Kategoria batzuetan lehen sailkatu sendoa dugun bitartean, beste batzuetan dena oso irekita dago oraindik.

NESKEN BIGARREN MAILA

A1 multzoan GETXO SBT eta LEIOA SBT-k ireki zuten jardunaldia etxekoen garaipenarekin 72-67. Lehenengo zatian getxotarrak gehiago izan ziren partidua guztiz kontrolatuz eta atsedenaldira 24 gora joanez. Bigarren zatian aldiz, kanpokoek beste energia batekin sartu ziren eta partzial itzel bati esker ia partiduari buelta ematea lortzen dute.

IZ4 HONDARRIBIA eta ESCOLAPIOS BILBAO-ren arteko lehian, gipuzkoarrak finago ibili ziren eta 64-39 irabazi zuten. Hasieratik erritmo haundiarekin jolastuz eta errebotea dominatuz, etxeko taldeak garaipen sendoa lortu zuen eta igoera postuetan finkatzen dira. Bilbotarrak aldiz, sailkapeneko beste aldean daude igoera postuetatik nahiko urruti baina, ahalik eta goragoen geratzen saiatuko dira.

LICEO MONJARDIN-ek garaipenaren senda berreskuratu zuen UNSAIN GRUPO LAGUNAK-i 50-46 irabazi eta gero. Partidua une oro oso parekatuta egon zen azken laurdenera 3 puntuko aldearekin iritsiz bi taldeak. Azken laurdenean, etxekoak 12 gora jartzea lortu zuten lehenengo 6 minutuetan eta, dena erabakita zegoela ematen zuenean, kanpokoak azken segundura arte borrokatzen jarraitu zuten emaitzari buelta ematea lortu gabe.

UBERAGA SOPELA-k zail jarri zion MAZARREDO FISIOTERAPIA UNAMUNO-ri eta azken hauek azken laurden bikain bat egin behar izan zuten partidua irabazteko. Izan ere, eta nahiz eta atsedenaldira 11 gora joan, hirugarren laurdenean etxekoak partiduan sartu ziren sekulako laurden bati esker eta 3 puntura jartzea lortu zuten. Azkenean, bilbotarrak sendo egon ziren azken laurdenean eta 58-71 irabazi zuten.

Azkenik, GRAFICAS JUARISTI ZKE eta NAVASKET-en artean, zarauztarrak asko izerditutako garaipena lortu zuten zirrara haundiko partidu batean. Lehen fase bikain bat eta gero, bigarren fase honetan garaipenak ateratzea gehiago kostatzen ari zaio Beñat Jauregi-ren taldeari. Izan ere, edozeinek edozeini irabazi diezaioke eta hori garbi geratzen ari da. Partidua 59-53 amaitu zen bi taldeen partidu bikain baten ostean.

SAILKAPENA:

A2-an aldiz MARISTAS LOGROÑO eta AXA AMURRIO A-k zabaldu zuten jardunaldia errioxarren garaipen sendo batekin 87-42. Lehenengo laurden parekatsu baten ostean, bigarren laurdenean etxekoak nahi zuten partidua egiten hasi ziren eta bigarren zatian partidua guztiz hautsi zuten. Garaipen garrantzitsua lortu zuen etxeko taldeak jetsiera postuak urruti uzteko. Arabarrak aldiz borrokatzen jarraitu beharko dute goraka egiteko.

EASO IBAETA BASKET-ek ezin izan zuen liderra gainditu, ALKIVENT TOJU, nahiz eta partidu bikaina egin eta gertu egon, 60-65. Talde donostiarra oso ondo sartu en partidura eta atsedenaldira 4 gora joan ziren. Hala ere, hirugarren laurden itzel bati esker, gasteiztarrak emaitzari buelta eman zioten eta aurretik jartzea lortu zuten. Azken laurdena oso estua izan zen baina azkenean liderrak garaipena eskuratu zuen.

VALLE DE EGÜES eta MECALASER UNIBASKET-en artean, naparrek garaipena eskuratu zuten bigarren laurden itzel bati esker. Partidua oso parekatuta egon zen hasieran baina, bigarren laurdenean, etxekoak sekulako emanaldia eman zuten erasoan eta 28-12ko partzial batekin 17 gora joan ziren aldageletara. Bigarren zatian, errioxarrak emaitzari buelta ematen saiatu ziren eta nahiz eta finago egon, bidean geratu ziren 74-65 galduz.

