuen eta 9 puntuko aldea atera zuen (6-15). Bilbotarrek arin batean erantzun zuten 9-0 partzial baten bidez. Lehenengo laurdena bukatzerakoan, 22-21 islatzen zuen markagailuak.

Bigarren laurdenaren hasieran, defentsa maila areagotu zuen eta bi taldeen saskiratzeak eman ziren. Bilbotarrek, 8-0 partzial bati esker, 6 puntuko aldea eraman zuten aldageletara (46-40).

Bilbao Basketek finalerdi honetako bigarren zatia hiruko baten hasi zuen. Horren ostean getxotarren 0-17ko partziala etorri zen. Ander Fernándezen eta Eder Chavarriren hiruko saskiratzeei (4 hiruko 4 minututan) eta defentsa maila altuari esker, markagailua irauli zuten getxotarrek (49-57). Azken hiru minutuetan bi taldeen saskiratzeak eman ziren eta Getxok aurretik bukatu zuen hirugarren laurdena (56-62).

Azken txanpa Getxok 0-5 partzial batekin hasi zuen eta neurketako alderik handiena lortu zuen 9 minutu falta zirelarik. 2 minututan burututako bilbotarren 12-2 partzial baten ondorioz, puntu bakar batera hurbildu ziren. Hurrengo zazpi minutuetan zehar, bi taldeek sortutako eraso egoerak aprobetxatuz, markagailuaren jabetza bi taldeek izan zuten. Neurketako azken minutuan, bilbotarrek 2 puntuko aldea zuten baina getxotarrek bi alditan berdinketa lortzeko gai izan ziren. 87-87 islatzen zuen markagailuak eta Bilbao Basketeko Unai Barandallak azken segunduan bi jaurtiketa libre bihurtu ostean, Mikel Torreren mutilek finalerako txartela eskuratu zuten.

FINALERDI 2: BASKONIA VS GIPUZKOA BASKET EASO


EBA Euskal Kopako bigarren finalerdiko lehen laurdena parekatua izan zen eta bi taldeen partzialak eman ostean, lehenengo laurdenaren bukaeran, markagailuan 22-21 aurretik zen Baskonia.

Bigarren laurdenak aurrekoaren antzeko joera izan zuen. Bi taldeak erasoan fin aritu ziren eta 42 puntuko berdinketarekin hartu zuten aldageletarako bidea.

Bigarren zatia berdintsu hasi zen ere. Gipuzkoa Basket Easok burututako partzial bati esker (2-10), 8 puntu aurretik kokatu ziren donostiarrak (53-61). Jarraian gasteiztarrek aldea murriztu zuten eta hirugarren laurdena 58-63 bukatu zen.

Baskoniak 7-0 partziala egin eta markagailua irauli zuen azken laurdena hasi bezain laster (65-63). Hurrengo zazpi minutuak berdintsuak izan ziren. Neurketa bukatzeko segundu batzuk falta zirenean eta gasteiztarrak 2 puntu aurretik zirelarik, Beñat Heviak saskiratze bat bihurtu eta neurketa luzapenera bidali zuen.

Luzapenean berdintasuna izan zen nagusi. Baina gasteiztarrek azken segunduetan egindako 5-0eko partziala baliagarria izan zen finalera sailkatu ahal izateko.

FINALA: FUNDACIÓN BILBAO BASKET VS BASKONIA


Euskal Kopako finala hobeto hasi zuen Baskoniak eta arazo handitan jarri zituzten bilbotarrak defentsa maila handia erakutsiz. Horrez gain, erasoan fin aritu ziren 3-11 partzial bat eginez. 4 eta 6 puntu aurretik izan ziren gasteiztarrak baina azken hiru minutuetan, Iker Chacon gidari moduan, Bilbao Basketek markagailua irauli zuen, 6-0 partzial bati esker (24-22). Hala ere lehenengo laurdenean garaile irten zen Baskonia (27-28).

Bigarren laurdeneko erdialdera arte neurketa berdintsua izan zen, hortik aurrera, Baskoniaren 2-9 partzial bati esker, 10 puntuko aldea eskuratu zuten gasteiztarrek. Mikel Torreren mutilek arin erantzun zuten, 6-0 partzial bati esker aldea murriztu eta 4 puntutara kokatu ziren atsedenaldia heltzerakoan (44-48).

Bigarren zatia hasi bezain laster, Baskoniak 9 puntuko aldea atera zuen 3-8 partzial baten bitartez. Horren ostean, bilbotarren defentsa mailak gora egin zuen eta Iker Chaconen eta Unai Barandallaren saskiratzeen bidez, 11-0 partziala eskuratu zuten markagailua irauliz. Berriz ere Baskoniaren saskiratzeko gaitasuna ikusi zen 0-8 partzial baten bidez. Hirugarren laurdenaren bukaeran, 62-66 islatzen zuen markagailuak gasteiztarren alde.

Azken laurdenean, Bilbao Basketek hiruko marratik fin aritu ostean eta defentsa mailan ondo arituz, 16-5 partzial bat burutu eta markagailuan 7 puntuko aldea (78-71) atera zuen 4 minutu falta zirelarik. Azken minutuetan bilbotarrak aldea mantentzeko gai izan ziren eta modu horretan, Bilbao Basket EBA 2023 Euskal Kopako txapeldun bihurtu zen.