Araski-k denboraldiko lehen porrota gehitu du nesken lehen mailan eta Valle de Egües-ek azken segunduan irabazi du lidergotza mantentzeko.

NESKEN BIGARREN MAILA

A-A multzoan liderra den MAZARREDO FISIOTERAPIA UNAMUNO-k garaipenaren senda berreskuratu zuen EASO IBAETA BASKET-i 78-31 irabazi eta gero. Goran jarraitzeko asmoarekin, partiduan oso serio sartu ziren eta momentu oro donostiarrak baino gehiago izan ziren partzial guztiak menderatuz bai erasoan eta bai defentsan.

UNSAIN GRUPO LAGUNAK berdina egin zuen azken aurren dagoen MECALASER UNIBASKET-en aurka. Hala ere, partidu hau guztiz ezberdina izan zen, lehenengo hiru laurdenetan dena oso parekatsua egon baitzen, non azken laurdenera errioxarrak irabazten sartu ziren. Orduan naparrak, azken laurden ikusgarri bati esker, 2-29ko partziala lortu zuten 49-75 irabazten bukatzeko. Etxekoak partidu zoragarria egin zuten baina bukaeran hustu egin ziren bigarren doan arerioaren aurka.

NAVASKET-ek aurkari zaila jaso zuen etxean larunbat atsaldean, KILLYAN ATLETICO SAN SEBASTIAN. Hasieran etxekoak finago ibili ziren 8-10 puntuko abantaila lortuz. Hortik aurrera bi taldeek hartu eman bizia eduki zuten azken laurdenera arte. Orduan izan zen naparrek partidua ixtea lortu zutenean, ondo borrokatu zuen talde baten aurka, 75-61.

ESCOLAPIOS BILBAO-k asko landutako garaipena lortu zuen azkena doan baina aldi berean oso ondo konpetitzen ari den MARISTAS LOGROÑO-ren aurka. Bizkaitarrak partzial guztiak irabazi zituzten baina 2-4 punturengatik, 67-56 bukatu arte. Hauek 3.en garaipen jarraia gehitu dute eta beheko postuetatik goiko multzoan sartzeko borrokan sartu dira.

Multzoko partidurik zirraragarriena GAZTE BERRIAK S.K. eta LEIOA SBT-ren artean izan zen. Bi aurkari zuzenak, goran sartzeko intentzioarekin, sekulako ikuskizuna eskeini zuten bigarren luzapenera joan zen partidu batean. Partidua momentu oro parekatuta egon zen, alde txikiekin bi taldeen artean, non 40 minutu ez ziren nahiko izan. Lehenengo luzapenean bi taldeen nekea nabaria zen eta soilik 8 puntu gehitu zituzten bien artean. Azkenean, bigarren luzapenean, etxekoak 3 segunduren faltan jaurtiketa libre bati esker, irabazteko nahikoa izan zen puntua gehitu zuten, 67-66.

Eman diren emaitzek lehia bizia utzi dute goiko multzoan sartzeko borrokan, berdinketa laukoitz batean.

SAILKAPENA:

A-B multzoan, liderra, GRAFICAS JUARISTI ZKE, fin jarraitzen du AVIA ZIZUR ARDOI-en etxean irabazi eta gero, 31-62. Naparrei hasieratik saskiratzeak gehitzea kosta zitzaien atsedenera 11 punturekin joanez, aurkariaren 33 punturen ondoan. Bigarren zatian gauzak berdintsuago egon ziren baina zarauztarrak maila berdinarekin jarraitu zuten garaipena eramanez.

Bigarren sailkatuak, IZ4 HONDARRIBIA-k, GETXO SBT jaso zuen etxean partidu zail batean. Bizkaitarrak lehenengo 5 postuetan bukatu nahi dute eta garaipena gehitzea garrantzitsua izango zela bazekiten. Horregatik, sendo borrokatu zuten eta azken laurdenera puntu bateko abantailarekin iritsi ziren. Azken laurdenean etxekoak fuerte egin ziren eta azkenean 80-75 irabaztea lortu zuten izerdi asko bota eta gero.

AXA AMURRIO A-k porroten bolada txarrari amaiera eman zion JACOBEO ALBERITE-ri irabazi eta gero. Arabarrak, denboraldiko bigarrena gehitzeko desioarekin, oso serio sartu ziren partidura eta 22-8ko partzial batekin hasi ziren. Hala ere, bientzako garaipena ezinbestekoa zen eta errioxarrak bigarren laurdenean erantzun egin zuten atsedenera 5 puntuko desabantailarekin iritsiz. Bigarren zatian borroka estua espero zen baina etxekoak lanak oso ondo egin zituzten eta partidua kontrolatzea lortu zuten 81-69 irabaziz. Sailkapenean azkenak jarraitzen dute baina berdinduta eta 8º postutik garaipen batera.