JACOBEO ALBERITE eta KILLYAN ATLETICO SAN SEBASTIAN-en arteko partiduan, donostiarrak hasiera sendo bati esker garaipena eskuratzea lortu zuten 46-57. Lehenengo zati aparta egin zuen Luis Comendador-en taldeak atsedenaldira 13 gora joanez. Hala ere, hirugarren laurdenean, etxekoak esnatu egin ziren eta azken 10 minutuetara 5 puntura jartzea lortu zuten. Azkenean, donostiarrak berriro ere fin egon ziren eta defentsako lan bikainari esker 46-57 irabazi zuten.

Amaitzeko, AVIA ZIZUR ARDOI-k funtsezko garaipena lortu zuen GAZTE BERRIAK S.K.-ren aurka eta nahiz eta jetsiera postuetan jarraitu, aldea murrizten dute goiko taldeekin. Partidua oso parekatuta egon zen hasieratik bi taldeen arteko hartu-eman itzelarekin. Edozeinek irabazi zezakeen partidua baina azken laurdenean etxeko taldeak gehiago asmatu zuen eta 52-49 eraman zuten.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN BIGARREN MAILA

Jardunaldia lehenengo bi sailkatuek zabaldu zuten EASO GIPUZKOA BASKET-en garaipenarekin DISDIRA BITIXTEGIA ISB-ren aurka, 78-75. Sekulako partidua izan zen hainbat lidergotza aldaketekin baina azkenean, txanpona Donostiarren alde erori zen. Garaipen honekin etxekoei oso ondo jartzen zaie igoera zuzena izan ere, 6 partiduren faltan, 4 garaipeneko aldea daukete hurrengo sailkatuarekin.

ASKARTZA CLARET da hurrengo sailkatua izan ere bigarren postua berreskuratu dute BIOTZ ALOÑA MENDI K.E.-ri 78-51 irabazi ostean. Bizkaitarrak garaipenaren senda berreskuratzen dute aurreko bi partiduak galdu ostean eta nahiz eta lehenengo postua lortzea zaila izango den, borrokatzen jarraituko dute behintzat Final 4-a etxean edukitzeko.

ORDIZIA K.E. eta BEOTIBAR RECYCLING ZORNOTZA-ren arteko lehia zuzenean, gipuzkoarrak garaipen itzela lortu zuten pauso bat aurrera emateko eta, momentuz, jetsiera postuetatik ateratzeko. Partidua oso parekatuta egon zen atsedenaldira arte eta, hortik bueltan, etxekoak finago egon ziren hirugarren laurdenean azken laurdenera 7 gora sartuz. Hala ere, borroka egon zen azken segundura arte 77-74 emaitzarekin.

PADURA eta ARABERRI BASKET CLUB-ak goiko postuetan sartzeko borroka eduki zuten gasteiztarren garaipenarekin 72-77. Lehenengo laurdenean etxekoak hobeto egon ziren 10 puntuko aldea lortuz baina, bigarren laurdenean kanpokoak emaitzari buelta ematea lortu zuten atsedenaldira berdinketarekin iritsiz. Bigarren zatian dena oso parekatuta egon zen eta, arabarrak, garaipen bikaina lortu zuten 4º postuko berdinketa hirukoitzarekin jarraitzeko.

Izan ere SAN PRUDENCIO-k irabazi egin zuen ERROIBIDE IRUN-en etxean 59-70, 4.en garaipen jarraia lortuz eta denboraldiko azken txanpara forma oso onean iritsiz. Gipuzkoarrak aldiz azkeneko postuan jarraitzen dute eta nahiz eta oraindik maila mantentzeko aukerekin egon, oso zaila edukiko dute ikusita batez ere zein den geratzen zaien egutegia.

