Kadete eta Junior neska-mutilek maila haundiko neurketak utzi dituzte asteburu honetan.

KADETE NESKAK

Bigarren jardunaldia hasi da eta MOVILTECK ISB-k lidergotza mantentzen du ZAST KURAYE ZKE-ren etxean irabazi eta gero. Partidu gogorra eta luzea izan zen bi taldeentzako non zarauztarrak oso ondo lehiatu zuten eta kanpokoei gauzak oso zail jarri zizkieten. Azken hauek partzial guztiak irabazi zituzten baina izerdi asko bota eta gero. Azkenean 46-60.

LOINTEK GERNIKA bere partetik indartsu egin zen EASO IBAETA BASKET-en aurka eta 72-52 irabazi zuen. Lehenengo zatia guztiz menderatu zuten eta atsedenera 24 gora joan ziren. Hortik aurrera partidua kontrolpean eraman zuten azken laurdenera arte non donostiarrak duintasunez borrokatu zuten emaitza apainduz.

ORDIZIA GORKA & TERE FISIOTERAPIA-k OPTICA TROCONIZ ARABA-ren aurka galdu zuen larunbat arratsaldean. Lehenengo zati parekatsuarekin, atsedenaldira alde oso txikia zegoen bi taldeen artean. Orduan, hirugarren laurdenean, arabarrak sendo sartu ziren eta 16-25eko partzialarekin partidua hautsi zuten 13 puntuko aldearekin iritsiz azken laurdenera. Azkenean 61-71 irabazi zuten.

SAILKAPENA:

A2-an FUNDACION 5+11 BASKONIA-k 60-28 irabazi zuen arri BKL PAGOETA-ren aurka. Gasteiztarrak momentu oro hobeak izan ziren eta Beasaindarren gainetik pasa ziren partidu oso ona burutuz. Kanpokoek ezin izan zuten etxekoen defentsa bikaina gainditu eta merezitako porrota jaso zuten.

LOIOLA INDAUTXU 08-ri asko kosta zitzaion MARIANISTAS IRRIBARREA gainditzea, izan ere, lehenengo hiru laurdenetan dena oso parekatuta egon zen azken laurdenera puntu bateko aldearekin iritsiz. Orduan bilbotarrak finago ibili ziren eta azken partzial on bati esker 54-42 irabazi zuten.

ASEVI ARASKI eta LA SALLE BILBAO-ren artean partidu zirraragarria jolastu zen Gasteizen. Lehenengo zatian hartu eman itzelak bizi ziren berdinketarekin iritsiz atsedenera. Hirugarren laurdenean berdekoak beraien erritmoa ezarri zuten eta 20-7ko partzial bati esker azken laudenera alde eroso batekin iritsi ziren. Bilbotarrak, partidua amaitutzat eman gabe, sekulako azken laurdena egin zuten emaitzari buelta emanez eta 48-51 irabaziz.

Azkenik, BERA BERA eta EKIOLA OINTXE!-ren artean ere partidua oso parekatuta egon zen 53-48ko emaitzarekin. Espero zen bezela, lehenengo fasean elkarren aurka jolastutako bi talde hauek oso serio sartu ziren eta une oro tira-birak egon ziren. Azken laurdenean donostiarrak zerbait gehiago asmatu zuten eta garaipena etxean geratu zen.

SAILKAPENA:

 

KADETE MUTILAK

Istorio gutxiko partiduak jolastu ziren A1-eko bigarren jardunaldian.

Hasteko, FUNDACION 5+11 A-k 95-67 irabazi zion TABIRAKO BAQUE-ri. Durangoarrak bikain lehiatu zuten eta batez ere, erasoan oso fin ibili ziren. Hala ere ezinezkoa egin zitzaien etxekoen erritmoari jarraitu eta galdu egin zuten. Gasteiztarren partetik Chiek Diallo nagusi izan zen 32 puntu eta 20 erreboterekin.

BERRIO OTXOA-k ere ezin izan zuen Euskal Ligako debutean EASO GIPUZKOA BASKET-en aurka. Bilbotarrak ere duintasunez borrokatu zuten eta bukaeraraino saiatu ziren. Donostiarrak momentu honetan beste erritmo bat daramate eta partzial guztiak menderatuz 60-90 irabazi zuten.

BILBAO BASKET FUNDAZIOA-k sekulako ikuskizuna eman zuen batez ere bigarren zatian EKIOLA OINTXE!-ren gainetik pasatuz, 99-38. Bilbotarrak garbi dute bigarren fase honetan ez dutela barkatu nahi inongo momentuan. Arrasatearrak bi arerio zailenen aurka jolastu dute iada eta orain hasiko da beraien benetako liga.

