Ez zen posible izan bigarren garaipena gehitzea Portugal U21 selekzioaren aurka.

Tolosako garaipena alde batera utzita gogo askorekin egin zieten aurre gure euskaldun gazteak Portugaldarren kontrako bigarren neurketari Durangon.

Hasiera oso parekatsua izan zen non bi taldeek lidergotza aldaketa ugari izan zituzten 15-14ko emaitzarekin iritsiz lehen laurdeneko azkeneko bi minutuetara. Bertan Portugaleko taldeak bi hiruko sartu zituen aurretik jarriz markagailuan eta lehenengo laurdena 17-20 amaitu zen.

Bigarren laurden hasiera oso antzekoa izan zen non bi taldeek hartu-eman itzela mantendu zuten 30-28ko emaitzarekin itxiz laurdeneko lehen 8 minutuak. Hortik aurrera arerioak 0-7ko partzial bat lortu zuen 30-35 amaituz lehenengo zatia.

Bigarren zatira euskaldunak oso ondo sartu ziren 6-0ko partzial bat lortuz lehenengo 3 minutuetan baina Joao Tiagoren hutsartetik bueltan portugaleko jokalariak jaun eta jabe egin ziren 9-24ko partzial batekin amaituz laurdena (45-61).

Nahiz eta emaitza oso kontran izan, gure mutilek borrokatzen jarraitu zuten eta egoerari buelta ematea lortu zuten 11-0eko partzial batekin hasiz azkeneko laurdena. Portugalek hortik aurrera burua hotz mantendu zuen eta tira-bira bizi baten ondoren partidua 69-76 amaitu zen.

Nahiz eta bigarren garaipena ez eskuratu, Euskadik erakutsi du gai dela mundu mailan lehiatzeko.

ZORIONAK MUTILAK!!