Finalerdia: GIPUZKOA 59 – NAFARROA 69
Zarautzen ospatutako junior mailako nesken txapelketako lehen finalerdian, nafarrak irten ziren garaile Gipuzkoaren aurka. Etxeko selekzioak neurketa hobeto hasi arren, Nafarroak 10-21eko partzial batekin erantzun zuen; horrela, nafarrek 11 puntu aurretik bukatu zuten lehen laurdena. Bigarren laurdena hasi bezain laster, Nafarroak 0-7ko partziala burutu zuen eta modu horretan, markagailuan gehiago hurbildu ziren. Hala ere Gipuzkoak ez zuen amore ematen eta aldea murrizteko gai izan zen. Atsedenaldirako 2 puntu aurretik zen Nafarroa (29-31).
Aldageletatik itzultzerakoan, bi taldeen saskiratzeak eman ziren, berdintasuna zen nagusi; laurdena bukatu orduko 43-46 islatzen zuen markagailuak nafarren alde. Azken laurdena hasterakoan, nafarren aldeko 0-8ko partziala oso erabakigarria izan zen gainontzeko minutuetan aurretik mantentzeko. Gipuzkoak lanean aritu arren, sei puntura hurbildu ziren norgehiagoka amaitzeko minutu bat geratzen zenean. Amaieran, 59-69 eta Nafarroak lortu zuen finalerako txartela.
Finalerdia: BIZKAIA 106 – ARABA 105
Bizkaiak puntu bakar bategatik irabazi zuen Arabaren aurkako finalerdia. Arabak bost jaurtiketa libre huts egin zituen finalerdiaren hasieran. Bi selekzioak hiruko marratik estreinatu ziren bigarren finalerdi honetan. Bizkaiak, jaurtiketa libreak bihurtzeari eta baloia ondo mugitzeari esker, 5 puntu aurretik amaitu zuen lehen laurdena. Arabak indartsu hasi zuen bigarren laurdena bi hiruko saskiratuz eta horrela, aldea murriztea lortu zuen. Bizkaiaren aldeko 9-0 partzialak berriz ere markagailuan urruntzeko balio zuen. Laurdeneko erdialdea pasa ostean, Arabak erraztasunez saskiratzeko gai zen eta Bizkaia arazo handitan sartu zuen. Atsedenaldian, 43-44 islatzen zuen markagailuak.
Hirugarren laurdenean berdintasuna izan zen nagusi eta bi selekzioak ez ziren partzial bat egiteko eta markagailuan urruntzeko gai izan. Amaieran, markagailuak 86-89 islatzen zuenean, hiruko bati esker Bizkaiak neurketa luzapenera bidali zuen.
Luzapenean, Bizkaiak 6 puntuko aldea lortu zuen neurketa amaitzeko 2 minutu falta zirenean. Hala ere Arabak bi hiruko bihurtu arren, ez zen markagailua iraultzeko nahikoa izan.
Amaieran, Bizkaiak lortu zuen finalerako txartela, 106-105.
3. eta 4. postuak: GIPUZKOA 72 – ARABA 85
Neurketa hau berdintsu hasi zen ere, bi selekzioak izan ziren aurretik markagailuan lehenengo laurdenean zehar (23-25 Arabaren alde). Arabak oso fin hasi zuen bigarren laurdena hiruko marrako jaurtiketak bihurtuz eta zortzi puntuko aldea eskuratuz. Alde hori atsedenaldira arte mantendu zuten arabarrek (36-43).
Bigarren zatia hasterakoan Arabak 13 puntura aldentzea lortu zuen. Gipuzkoak jarraian erantzun zuen bi minututan egindako 9-0 partzial baten bitartez. Azken minutuetan finago aritu ziren arabarrak eta 10 puntu aurretik bukatu zuten hirugarren laurdena. Azken laurdenean, nahiz eta Gipuzkoa markagailuan hurbildu, arabarrak ez ziren arrisku handitan sartu. Hirugarren postua Arabak eskuratu zuen 72-85 irabazi ostean.
Finala: NAFARROA 47 – BIZKAIA 77
Bizkaiak erraztasunez irabazi zuen Euskadi eta Nafarroako Junior Nesken Txapelketako finala. Bizkaiak hiruko marratik oso fin hasi zuen neurketa, lehenengo laurden osoan zehar aurretik izan zen (18-21). Bigarren laurdena hasi eta bizkaitarren 0-6ko partzial bati esker, ia 10 puntugatik aurretik ziren markagailuan. Nahiz eta Nafarroak ere erraztasunez saskiratu, Bizkaiak martxa bat gehiago zeraman erasoan Nafarroarekin alderatuta.
Atsedenalditik zelaira itzultzerakoan, Bizkaiak sekulako eraginkortasuna izan zuen erasoan kanpoko jaurtiketei esker. Hori dela eta, Bizkaiak alde handia atera zuen hirugarren laurdenean (42-62). Laugarren laurdenean joera berdina mantendu zen, Bizkaiak bai eraso zein defentsa lanetan oso maila handia erakutsi zuen. Amaieran, Bizkaiak irabazi zuen Eusknaf 2023 txapelketa 47-77ko emaitzarekin.