SAILKAPENA:

A2-an ZAST & FURIOUS-ek sendo jarraitzen du SANTURTZI SK-ren etxean 55-89 irabazi eta gero. Etxekoei partiduan sartzea kosta egin zitzaien eta horrek partidu guztian zehar lastratu zien. Bigarren laurdenetik aurrera partidua gehiago parekatu zen baina zarauztarrak ez zuten erasoko erritmo altua jetsi eta garaipen biribila lortu zuten.

ORDIZIA HOTEL ORDIZIA-k ere AXA AMURRIO “A”-ren etxean 48-78 irabazi zuen bigarren zati zoragarri bati esker. Bi partidu ikusi ziren aurrekoan bañueta kiroldegian non lehenengo zati parekatsu baten ondoren kanpokoak 1 gora joan diren atsedenaldira. Hortik bueltan, ordiziarrak energia ezberdin batekin sartu ziren eta bigarren zatia guztiz menderatu zuten 17-46ko partzial batekin.

GETXO SBT-ek lehenengo garaipena lortu zuen JOTAKE RESTAURANTE BAHIA-ren aurka 73-63 irabazi eta gero. Bizkaitarrei kosta egin zitzaien partiduan sartzea baina, bigarren laurden on bati esker, abantail txiki batekin joan ziren aldageletara. Dinamika berdinarekin jarraituz, hirugarren laurdenean etxekoak partidua haustea lortu zuten azken laurdenera abantail eroso batekin iritsiz. Azkenean eta gasteiztarren azken partzial on bati esker, 10 puntuko aldearekin bukatu zen.

Azkenik, BARAKALDO BASKET-ek ere lehenengoa lortu zuen ITSASAURRE ARRAINAK ARABERRI-ren aurka. Bizkaitarrak oso serio sartu ziren partidura eta 10 puntuko aldea lortu zuten lehenengo laurdenan amaieran. Hortik aurrera gasteiztarrak esnatu egin ziren eta partidu zirraragarria ikusi genuen batez ere erasoei esker. Etxekoak lehenengo partzialean ateratako abantailaz baliatu ziren eta azkenean 82-72 irabazi zuten.

SAILKAPENA:

 

JUNIOR NESKAK

EASO IBAETA BASKET-ek ireki zuen jardunaldia EUROMEX ARASKI-ren aurka. Donostiarrak aurreko asteko porrotaz ahaztuta, partidu oso serioa planteatu zuten hasieratik bukaerara partzial guztiak kontrolatuz eta menderatuz. Gasteiztarrak ezin izan zuten inongo momentuan etxekoen erritmoa jarraitu eta porrot gogorra jaso zuten, 83-44.

FSGROUPE ARABA-k ere garbi pasa nahi du Final 4-era eta LOIOLA INDAUTXU 06 jaso zuen etxean 70-40 irabaziz. Hasieratik erritmo haundia ezarri zuten gasteiztarrak eta kanpokoei kosta egin zitzaien partiduan sartzea. Bigarren laurden parekatsu bat eta gero, etxekoak berriro ere bigarren zatian sendo sartu ziren partidua guztiz hautsiz.

ATLETICO SN SN ANIE-k ia ezustekoan harrapatzen du LOINTEK GERNIKA gorabehera haundiko partidu batean. Donostiarrak oso ondo sartu ziren partiduan lehenengo laurden fin bati esker. Bigarren laurdenean aldiz gernikarrak erritmoa areagotu eta 7 gora joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian etxekoak irabazteko aukera bat ikusi zuten eta partidua parekatzea lortu zuten puntu bateko desabantailarekin iritsiz azken partzialera. Azkenean kanpokoak gailendu ziren 50-55.

SAILKAPENA:

A2-an FUNDACION 5+11 BASKONIA-ren garaipenarekin hasten gara EASO BASKET BURUNTZA-ren aurrean. Hasieratik gasteiztarrak hurrengo urtean Euskal Ligan jarraitu nahi dutela erakutsi zuten eta ezarritako maila fisiko haundiari esker ez zieten aukerarik eman donostiarrei, 83-44.