ITC PACKAGING UGERAGA SOPELA-k garaipen garrantzitsua gehitu zuen ALKIVENT TOJU-ren aurka. Bizkaitarrak pixkanaka partidua eraikitzen joan ziren partzial guztietan aurretik egonda eta jaurtiketa libreetan edukiko ehunekoari esker (39tik 33 sartu). Gasteiztarrak partidu ona egin zuten baina jaurtiketetan ez ziren fin egon eta horrek garaipena lortzea eragotzi egin zien. Azkenean, 67-47 bukatu zen.

Azkenik VALLE DE EGÜES-ek goiko multzoan sartzeko funtsezko garaipena lortu zuen LICEO MONJARDIN-en aurka 58-47 irabaziz. Hasieran dena oso estu egon zen atsedenera nahiko berdinduta iritsiz. Hirugarren laurdenean izan zen naparrek partidua haustea lortu zutenean 21-6ko partzial batekin, azken laurdena lasaitasun puntu batekin aurre egiteko. Hala ere, kanpokoak buelta ematen saiatu ziren eta markagailuan gerturatzea lortu zuten 11 puntuko aldearekin bukatuz.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN BIGARREN MAILA

EASO GIPUZKOA BASKET-ek irabazi egin zuen ASKARTZA CLARET-en etxean. Sekulako garaipena lortu zuten donostiarrek lidergotzaren borrokan bigarrenaren etxean. Partidu haundia espero zen mailako talderik onenen artean eta halaxe izan zen. Bizkaitarrak lehenengo zatian gehiago izan ziren eta 11 puntuko abantailarekin joan ziren atsedenera. Bigarren zatian kanpokoak partiduari buelta eman zioten 13 gora jarri arte 4 minuturen faltan. Partidua bukatuta zegoela zirudienean, etxekoak azken ahalaegina egin zuten eta azken segunduetan hiruko batekin partidua luzapenera bidali zuten. Luzapenean gipuzkoarrak eraman zuten 66-70.

Bizkaitarren porrot honekin Final 4-erako borroka estuago jartzen da izan ere DISDIRA BITXITEGIA ISB-k LOIOLA INDAUTXU-ri irabazi zion 79-73. Bilbotarren 14 hirukoak ez ziren nahikoak izan partidua eramateko trata ezin dagoen talde baten aurka. Partidua oso parekatuta egon zen bukaerara arte baina etxekoak azkenean finago ibili ziren partidua aurrera eramanez.

ARABERRI BASKET CLUB ere borroka horretan dago BERGARA BKE-ri irabazi eta gero. Talde gasteiztarrak lehenengo zati oso on bat aprobetxatu zuen markagailuan aldea ateratzeko eta gai izan zen alde hori bukaeraraino mantentzeko 77-60 irabaziz. Gipuzkoarrak jetsierako postuetan daude baina bertan ere dena oso estu dago eta garaipen batek bertatik ateratzen zaitu.

Goiko borrokan dagoen beste talde bat SAN PRUDENCIO da. Gasteiztarrak beheran dagoen AXA AMURRIO A-ri irabazi zioten 86-56. Lehenengo zati parekatsu bat eta gero, hirugarren laurdenean eduki zituzten ehunekoei esker partidua guztiz hautsi zuten azken laurdenera lasai iristeko. Kanpokoak bolada txarra daramate baina badakite garaipen batek dena guztiz aldatzen duela, bai sailkapenean eta bai moralean.

PADURA fuerte egin zen etxean eta funtsezko garaipena lortu zuen gora begiratzen hasteko, ORDIZIA K.E.-ri 92-74 irabaziz. Bizkaitarrak lan asko egin zuten partidua aurrera eraman ahal izateko beti ondo borrokatzen duen talde gipuzkoarraren aurka. Hasieratik erritmo altuarekin jolastuz, partzial guztiak irabazten joan ziren abantaila pixkanaka eraikitzen. Ordiziarrak jetsierako postuetatik aldentzen saiatuko dira hurrengoan.

ERROIBIDE IRUN-ek ez du burua altxatzen HOTEL GRAN BILBAO SANTUTXU-ren aurka galdu eta gero. Bilbotarrak, taula erdian kokatuta, garaipenaren bila joan ziren goiko postuetara gerturatzeko helburuarekin. Partiduan oso serio sartu ziren eta lehenengo zati on bati esker 12 gora joan ziren atsedenaldira. Gipuzkoarrentzako etxean irabaztea funtsezkoa da eta horregatik bigarren zatian dena utzi zuten eta 17-7ko partzial batekin partiduan sartu ziren. Azkenean kanpokoak azken laurden finago bati esker 55-69 irabazi zuten.

Bukatzeko, BIOTZ ALOÑA MENDI K.E.-k BEOTIBAR RECYCLING ZORNOTZA jaso zuen etxean azken bolada onari jarraipena emateko. Beheko postuetan dauden bi aurkari zuzen dira beraz partidua espero zen bezela oso parekatuta egon zen. Azkenean partidua bizkaitarren alde erori zen xehetasun txikiengatik, 59-65.

SAILKAPENA:

 

NESKEN LEHENENGO MAILA

ARASKI-k denboraldiko lehenengo porrota gehitu zuen bikain egon zen LA SALLE VERSIA-ren aurka. Partidu izugarria jolastu zuten bi taldeek azken segunduetan erabaki arte. Bi taldeek erritmo altuarekin hasi ziren oso parekatuta egon zen lehenengo zatian. Hirugarren laurdenera gasteiztarrak hobeto sartu ziren alde txiki bat eraikiz, baina bilbotarrak ez zuten azken hitza esan eta azken segunduetan oso mingarria izan zen hiruko bati esker partidua 85-88 irabazi zuten.

LOINTEK GERNIKA-k asko sufritutako garaipena lortu zuen Malosten azken sailkatuaren aurka, ABN CENTRO DENTAL GURPEGUI. Bizkaitarrak ondo hasi ziren partiduan 9 puntuko aldea lortuz lehenengo zatian, baina ez zuten inungo momentuan partidua haustea lortu. Bigarren zatian errioxarrak oso fin sartu ziren eta azken laurdenera 1 gora sartu ziren. Azken 10 minutuak infartuzkoak izan ziren bi taldeen arteko hartu-eman itzelekin 63-60 bukatuz.

MESPLET TRUCKS UNIBASKET-ek ere garaipen estua lortu zuen ZORNOTZA ST-ren aurka. Bizkaitarrak hobeto sartu ziren lehenengo laurdenean abantail txikia lortuz, baina etxekoak segituan eman zioten buelta partiduari bigarren laurden itzel bati esker, 27-9. Bigarren zatian berdin jarraitzeko ideiarekin, zornotzarrak ondo lehiatzen jarraitu zuten eta ia berdinketa lortzen dute. Azkenean 73-67.

IBAETA BASKET EASO-k garaipenaren senda berreskuratu zuen NAVARRO VILLOSLADA-ren aurka 72-43 irabazi eta gero. Donostiarrak aurreko asteko porrota atzean utzi eta partidura oso serio sartu ziren hasieratik bukaerara menderatuz. Naparrei, kosta egin zitzaien partiduan sartzea eta bigarren zatian, hobeto ibili zirela, iada beranduegi egin zitzaien. Araskiren porrotak hegoak eman dizkie etxekoei garaipen batera jarriz lidergotzaren borrokan.

SAN IGNACIO PREMO-k LOIOLA INDAUTXU-ri irabazi zion Kopako Finalaren errepikapenean. Partidu erakargarria espero zen goran dauden bi taldeen artean, sailkapeneko 3º postuaren bila. Naparrek, etxean jolasten zutela aprobetxatuta, zerbait finago ibili ziren 71-63 irabaziz. Partidua orokorrean oso parekatuta egon zen, baina hirugarren laurden sendo bati esker, etxekoak irabaztea lortu zuten. Azken minutuetan bizkaitarrak gerturatzen saiatu ziren baina ertzean geratu ziren.

TABIRAKO BAQUE-k saskiratze jaialdi bat eman zuen AFILADOS GASTEIZ ARABA-ren aurka. Bizkaitarrak azken partiduetako bolada txarrari amaiera jarri zieten burua altxatzen ez duen talde baten aurka. Etxekoak momentu oro arabarren gainetik pasa ziren aurkariari partiduan sartzeko aukerarik eman gabe inungo momentuan. Bestalde, zuri-gorriak, bolada txarra daramate baina oraindik asko gelditzen da egoerari buelta emateko.

Azkenik, atzeratutako ASKARTZA CLARET eta MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren arteko lehia falta zaigu, urtarrilak 31-an jolastuko dena Leioan.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN LEHENENGO MAILA

VALLE DE EGÜES-ek bozinaren gainetik irabazi zuen ATLETICO SAN SEBASTIAN-en etxean. Ukaezin jarraitzen duen liderrak irteera oso zaila eduki zuen igande goizean. Naparrak hasiera hobea eduki zuten lehenengo laurdenean, alde txiki bat lortuz, baina donostiarrak pixkanaka alde hori murrizten joan ziren azken segundura berdinketarekin iristen. Orduan izan zen, Jose Javier Unzue-k diseinatutako jokaldi bati esker, Julen Velasco-k baloia jaso eta saskiratzea lortu zuen 69-71 irabaziz.

Bigarren sailkatuak ere, MEGACALZADO ARDOI-k, ez zuen barkatu azkenekoaren aurka. Naparrek sekulako erakustaldia eskeini zuten erritmo altuarekin jolastuz eta saskiratze asko lortuz. Gipuzkoarrek ondo konpetitu zuten, baina argi dago oraindik talde oso gaztea dela eta esperientzia falta horrek partiduetan gorabehera haundiak edukitzera eramaten dietela. Azkenean 114-63 bukatu zen.

TABIRAKO BAQUE sendo egin zen etxean eta zale askoren presentzian, garaipen garrantzitsua gehitu zuten LOIOLA INDAUTXU-ren aurka. Etxekoak finago ibili ziren lehenengo laurdenean 13 puntuko aldea lortuz. Hala ere, bilbotarrak azkar erantzun zuten eta hurrengo bi laurdenetan gehiago izan ziren 2 gora sartuz azken partzialera. Azkenean, oso zirraragarria izan zen azken laurden batean, durangoarrak 70-67 irabaztea lortu zuten.

Goiko postuetako borrokan sartzeko ere, EKOGAR GEOTERMIA URGATZI-k, CABARRI GALVANIZADOS UNAMUNO-ren etxean irabazi zuen irteera zail batean. Gasteiztarrak orokorrean partidua menderatu zuten lehenengo hiru laurdenetan, 29 puntuko aldea edukitzera lortuz. Etxekoak, ez zuten lortu partiduan egotea ordura arte, eta sentsazioak aldatzeko intentzioarekin, azken laurden izugarria egin zuten 31-11ko partzial bat lortuta. Esan dezakegu kanpokoei ezusteko txiki bat eman zietela. Azkenean 69-77 bukatu zen.

Natxo Gomez-en LA SALLE VERSIA-k garaipen garrantzitsua lortu zuen Iñaki Merino-ren AISLA ARMETI IBAIZABAL-en etxean. Partidu oso parekatsua izan zen 7º postuaren borrokan eta bilbotarrak bigarren laurdenean lorturiko partzial txiki bati esker bigarren zatian partidua kontrolpean mantentzea lortu zuten 71-79 irabaziz. Aipatzekoa da etxekoak jaurtiketa libreetan fin ibili zirela 17tik 17 sartuz baina hori ez zen nahikoa izan.

NAVASKET-ek ere funtsezko garaipena lortu zuen LEIOA SBT-ren aurka 66-60 irabaziz eta jetsiera postuetatik aldentzen dira. Bi taldeentzako partidu garrantzitsua zen beheko postuetatik aldentzen hasteko eta espero zen bezela, partidua oso estu egon zen, azken 12 segunduetara berdinketarekin iristen. Navasketek bi jaurtiketa libre eduki zituen eta lehenengoa sartuz bakarrik, bigarrenean erasoko errebotea hartzea lortu zuten. Bizkaitarrek orduan falta egiteko intentzioarekin, kirolez kontrakoa egin eta hortik aurrera partidua erotu egin zen. Azkenean jaurtiketa libreak medio, naparrek irabazi zuten.

Bukatzeko, ULACIA ZKE-k ez zion eutsi lehenengo laurden oso on bati eta 68-82 galdu zuen MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren aurka. Bi taldeak berdinduta zeuden sailkapeneko jetsiera postuetan eta funtsezkoa zen garaipena lortzea. Zarauztarren hasiera izugarri baten ondoren, kanpokoak esnatzea lortu eta hortik aurrera partidua guztiz menderatu zuten Aitzol Lagunilla-ren laguntzaz (24 puntu 11 errebote).

SAILKAPENA:

ARGAZKIA: LUIS ITURRIOZ