Berdinketa hirukoitz horretan jarraitzen duen beste taldea LOIOLA INDAUTXU da AXA AMURRIO A-ren etxean 72-81 irabazi eta gero. Hala ere ez zen partidu erraza izan arabarrak gehiago izan baitziren lehenengo zatian atsedenaldira 9 puntuko abantailarekin joanez. Orduan izan zen bilbotarrak esnatu zirenean eta sekulako hirugarren laurden bati esker emaitzari buelta eman zioten irabazten bukatzeko.

Azkenik, HOTEL GRAN BILBAO SANTUTXU-k garaipen garrantzitsua lortu zuen SORALUE BKE-ren aurka eta aurrera pauso haundia ematen dute maila mantentzeko. Partidua orokorrean oso estu egon zen atsedenaldira berdinketarekin iritsiz eta hortik aurrera gorabehera askorekin. Azkenean eta hirugarren laurdenean lorturiko abantail txikiari esker, bizkaitarrak irabazi zuten 71-67.

SAILKAPENA:

 

NESKEN LEHENENGO MAILA

Jardunaldia larunbat arratsaldean hasi zen ABN eta ZORNOTZA ST-ren artean, bizkaitarren garaipenarekin 57-75. Partidua orokorrean nahiko parekatuta egon zen non kanpokoak pixkanaka aldea zabaltzen joan ziren azken laurdenean partidua haustea lortu zuten arte. Etxeko taldeak duintasunez borrokatu zuen une oro baina azken laurdenera indarrik gabe iritsi ziren. Funtsezko garaipena Zornotzakoak lortu zutena maila mantentzeko helburuarekin.

LA SALLE VERSIA-k bere partetik AFILADOS GASTEIZ ARABA-ren gainetik pasa zen une oro errtimo haundiarekin jolastuz. Talde arabarra denboraldi zail eta gogor baten ostean, hurrengo urtean bigarren mailan egongo da, 5 jardunaldiren faltan ezinezkoa duelako maila mantentzea. Bilbotarrak aldiz Final 4-era sailkatzeko garaipen batera daude eta, datorrena kontuan edukita, aukera askorekin daude sailkatzeko.

NAVARRO VILLOSLADA eta MESPLET TRUCKS UNIBASKET-en artean, errioxarrak garaipen garrantzitsua lortu zuten 66-74. Partidu oso gorabeheratsua izan zen kanpokoen hasiera hobe batekin baina, hortik aurrera, naparren nagusitasunarekin, azken laurdenera 2 gora sartuz. Bertan, Logroñokoak gehiago izan ziren eta garaipena etxera eramatea lortu zuten.

Igandean, jardunaldiko ezustekoa eman zen ASKARTZA CLARET-ren garaipenarekin IBAETA BASKET EASO-ren aurrean. Donostiarrak hobeto hasi ziren baina, etxekoak ez zuten inoiz etsi eta azken laurdenean finago egon ziren partidua 67-57 irabaziz. Garaipen bikaina lortu zuten bizkaitarrak aurrera pauso haundia emanez maila mantentzeko ilusioarekin. Kanpokoak aldiz liderraren estela galtzen dute eta oso zail jartzen zaie lehenengo izateko.

LOINTEK GERNIKA-k ere funtsezko garaipena lortu zuten, porroten dinamika txarrari amaiera emanez eta jetsiera postuetatik erabat aldentzeko. TABIRAKO BAQUE-ri irabazi zioten 57-51, baina emaitzari buelta emanez izan ere, Durangoarrak hasiera itzela eduki zuten eta atsedenaldira 3 gora joan ziren. Hortik aurrera, gernikarrak gehiago izan ziren eta kostata baino, garaipena lortu zuten.

ARASKI eta SAN IGNACIO PREMO-ren artean, gasteiztarrak hasieratik aurretik jarri ziren eta hirugarren laurden sendo bati esker, partidua haustea lortu zuten eta 20.en garaipena gehitu zuten. Hala ere, naparrek bukaeraino borrokatu zuten eta azken laurdenean partiduaren kontrola hartu zuten emaitzari buelta ematea lortu gabe. 73-65 eta berdekoak mailako txapeldun izateko gertugo.