LA SALLE BILBAO eta FUNDIBIDE ISB dira fase honetan lehenengo izateko bi faboritoenak eta hala erakutsi zuten partidu zirraragarri batean. Lehenengo zatia oso berdinduta egon zen espero bezala eta gipuzkoarrak 3 gora joan ziren aldageletara. Hirugarren laurdenean bilbotarrak oso ondo sartu ziren eta emaitzari buelta eman zioten 16-6ko partzial bat lortuz. Azkeneko 10 minutuetan, eta bigarren fasea ezinhobe hasi nahiean, kanpokoak sekulako ikuskizuna eskeini zuten Nahia Esnaola-ren nagusitasunaz baliatuta (18 puntu eta 25 errebote) eta 51-56 irabazi zuten.

Azkenik, BERA BERA eta LAURO A-ren artean, partidu oso parekatsua jolastu zen 55-60ko emaitzarekin. Bizkaitarrak hobeto sartu ziren partidura baina bigarren laurdenean indarrak berdindu ziren atsedenera pareko iritsiz. Bigarren zatian kanpokoak, bukaeraraino ondo kudeatu zuten alde txiki bat lortu zuten, fase honetako bigarren garaipena lortuz eta bakarkako lidergotza eskuratuz. Donostiarrak aldiz bigarren porrota gehitu dute.

SAILKAPENA:

 

JUNIOR MUTILAK

BILBAO BASKET FUNDAZIOA-k bigarren garaipena lortu du AUTOESCUELA CLAXON ARABERRI-ri 91-64 irabazi eta gero. Nahiz eta markagailuan aldea egon bien artean, gasteiztarrak ez zioten erraza jarri bilbotarrei eta hauek lan ona egin behar izan zuten aurrera ateratzeko. Kanpokoak ondo egon ziren baina etxekoen eraso mailari ezin izan zioten eutsi.

FUNDACION 5+11 A-k bere aldetik MONDRAGON UNIBERTSITATEA-ren gainetik pasa zen 112-66 irabaziz. Gasteiztarrak momentu oro gehiago izan ziren partzial guztiak dominatuz eta erasoan asko asmatuz. Aipatzekoa da gipuzkoarrak baja askorekin zeudela eta horrek ekidin egin zien partiduko erritmoari aurre egiteko.

EASO GIPUZKOA BASKET-ek etxean hartu zuen LOIOLA INDAUTXU 06 74-63 irabaziz. Lehenengo zatian gipuzkoarrak hobeto egon ziren partidua guztiz kontrolatuz eta atsedenaldira 15 puntuko aldearekin joanez. Bigarren zatian bilbotarrak partidua parekatzea lortu zuten baina gehiegi gerturatu gabe, etxekoak emaitza ondo kudeatu baitzuten.

SAILKAPENA:

A2-an partidu nahiko berdintsuak ikusi ziren non AXA AMURRIO “A”-k 71-63 irabazi zion ORDIZIA ORKLI-ri. Lehenengo zatian etxekoak finago ibili ziren eta 8 puntuko aldea lortu zuten. Ordiziarrak hirugarren laurdenean partiduan sartzea lortu zuten azken laurdenera 1 behera iritsiz. Azkenean eta azken laurden zoragarri baten ostean, arabarrak gehiago asmatu zuten eta bigarren garaipena lortu zuten.

ALTER CONSULTING ISB-k TABIRAKO BAQUE jaso zuen etxean 61-66 galduz. Gipuzkoarrak atsedenaldira 9 gora joan ziren bigarren laurden izugarri bati esker. Hala ere, bigarren zatian istorioa guztiz aldatu zen izan ere bizkaitarrak bigarren zatian jaun eta jabe izan ziren 23-37ko partzial batekin. Durangoarrak garaipen garrantzitsua lortu zuten aurkari zuzen baten aurrean.

GETXO SBT-ek mendekua hartu zuen eta lehenengo fasean ZAST ZARAUTZ-en aurka bitan galdu arren, oraingoan garaitzea lortu dute. Partidua hasieran oso parekatuta egon zen bigarren laurdenera arte non bertan gipuzkoarrak oso fin ibili ziren eta 8 puntuko aldearekin joan ziren atsedenera. Hirugarren laurdenean partidua bilakatu egin zen eta bizkaitarrak izan ziren hobeto ibili zirenak partidua berdinduz. Infartuzko azken laurden bat eta gero jaurtiketa libreak medio, 70-67 bukatu zen.

Azkenik, SANTURTZI SK eta IBAIZABAL-en arteko partiduan kanpokoak gailendu ziren 50-75. Nahiz eta etxekoak partidu ona egin eta duintasunez borrokatu, galdakaotarrak pixkanaka partiduaren kontrola hartzen joan ziren eta partzial guztiak irabaziz eraman zuten. Bigarren garaipena lortzen dute lider jartzeko eta maila mantentzeko aurrera pauso izugarria eman dute.

SAILKAPENA: