Asteburu honetan Euskal Kopa 2023rekin bukatu dugu. Emakumezkoen Liga 2ko Euskal Kopan, liga horretako hiru taldeek parte hartu dute, Ibaizabalek, Domusa Teknik ISBk eta Ausarta Barakaldok hain zuzen. Ausarta Barakaldok 60-85 irabazi zuen hirugarren jardunaldian Domusa Teknik ISBren aurka, modu horretan Emakumezkoen Liga 2ko Euskal Kopa irabaziz.

1. JARDUNALDIA: HCB AUSARTA BARAKALDO vs IBAIZABAL (75-50)


Lehenengo jardunaldian, HGB Ausarta Barakaldok eta Ibaizabalek ikusi zuten elkar Beasainen.

Neurketa Ibaizabalek hobeto hasi zuen. Araia Peñaren jokoa azpimarragarria izan zen, izan ere, bere lehenengo laurdeneko 15 puntuen ondorioz aurretik jarri zen Ibaizabal. HGB Ausarta Barakaldok Ibaizabalen atzetik zebilen Alexus Jhonsonen eskutik (11 puntu 5 minutu eta apur bat gehiagotan). Kanpoaldeko jaurtiketetan fin ibili ostean, HGB Ausarta Barakaldok 7-0 partzial bat burutu eta markagailua irauli zuen lehenengo laurdena irabaziz (24-21).

Barakaldok lan handia burutu zuen bigarren laurdenean. Defentsa maila altua erakusteaz gain, hiruko marratik saskiratze asko bihurtu zituzten. Galdakaoarrek berriz, Barakaldoko taldearen defentsari aurre egiteko arazo handiak izan zituzten eta horregatik, 9 puntu lortu zituzten laurden osoan zehar. HGB Ausarta Barakaldok baloia ondo mugitu eta Soriano eta Laupeperen saskiratzeen bidez, 19-9 partziala burutu zuen. Horrela atsedenaldian, 13 puntuko aldea lortu zuen Barakaldoko taldeak (43-30).

Aldageletatik bueltan, bigarren laurdenaren joera mantendu zen. HGB Ausarta Barakaldoko Soriano eta Laupepe oso fin aritu ziren eraso egoera eraginkorrak sortuz. Ibaizabalek arazoak zituen erasoan baina hala ere, defentsan ondo aritu zen eta ez zien Barakaldoko taldeari markagailuan aldentzen utzi.

Azken laurdena HGB Ausarta Barakadoren alde hasi zen, 8-2 partzial baten bitartez. Hori dela eta, 5 minutu falta zirelarik 20 puntuko aldea islatzen zuen markagailuak. Ondoren, bi taldeen saskiratzeak eman ziren eta berriz ere, Barakaldoren partzial bat eta gero, 75-50 amaitu zuen norgehiagokak.

2. JARDUNALDIA: IBAIZABAL vs DOMUSA TEKNIK ISB (55-69)


Bigarren jardunaldia nahiko berdintsu hasi zen. Lehenengo 6 minutuetan zehar, bi taldeen saskiratzeak eman ziren. Segituan, 0-9 partzial bat egin zuen Iraurgik eta aurretik kokatu ziren (10-15). Ibaizabalek erantzun zuen eta partizal bat lortu ostean, 15-17 bukatu zuen laurdenak azpeitiarren alde.

Bigarren laurdena Nahi Mongeren neskek oso fin hasi zuten. Kanpoaldean saskiratze ugari bihurtu ostean, 11-4 partzial bat bihurtu zuen talde bizkaitarrak. Galdakaoarrek markagailua irauli eta 5 puntuko aldea atera zieten azpeitiarrei. Iraurgik arin batean erantzun zuen 0-9 partzial baten bitartez. Karamovicen jokoa azpimarragarria izan zen markagailuari buelta emateko. Atsedenaldian, puntu bategatik aurretik ziren gipuzkoarrak (31-32).

Iraurgi oso nagusi izan zen hirugarren laurdenan. Aldageletatik itzultzerakoan, gipuzkoarrek 0-7 partziala lortu zuten 8 puntuko aldea eskuratuz. Iraurgiren defentsak arazo handitan jarri zituen bizkaitarrak eta horrekin batera, jaurtiketa libre guztiak bihurtu zituzten. Horren ondorioz, hirugarren laurdena amaitzerakoan 12 puntugatik aurretik zihoazen gipuzkoarrak (42-54).

Azken laurdena bizkaitarrek ezinhobe hasi zuten, bi hiruko eta bi gehi bateko batekin hain zuzen. Bazirudien bizkaitarrek arriskutan jarriko zituztela gipuzkoarrak, baina hauek ez zuten utzi. Iraurgik ez zuen huts egin eta garaipena eskuratu zuen (55-69).

3ª JORNADA: DOMUSA TEKNIK ISB vs HGB AUSARTA BARAKALDO (60-85)


Emakumezkoen Liga 2ko Euskal Kopako azken jardunaldian, HGB Ausarta Barakaldok eta Domusa Teknik ISBk ikusi zuten elkar. Bakoitzak garaipen bat zeraman poltsikoan eta azken jardunaldi hau Euskal Kopako finala bihurtu zen. Barakaldok aurretik hasi zuen norgehiagoka bere kapitainaren jokaldiei esker. Horren ostean, gipuzkoarrek markagailua berdindu zuten. Denbora gutxi pasa ostean, HGB Ausarta Barakaldoren bi erasoko jokaldi bihurtu ostean, lehen laurdena aurretik bukatu zuen talde bizkaitarrak.

Bigarren laurdenean, bi taldeen saskiratzeak eman ziren. Iraurgik hiruko marratik jaurtiketak bihurtu zituen eta Barakaldoren erasoko jokaldiak bihurtu ostean, berdinketa islatzen zuen markagailuak laurdenaren erdialderako (32-32). Hortik aurrera, bizkaitarren 3-14 partzial bati esker, 35-46 aurretik ziren bizkaitarrak atsedenaldirako.

Hirugarren laurdenean, Sorianok, Jhonsonek eta Vallesek erasoan ezinhobe aritu ziren Iraurgiren defentsa erraztasunez gaindituz. Laurdenaren erdialdera heltzerakoan, 15 puntu aurretik zen HGB Ausarta Barakaldo. Gero, gipuzkoarrek 10 puntura hurbiltzea lortu zuten. Baina berriz ere, Barakaldok 0-6 partziala burutu ostean, 51-67 aurretik bukatu zuen laurdena.

Azken laurdenean ere Asier Bilbaoren neskek lan handia egin zuten. Defentsan maila handia erakutsi zuten, Iraurgiren erasoko jokaldiak oztopatuz, eta erasoan ere lan handia egin zuten. Baloiaren mugimendua aipagarria izan zen eta erraztasun handiz saskiratzeko gai ziren. 0-10 partzial batekin hasi zen laurdena bizkaitarren alde, 26 puntuko aldea eskuratuz. Ondoren, bi taldeen saskiratzeak eman ziren partidaren bukaerara arte. 60-85 irabazi zuen HGB Ausarta Barakaldok eta lehenengo aldiz Emakumezkoen Liga 2ko Euskal Kopako txapeldun bihurtu zen.