Amaitzeko, MONDRAGON UNIBERTSITATEA eta LOIOLA INDAUTXU-k jardunaldiko partidua jolastu zuten, bilbotarren garaipenarekin 51-59. Partidu zirraragarria izan zen Final 4-eko azken bi postuak betetzen dituzten bi taldeen artean. Sekulako hartu-emana eta gero, azken laurdenera berdinketarekin iritsi ziren eta bertan, kanpokoak oso fin egon ziren batez ere Nerea Vazquez-en saskibaloi errezitalari esker, garaipena bilbora eramanez.

SAILKAPENA:

 

MUTILEN LEHENENGO MAILA

Lehenengo hiru sailkatuak ez dute barkatzen eta lidergotza sutan jarraitzen du.

Lehenik eta behin LOIOLA INDAUTXU-k LA SALLE VERSIA-ri irabazi zion bilbotar derbi batean non, lehen laurden parekatsu baten ostean, bigarren zatian etxekoak partidua haustea lortu zuten. Hortik aurrera, bigarren zati estua egon zen baina, Jesuitas Ikastolakoak, emaitza kontrolpean eraman zuten 75-57 irabaziz. La Salle-koak adi egon behar dira izan ere beheran dauden taldeak pixkanaka gerturatzen ari dira eta arazoetan sar daitezke.

TABIRAKO BAQUE-k ere ATLETICO SAN SEBASTIAN baino gehiago izan zen eta 83-57 irabazi zuten. Hasieratik jokoaren kontrola edukiz, hirugarren laurdenean lortu zuten partidua haustea eta 11.ena jarraian gehitzen dute. Donostiarrak ez ziren fin egon eta ezin izan zioten aurre egin momentu oso onean dagoen talde bizkaitarrari.

MEGACALZADO ARDOI-k bere partetik kostata atera zuen bere partidua beti ondo lehiatzen duen ULACIA ZKE-ren aurka, 90-82. Partidu bikaina egin zuten bi taldeek batez ere erasoan eta ez zen erabaki azken laurdenera arte. Bertan etxekoak hasiera itzela egin zuten 16 gora jartzera lortuz baina, zarauztarrek ez zuten etsi eta azken bi minutu eraginkorrei esker, emaitza apaintzea lortu zuten.

Igoera lortzeko beste gelditzen den beste taldea VALLE DE EGÜES da, GOIERRI ALMACENES USABIAGA-ren etxean irabazi eta gero 68-101. Hasieratik gehiago izan zen talde naparra eta nahiz eta gipuzkoarrak momentu askotan partiduan egon, azkenean bailarakoak nagusi izan ziren. Urretxuarrak ia ezinezkoa dute maila mantentzea baina ez dute etsiko azken momentura arte.

Bestalde, MONDRAGON UNIBERTSITATEA-k garaipen garrantzitsua lortu zuen LEIOA SBT-ren aurka 79-69. Pixkanaka nahi zuten partidua eraikitzen joan ziren David Peña-ren mutilak azken laurdenera 11 puntuko aldearekin iritsiz eta emaitza hori bikain kudeatuz. Bizkaitarrak aukera ederra galdu zuten aurrera pauso bat emateko eta oraindik maila mantentzeko borrokatzen jarraitu beharko dute.

CABARRI GALVANIZADOS UNAMUNO-k ere funtsezko garaipena lortu zuen AISLA ARMETI IBAIZABAL-en aurka 78-73. Bigarren zatian eman zuten aurrera pauso bat bilbotarrek eta azken 5 partiduetatik 3 irabaziz, sentsazioak berreskuratzen doaz denboraldiko azken txapari gogor aurre egiteko. Galdakaokoak bere kontran, 3.en porrot jarraia gehitu dute eta nahiz eta Final 4-eko azken postuan mantendu, ezin dira oharkabetu.

Bukatzeko, NAVASKET-ek EKOGAR GEOTERMIA URGATZI-ren etxean irabazi zuen infartuzko partidu batean, 60-63. Sekulako hasiera eduki zuten naparrak 5 hiruko sartuz lehenengo laurdenean baina, 10-0eko partzial batekin, gasteiztarrak partiduan sartu ziren. Hortik aurrera lehia itzela izan zen bien artean partiduko azken minutura berdinketarekin iritsiz eta orduan, segundu gutxiren faltan, Mikel Ducun-ek hirukoa sartu zuen partidua epaitzeko.

SAILKAPENA: