Lointek Gernikak denboraldi bikain bati amaiera ezin hobea eman dio, Junior Nesken Final Four-a irabazita. Horretarako, finalerdietan nagusitu eta finalean Easo Ibaeta Basket Oriamendi gainditu du, denboraldian zehar izan duen aurkari nagusia.

Zuhaitz Gonzálezek zuzentzen duen taldeak, horrela, bere nagusitasuna berretsi du, liga erregularra ere lehen postuan amaitu ondoren.

“Taldearen balorazioa oso positiboa”

Txapelketa eskuratu ostean, Zuhaitzek asteburu osoko talde-lana azpimarratu zuen:

“Balorazioa oso positiboa da; egunerokoan oso ondo lan egiten duen taldea da, eta azken aste honetan ere ez zen gutxiago izango.”

Entrenatzaileak onartu zuen taldeak une zailak gainditu behar izan zituela:

“Finalerdietan kosta egin zitzaigun partidan sartzea, baina gero gai izan ginen urduritasuna kentzeko eta urte osoan erakutsi dugun joko maila agertzeko.”

Finalean, berriz, taldeak hasieratik beste aurpegi bat erakutsi zuen:

“Hasieratik ondo sartu ginen, jokoan beherakada txikiren batekin, baina berriro engantxatzeko eta aurrera ateratzeko gai izan ginen.”

Gakoa: mentalitatea eta joko-erritmoa

Easoren aurkako final lehiatuan, entrenatzailea argi mintzatu zen gakoei buruz:

“Mentalki oso sendo egotea, baina baita joko-erritmo oso altua, intentsitatea eta defentsako lana proposatzea ere.”

Jarraitutasunean oinarritutako denboraldia

Titulua ez da kasualitatea izan. Gernikak denboraldi osoan zehar erakutsi du bere sendotasuna, liga erregularra lider amaituz.

Zuhaitzentzat, arrakastaren azalpena argia da:

“Dudarik gabe, mentalitatea eta eguneroko lanaren etika.”

Une zailenetan ere, taldeak konfiantza mantendu zuen:

“Kaltea egin ziguten porrot batzuk izan arren, sinesten genuen eguneroko lanak sari handia ekarriko zigula.”

Final Four batean presioa kudeatzea

Formatu trinkoak prestaketa mentala ere eskatzen du. Horretan, entrenatzaileak normaltasunaren alde egin zuen:

“Astea normaltasunez biziz, eguneroko lan-errutinak apurtu gabe eta urduritasunik sortu gabe.”

Etorkizuna duen taldea

Emaitzatik harago, entrenatzaileak taldearen hazkundea nabarmendu zuen:

“Dudarik gabe, duten mentalitatearekin geratzen naiz, inoiz amore ematen ez dutelako.”

Eta etorkizunari baikor begiratzen dio:

“Esperientzia honek talde-lanean, lidergoan, diziplinan eta batez ere erresilientzian aberastuko ditu.”